Ekitaldiz beteta dator aurten Iturriotz auzoko festetako programa
Bi urteko hutsunearen ostean, aurten ere berriro ospatuko dira Santiyuk hilaren azkeneko bi asteburuetan
EGIAR
Ostirala, 8 uztaila 2022, 00:15
Bi urtez Iturriotz auzoko Santiyuk bertan behera geratu eta gero, aurten berriro ere bueltan dira. Inoiz baino indartsuago itzultzeko, Iturriozko Jai Batzordeak programa oso mamitsua prestatu du. Guztira sei egun iraungo dute festek, bi asteburutan banatuta: uztailaren 23an, 24an, 25ean, 29an, 30ean eta 31n izango dira.
Uztailaren 23an eskulan tailerra eta truk txapelketa egingo dira. Hala ere, benetako festak Santiyo egun bezperan, uztailaren 24an, hasiko dira. Ohiko lertxunaren altxaera egingo da arratsaldeko 19:00etan. Horrekin batera, 2022ko ohorezko iturrioztarra nor izan den izendatuko da eta, txupinazoarekin, hasiera ofiziala emango zaie Santiyuei. Festak eztanda egin eta gero euskal dantzak izango dira eta buruhandiak auzoan zehar ibiliko dira, txistularien laguntzarekin. Ondoren, auzo afaria egingo dute eta mikrofonoa irekita egongo da oholtzara igo eta abestu nahi duen ororentzat.
Lehenengo asteburuarekin amaitzeko, uztailaren 25ean, goiz erestia, meza nagusia, auzoko argazki zaharren erakusketa, idi-dema, kronoeskalada eta musika emanaldia (Ane Badiola Ostolaiz, Joxe Leon Amigorena Kazabon eta Irati Odriozola Zugarramurdi) egongo dira.
Bigarren asteburua
Santiyuen bigarren asteburuan lehenengoan bezainbesteko dantza eta algara izango da. Uztailaren 29an, lehenik eta behin jubilatuei bazkaria izango da, eta arratsaldean zehar pilota partidak, auzoko argazki zaharren erakusketa, ur festa, txokolatada, pintxo-potea eta enkartelada izango dira. Ondoren afaltzeko aukera izango da Beheko Soroan eta gauen kontzertu bikainez gozatzeko aukera izango dute Iturrioztarrek: Gozo-gozo erromeria taldea hasteko, Los Zopilotes Txirriaus talde famatua ondoren, eta Dj Elizkoaiak gaua ixteko.
Hurrengo egunean (uztailaren 30ean) ere ekintza ugari izango dira auzoan. Bizikleta martxa eta zirku tailerra goizean, eta sagardo dastaketa zein dastaketako sari banaketa arratsaldean. Iluntzean, 'Luze edo motz' binakako banakarrizketa Mirari Martiarena Iraola eta Idoia Torregarai Martijaren eskutik, mozorro festa eta I. bertsolari afizionatu txapelketa izango dira.
Festetako azken egunean, uztailaren 31n, eguneko lehenengo orduetan goiz erestia, argazki zaharren erakusketa, tortilla txapelketa eta herri kirolak izango dira. Arratsaldean, berriz, gastelu puzgarriak eta dantzaldiaren hasiera izango dira. Afaltzen indarrak hartzeko geldialditxo bat egin eta gero, dantzaldiak jarraituko du, eta 23:00etan zezen suzkoa eta kalejira izango dira, festei behar bezalako amaiera emateko.
Iturriozko jai batzordeak adierazi du auzoan ez dela inolak eraso sexistarik onartuko.