Edozein ohitura bigarren edo hirugarren aldiz errepikatzen denetik tradizio bilakatzeko irrika dugulako, tradizionalak omen dira batxilergoa bukatu ondoren egiten diren bidaiak. Tradizio dira ere ezkondu ondorengo bidaiak, eztia darien bidai horiek. Tradizio ezkongabetasunari adio esateko festa gero eta zoroagoak, tradizio dibortzioa ospatzeko festak, haur bati jaio aurretik egindako ongietorria.
Publicidad
Eta hor joan dira, penintsularen bazter guztietatik,ehunka gazte Mallorcara, adin txikiko izaten uzteko zorian, zaindaririk gabe, berdinen arteko antolakuntza baten bidez, gehienetan agentziaren bat tarteko dagoela. Bagoaz askatasunaren bila. Atera ziren etxetik gurasoen onespenarekin, onespen horren atzean beldurren bat eta hamaika aholku bazeuden ere. Hasi dira habia uzten, esan dute guraso batzuk ahasperen triste batez.
Gazte horiek urte osoa pasa dute ezkutaketara jolasten ikastetxean, muxukoa soinean, leihoak zabalik, eskuak garbi, talde lanak murriztuta, ohiko parrandak egin ezinik. Eta, azkenean, helduen zaintzarik gabe daudenean, etxetik urrun, Covidarekin egin dute topo, tupustean eta hasierako txundimendua gainditu bezain laster, askatasuna aldarrikatzen hasi dira, gaixotzeko eta gaixoarazteko askatasuna aldarrikatzen. Bahitu egin gaituzte.
Taldeak arrisku hori du, batek edo bik multzo osoa erakar dezaketela edonora, ia edozertara. Eta gurean, familia eragina galtzen hasten den unean lortzen du kuadrillak ahalmen hori. Lagun talderik gabeko gaztea ia familiarik gabekoa bezain umezurtz de gurean, artaldetik kanpo dago.
Askatasuna aldarrikatzen dute, duela gutxi Madrilgo hauteskundeak irabazi zituenak egin zuen bezalaxe. Askatasuna. Zer da gazte horientzat askatasuna? Hotel batean daude, ez dute zalantzarik jatekoari edo lo egiteari buruz, lagunartean daude eta ostatu ematen dien herrian eta etxean antzeko legeak daude, ez daude atzerrian Baina etxetik atera zirenean libre eta autonomo sentitzen baziren ere, orain gurasoengana itzuli nahi dute.
Publicidad
Eta guraso horiek ere hori nahi dute, gazteak etxean nahi dituzte, gaixo edo sano, baina etxean eta uko egiten diote osasun sistemaren seme-alabenganako autoritateari. Arrapaladan jo dute abokatuengana, epaitegietara, hedabideetara. Seme-alabak gureak dira, ez estatuarenak. Eta honezkero lortu dute helburua, etxean dituzte, bidean hamaika kutsatu ondoren.
Etxetik kanpo, salbabiderik ez.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión