Feminista ezezagunei
Emakumeok bozkatzeko eskubidea genuela aldarrikatu zutenak izan ziren benetako aitzindariak
Joan zaigu martxoaren zortzia eta une aproposa izan daiteke data zertan bilakatu zaigun, zertan bilakatu dugun aztertzeko. Abiapuntua, mende erdi atzera jo ezkero, aise zehaztu daiteke: ezerezetik gatoz, data horrek ez zuen orduan ezer esan nahi. Ondoren, apurka, data seinalatua bihurtu da eta ez bakarrik emakumeontzat.
Politikariak eta gobernatzen gaituzten erakundeak jarri dira lehen planoan baina, hortik kanpo ere, era guztietako omenaldiak ikusi ditugu. Noski, festa giroko manifestazio ugariak, bailara guztietan eta, horiekin batera, nabarmen ugaldu dira ere esparru pribatuan egun horretan edo ingurukoetan, adiskideen arteko afariak, edo lankideen artekoak, bulegoko neskak, dendako neskak … Emakume koadrilatxoak ikusi dira jatetxe eta tabernetan, duela mende erdi emakume jostun koadrilak ikusten ziren bezalaxe.
Folklore oso bat gauzatzen ari gara martxoaren 8aren inguruan eta harrigarria iruditzen zait nola ez diren giro horretan, oraindik, opariak sartzen. Amaren egunean, maiteminduen egunean, aitaren egunean opariak ezinbesteko dira, baina emakumeon egunean gehienez jota lore sorta bat omenaldia azpimarratzeko. Oraindik.
Omenaldien artean deigarria iruditu zait nola gauzatzen den gaur eta hemen aitzindarien kontua. Zalantzarik gabe, gizon eta emakumeon berdintasun eskubidearen esparruan ere aitzindariak egon dira. Edonon aipatu dira egunotan bidea zabaldu ziguten amak, amonak, izebak, kanpaina osoak garatu dira idea horrekin.
Noski, nork nahi duena omendu dezake baina feminismoa ez da, soilik, emakume bakar baten ahalduntzea. Feminismoak eskatzen du ahalduntze hori emakume guztietara zabaltzeko ahalegina. Gaur mundu bazter honetan emakume guztiok gozatzen ditugun eskubideak ez zaizkigu heldu bakarkako opari gisa, nire amak esan zidan, nire izebak irakatsi zidan, aitzindari haiek abiatutako talde lanari esker baizik.
Gutxi batzuk izan ziren emakumeok ere bozkatzeko eskubidea genuela aldarrikatu zutenak eta emakumeon gehiengo zabalari berezkoa iruditzen zitzaion eskubide hori gizonen abantaila izatea. Horiek izan ziren benetako aitzindariak. Nire esku balego, herri guztietan sortuko litzake oroitarri bat feminista ezezagunaren ohoretan.
Horien atzetik etorri ziren gure ama eta amonak. Horiei esker abiatu zen orain bultzatzen gaituen olatua. Esker txarrekoak ginateke hori gogoratuko ez bagenu.