Borrar

Erantzi

Bai horixe ·

Akatsak apenas izango zukeen garrantzirik, baldin eta gauzarik txikienekin erantzukizunez jokatzea aldarrikatu izan ez banu

Osteguna, 25 otsaila 2021, 07:08

Comenta

Akats antologikoa, ezin biribilagoa, itzuri zitzaidan gaur zortziko zutabean, toki honetantxe. Aldi berean, akats amorragarria eta polita, nondik begiratzen zaion. Dena den, inork ez dit ezer esan, eta ez dakit zer pentsatu. Usteko duzue, agian, propio eta berariaz egin nuela akatsa. Baina ez. Itzuri egin zitzaidan. Hori bai, leku ezin aproposagoan.

Zutabea eraikitzeko, Gandhiren hitz batzuk hartu nituen oinarri, gaurko egoeraren argigarri direlakoan: «Gaur egun, gizaki bakoitzak bere burua iluminatutzat jotzeko eskubidea aldarrikatzen du, baina ez du diziplinarik txikiena ere onartzen». Eta diziplinarena ilustratzeko-edo, Indiako ipuin bat baliatu nuen. Honelaxe itzuli eta egokitu nuen, akats potolo eta guzti:

Monje bat, bere maisu zaharra utzita, argi gehiagoren bila joan omen zen beste maisu batengana, konbentzituta zegoen-eta maisu zahar harekin ez zuela gehiago ikasiko. Handik urte ba-tzuetara, hor itzuli da monjea maisu zaharrari bisita egitera eta iluminazioa lortu duela esatera. Sandaliak erantsi eta sartu da maisuaren bordara. Honek agurtu du monjea, entzun ditu pazientzia osoz hark esandakoak, eta hor galdetu dio: ea nora begira utzi dituen sandaliak sarreran. Ikasle ohiak ez zuen erantzuten jakin. «Orduan, ez duzu ezer lortu», esan omen zion maisu zahar bezain zuhurrak.

Akatsak apenas izango zukeen garrantzirik, baldin eta ipuinaren beste lekuren batean egin izan banu eta zutabea ez banu 'Sandaliak' izenburuaz bataiatu eta, batez ere, gauzarik txikienekin erantzukizunez jokatzea aldarrikatu izan ez banu, iluminazioak alde batera utzita. Baina akatsa hantxe zegoen, monjeak sandaliak erantsi zituela esanez. Letra baten gorabehera izango da, baina alde ederra dago, alde ederra dagoenez, 'sandaliak erantsi' eta 'sandaliak erantzi' bikoteen esanahien artean!

Akats amorragarriagorik! Zutabea egunkarira bidali baino lehen, bost aldiz irakurriko nuen akatsik txikienaren bila eta, hala ere, huts.

Eta, aldi berean, akats politagorik! Zutabea idatzi gauzarik txikienaren garrantzia azpimarratzeko eta, hain zuzen, akatsik biribilena itzuri non eta justu gehien nabarmendu daitekeen lekuan. Ezta propio eginda ere, zutabegile iluminatuokin argi ibiltzeko esanez.

Akatsak akats eta iluminazioak iluminazio, ahalik eta txukunen segitu beharko dugu gaurko egoerari aurre egiten.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Erantzi