Akelarre honetan
BAI HORIXE ·
Txertoa sortzean eta jartzean, ez al darabiltzagu,hain oker, gaitza ekarri duten gai berberak?Egunen batean, teknikaz konkistatu eta ekonomiaz esplotatuko dugu Lurreko bazterrik urrunena ere. Orduan, gertatu ahala izango dugu edozein gertaeraren berri, noiznahi eta nonahi geratzen dela ere. Aldi berean bizi ahal izango ditugu Fran-tziako Erregeak izandako atentatua eta Tokioko kontzertu sinfonikoa. Orduan, herri guztiek galdua izango dute denboraren eta historiaren zentzua. Egunen batean, boxeolari bat izango da nazio bateko agintari...
Ez dira nire hitzak. Ezta gaurkoak ere, nahiz eta gaur-gaurkoak ematen duten. Heidegger filosofo alemaniarrak idatzi zituen 1935ean. Nik, nola edo hala aldatu ditut hona, erabat egokitu gabe. Zeure esku, irakurle, Fran-tzia eta Tokio izenak ordezkatzea. Baita boxeolariari-edo izena jartzea ere.
Baina pasartea ez da hor amaitzen. Profezia hori egin ondoren, honela zioen filosofoak: «Orduan, justu orduan, akelarre hau guztia zeharkatuko dute, fantasmak bezala, zertarako?, norantz?, eta gero zer? galderek». Azken zati hau ahalik txukunen itzultzen saiatu naiz, gure 'akelarre' ere arretaz zainduz.
Bete-betean asmatu zuen Heidegerrek. Ordurako, agintean zen Hitler. Handik lau urtera sutuko zuen Bigarren Mundu Gerra. Gero, gerra izugarri hura bukatuta ere, Lurra esplota-tzen jarraitu dugu, azken muturreraino, teknika eta ekonomia gupidarik gabe baliatuz.
Dena esan behar da, ordea. Ezin argiago ikusi zuen Heideggerrek zer zetorren, baina bera ere nazismoaren sareetan erori zen; ez zen gauza izan hari aurre egiteko. Argi ikusteak ez du ziurtatzen, nonbait, argi jokatzea. Argi ikustea ez da nahikoa txerto.
Gaur egun, filosofoaren hitzek ez dute, hala ere, duela laurogeita sei urte zuten indarrik galdu. Orduan bezain ozen jarraitzen dute gaurko egoera salatzen eta zer datorkigun iragartzen.
Badatoz txertoak, uste baino traketsago bada ere. Eta egoera puntual honetatik ere irtengo gara, nola edo hala. Eta justu orduan, akelarre hau guztia zeharkatuko dute berriro galderek. Txertoa sortzean eta jartzean, ez al darabiltzagu, hain oker, gaitza ekarri duten gai berberak –teknika eta ekonomia itsu hutsak–, zertarako eta etengabe jarrai dezagun akelarre honetan?
Ados. Argi ikustea ez da nahikoa txerto izango. Baina txertoa bera ere motz geratuko da, ez badugu ikusten akelarre hau nondik datorkigun eta nora garamatzan. Adibidez, Dubain txertatzera oporretan 50.000 eurogatik.