Gasteiz izango dute aurkari oiartzuarrek Euskal Herriko Herriarteko aurrefinalean
Irabaziz gero, hilaren 24an izango litzateke final handia
EGIAR
Asteazkena, 6 uztaila 2022, 00:08
Ekainaren 25ean Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa irabaztea lortu zuen Oiartzunek, Azpeitiako taldeari 2-1 irabazi ostean. Pozez betetako arratsaldea izan zen herriarentzat, historian bigarrenez txapel hori janztea lortu baitzuten. Hala ere, ez da Oiartzungo taldeak aurten irabaz dezakeen sari bakarra, Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketa dago zain orain. Hurrengo igandean jokatu beharko du aurrefinala, Gasteizen aurka, Zumarragako Beloki pilotalekuan, goizeko 11:00etan.
Txapelketa horretan Gipuzkoako, Bizkaiako, Arabako eta Nafarroako garaileak lehiatzen dira; aurrefinala lehenik, eta partida horietako irabazleak elkarren aurka ondoren. Oiartzunen kasuan, Arabako txapeldun izan zen Gasteizen aurka jokatzea egokitu zitzaion herenegun arratsaldean egin zen zozketan. Beste aurrefinalean Markina-Xemein (Biz-kaia) eta Baztan (Nafarroa) lehiatuko dira.
Oiarpeko kideen aburuz, Oiartzun da finalera pasatzeko faboritoa. «Kadeteetan Euskal Herriko txapeldunak dira gureak, eta jubeniletan ere oso maila altua eman dezakegu. Seniorretan, aldiz, Gasteizekoak arrunt ongi aritzen dira, eta ez da batere erraza izango partida hori». Hala ere, argi dago Asier Retegi Oiartzabal hautzatzaileak kantxaratzen dituen pilotariek duten guztia eman beharko dutela finalerako txartela lortzeko. Garaipena lortuz gero, uztailaren 24an izango litzateke final handia, eta hori ere Zumarragako Beloki pilotalekuan izango da.
2013an ere aritu zen Oiartzun Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketan. Ordu hartan, aurrefinaletan Amurrio (Araba) kanporatu zuten herriko pilotariek, baina Zierbenan (Bizkaia) ospatu zen final handian 3-0 mingarri batekin galdu zuten, Iruñearen aurka.
Oiarpek Zumarragara joateko autobusa antolatuko duela adierazi du. Oiartzun gogor erantzun!