Las diez noticias clave de la jornada

Cagancho

BAI HORIXE ·

Gehiegi eskatzea ote da lau bertsolari torero azal daitezela aurtengo txapelketan? Niri kontuak ateratzen zaizkit

Joan den astean zetorren egunkari honetan: «Belaunaldi berri bati irekiko dizkio ateak irailean hasiko den Txapelketa Nagusiak». Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaz ari zen. Izenburuaren azpian zetozen zenbait xehetasun. Besteak beste, 40 bertsolarik eman dutela izena –15 emakumezkok eta 25 gizonezkok– eta horiei Arabako ordezkariak erantsiko zaizkiela.

Publicidad

Niri, oraindik orain irakurritako pasadizo bat etorri zitzaidan gogora. Antonio Arrue euskaltzain asteasuarrak baliatu zuen, Basarrirekin eztabaida sutsuan. Zorioneko eztabaidak! 'La Voz de España' egunkarian azaldu zen Arrueren gutuna, 1965eko urtarrilaren 8an. Bi torero ditu pasadizoak protagonista, biak XX. mendearen azken aldean hilak. Bata, Cagancho, ijito andaluza –Joaquín Rodríguez, berezko izen-deituraz–; bestea, Domingo Ortega gaztelaua.

Egun batean, hor galdetu diote Caganchori: ea zer iritzi zuen Domingoz Ortegaz. Eta andaluzak, pixka bat pentsatu ondoren, erantzun: «De Despeñaperros para arriba no se torea: se trabaja».

Arruek ez zuen askorik behar izan pasadizoaren urak bere errotara eramateko. Alegia, horixe berbera gertatzen dela bertsolariekin ere. Batzuek «toreatu» egiten dutela; eta beste batzuek, «lan besterik ez». Eta bertsotan «torea-tzea» zer den azaltzeko, orduko lau bertsolari aipatzen ditu adibidetzat: Uztapide, Lazkao Txiki, Mattin eta Narbarte. Nabarmen ikusi omen zen orduantxe, urtarrilaren 1ean, Donostiako Anoeta Frontoian amaitu zen Bertsolari Txapelketan.

Ia 60 urte geroago zer esan? Agian, gehiegi eskatzea izango da lau bertsolari torero azal daitezela aurtengo txapelketan. Baina gehiegi eskatzea ote? Niri behintzat kontuak ateratzen zaizkit; kontu paritarioak: bi emakumezko eta bi gizonezko.

Ez naiz inori presioa sartzen ari. Alderantziz. Lazkao Txikik, Mattinek eta Narbartek ez zuten inoiz Euskal Herriko Txapelketa Nagusirik irabazi. Gainera, dena ez dago bertsolarien esku. Gai-jartzaileek ere zeresan handia dute, zeresan handia dutenez.

Publicidad

Ausartzen den bertsolari artistari ez zaio entzulearen txalo-zaparradarik faltako txapelketan zehar; are gutxiago, finalean. Eta plaza-eskaintzak barra-barra izango ditu gero, txapelketaren ostean.

Bide batez, bi hitz: berez, txori bati –zoragarri kantatzen duen txori bati– Huelvan ematen zaion izena omen da cagancho; beraz, zergatik hegoak ebaki txoriari?

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad