Karmele Mitxelena oiartzuarrak Mikel Zarate haur literatura saria irabazi du
'Marrubizko uda' nobelari esker lortu du saria
EGIAR
Ostirala, 1 uztaila 2022, 00:04
Karmele Mitxelena Etxebeste oiartzuarrak idatzitako 'Marrubizko uda' nobelak irabazi du 2022ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. Oiartzungo idazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta liburua, berriz, Elkar argitaletxeak argitaratuko du. Orotara dozena bat lan lehiatu dira, eta horien artean Karmele Mitxelenak idatzitako eleberria hautatu dute. Epaimahaiaren arabera, 'Marrubizko uda' izeneko istorio honek «familia baten xelebrekeriak kontatzen dizkigu kanpin batean uda-pasa, umorez eta ironiaz blai».
Mikel Zarate haur literatura saria Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamabigarren ekitaldia izan da aurtengoa.