Las diez noticias clave de la jornada

Erreusak

Bai horixe ·

Gaur, postmodernitatean, modernitatearen harira jarraitzen dugu: erreusak erraz sortzen eta nekez kudeatzen

Noizbait asmatu nuen izena jartzen abuztuko azken egunei: egun erreusak. Urtero, egun hauek iristean, halako doinu etsia sumatu ohi diet udatiarren hizketei. Badirudi, behin Andremariak pasata, behera datozela oporrak, abailtzen doala uda, ahitzen jai-egunak..., eta oporretako azken egunek ez dutela ezer askorik balio, eta horien beherakadarekin batera beheraka joan behar duela denon animoak ere.

Publicidad

Ez zidan amorrazio txikia ematen horrek guztiak, lanera joaten nintzenean. Eta oraindik ere ez dit onik egiten. Zergatik muzin egin oporretako azken egunei, erreusak balira bezala?

Goierrin ikasi nuen 'erreus' hitza ere. Beti adibide bera aditzen nuen. Txerrikumeak jaiotzen zirenean, beti izaten zirela tartean txerrikume erreusak, eskasak, besteak baino ahulagoak, eta lanak izaten zituztela aurrera ateratzen.

Idatzita, berriz, gaztelaniaz ikusi nuen lehenengo aldiz idatzita, Humbelino Ayaperen 'Las tardes de la Bardena' kontaketa ederrean. Honela dio Humbelinok, zertaz eta gaztetako txerrikume batez ari dela: «Un rehús que llamamos; pequeñico. Era de la misma manada que los otros, pero estaba arguellado. O sea, era un arguello; una cosa que no vale para nada».

Eta bai Gipuzkoako Goierrin eta bai Nafarroako Bardeetan, arreta bereziaz zainduko zituen baserritarrak txerri erreusak, eta harentzat izango zituen otorduetako erreusik onenak. Lehen, nonbait, ez zeuden elkarrengandik hain urruti Goierri eta Bardeak. Abeltzaintza-giroko oihartzunak eta irudiak. Aspaldiko kontuak.

Gaur, postmodernitatean, modernitatearen harira jarraitzen dugu: erreusak erraz sortzen eta nekez kudeatzen. Zaborrontzira ateratzen ditugu otorduetako erreusak, 'organikoa' izena duen zaborrontzira. Oraindik aprobetxatzekotan. Dena ez da erretzen. Aldamenean dago 'errefusa' izeneko zaborrontzia; f etimologiko eta guzti.

Publicidad

Baina gaur, su ematen diegu mendiei. Eta ateak ixten dizkiegu migranteei, zaborrontzi bihurtu ondoren ibaiak eta itsasoak. Ia dena erreus eta errauts bihurtu behar honetan, ez da harritzekoa erreus bihurtu izana oporretako azken egunak ere, eta halako doinu etsia sumatzea gehienon hizketei.

Kontu hauek etorri zitzaizkidan gogora lehengoan, ETBn Erramun Martikorena kantari entzuten ari nintzela. Halako ukitu tristea zuten haren kantek. Ukitu tristea, baina ez etsia. Eta harekin jarraitu nuen kantari.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad