Las diez noticias clave de la jornada

Emakumeon beldurra

Bai horixe ·

Seaskatik ikasten dugu emakumeok beldurra, zama horrekin bizi gara

Datuak ehunekotan ematen direnean bi eratara begira daitezke, arreta gehiengora bilduz edo hortik kanpo gelditzen denera. Egunotan jakinarazi digu Eustatek, emakumeon artean ehuneko berrogeita hamabostak seguru sentitzen duela bere burua bizileku duen inguruko kaleetan bakarka ibiltzerakoan. Horrek esan nahi du ia erdiak segurtasun falta sumatzen duela egoera horretan. Alegia, beldurren bat nabaritzen duela bere auzoan ere. Iruditzen zait beldur hori batez ere gauez zabalduko dela, baina ez dut xehetasun hori aurkitu Eustaten txostenaren berri eman duten notizietan.

Publicidad

Gizonen kasuan, berriz, bizileku duten auzoan bakarka ibiltzerakoan seguru sentitzen direnen kopurua ehuneko laurogeita laukoa da. Beraz, ataka horretan beldurren bat sumatzen duten gizonen kopurua ehuneko hamabostekoa da. Hori bai, beldur horrek, batez ere emakumeon kasuan, gora egin du azken urteotan, zehazki, hamar puntu bost urtetan.

Emakumeon erdia beldur da, are etxe inguruan, zeresanik ez leku arrotzetan. Kopurua izugarrizkoa da, baina, halere, datuak ez du errealitate osoa islatzen. Egoera horretan dagoen emakume askoren kasuan, beldur hori zabaldu egiten da, inguruari ere eragiten dio. Emakume bakoitzarekin batera beldur dira haren gurasoak, haren bikotekidea, seme-alabak edo aitona-amonak. Bi norabidetan eragiten du beldur horrek.

Seaskatik irakasten zaigu emakumeoi beldurra, zama horrekin egiten gara gazte, heldu, zahar. Zahartzarotik esan dezaket beldur hori ez dela sekula desagertzen, inguruan ditudan emakume askok kontatzen didanari kasu eginez behintzat. Gehienez jota ere itxuraldatu egiten da. Desagertu, ordea, ez, zahar batek sentitzen duen ahulezia lagun.

Gogoan dut adiskide batek ez hain aspaldian kontatu zidana. Irten zen gizona gauez etxetik, ia ordu txikitan, alaba parrandatik etxera bakarka itzul ez zedin eta alabaren bila zihoala, ikusi zuen aurrean zituen bi neska tarteka atzera begira, beldurrez, burua jiratuz. Adiskideak esan zidan neska haiengan beldurra sumatu zuela eta ez zekiela nola adierazi bera ez zela beldurgarria, alderantziz, alabaren eta atzera begira zebiltzan nesken beldurrarekin bat egiten zuela.

Publicidad

Ez egin hau, ez egin hura, kontuz ibili, ez fidatu, eraman beti sakelakoa eskura, mugi zaitez taldean, sekula ez bakarka, ez egin borrokarik beldurraren kontra, beldur horrek salbatuko zaituelako.

Eta, halere, askotan benetako arriskua etxean dago, ez kalean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad