Bakaziotatik bueltan

Denbora baino lehen eten behar izan ditut bakazioak. Anaiaren heriotzak etorrarazi gaitu

Rufino Iraola
RUFINO IRAOLA

Bakaziotan izan naiz. Betiko lekuan. Herriko plaza bezain ondo ezagutzen dut hotelaren ingurumaria, nahiz eta obrek, aurten, asko desitxuratu. Gauzek antzera jarraitzen dute: egun jakin batzuetan, 'overbooking' jangela. Buffetak ez dauka aitzakiarik. Geuk dauzkagu orain aitzakiak eta koaitak. Ez gara lehengoak, ez ibilian eta ez jan-edanean. Han daude betiko tokiak eta ibilbideak: aurten ez ditut bisitatu. Itsasertzean ibiltzearekin konformatu naiz, eta duela bi urte baino 10 minutu gehiago behar izan ditut luzera berdina egiten. Beherakada nabaritu dut. Masajistaren eskuetan ipini dut gorputza, ea horrela, eta eguzkiaren laguntzaz, hezurrok apur bat bigundu eta tendoiak pixka bat libratzen diren.

Hezurrak eta tendoiak ez lirateke problema, beldurrarekin lotuak ez baleude. Alai gaudenean, tristatzeko beldur; osasunez ondo gabiltzanean, gaixotzeko beldur; lortutakoa galtzeko beldur, zahartzeko beldur... hiltzeko beldur.

Denbora baino lehen eten behar izan ditut bakazioak. Anaiaren heriotzak etorrarazi gaitu. Horren beldur ere baginen, nahiz eta notizia hain hurbil egon zitekeenik ez pentsatu. Familiak bertso hau ipini zion eskelan: «Biziak hartzen ditu hainbeste bat forma, / bakoitzari emanik komeni den arma: / hiretzat gorde zian bertsoaren mana, / zoriontsu izatea, horixe da dana». Hain zuzen, ez dago beste obligaziorik munduan, besteak ere zoriontsu egiten saiatzea ez bada. Patxi horretan saiatu zen, bertsoaren bitartez, bizitza osoan.

Hurrengoa neure bertsoa da, Patxirekin eta umetako oroitzapenekin lotua: «Mutil koxkor bi apatx jarririk bere bi belaun gainetan, / bertso kantari jarduten zuen karrerako eskaileretan... / Hi, Sebastian, ni bezalaxe oroituko haiz horretan... / gu horrelaxe haziak gara anaiaren besoetan, / joan denean oroitu gara zer galdu dugun, benetan».

Heriotzari beldur izateko denborarik gabe joan da, baina ez zuen izaten heriotza aipatzeko ere beldurrik. Ondoko arreba, etxeko anaiak eta kanpoko emakumezkoak eta inguruko iloba eta abarrek ondo zaindu dute. Ondoan anparoa denean, beldurrari begietara begiratzeak ez du beldurrik ematen, eta ziztuan aldentzen da. Gainera, beldur garela onartzen badugu, bajatuta egonda ere, hobeto funtzionatzen dugu, gure begiek ikus dezaketela oraindik zeru urdina, gure belarriek entzun dezaketela oraindik maite ditugunen ahotsa, jardun gaitezke kontu-kontari irriz, eta bertso batekin amaitu bizia, Patxik egin zuen eran.