Herrialde askotako futbolariak Oiartzunen, Donosti Cup-i esker
Guztira 43 norgehiagoka jokatuko dira Karla Lekuonan aste honetan
EGIAR
oiartzun.
Osteguna, 7 uztaila 2022, 00:06
Donosti Cup futbol txapelketaren ezaugarri nagusietako bat da ez dela Donostian soilik jokatzen, inguruko eskualdeetako futbol zelaietan ere bai baizik. 50 futbol zelai ezberdinetan ari da ospatzen aurtengo ekitaldia. Orotara 18 herrialde ezberdinetako 754 talde eta 12.800 futbolari baino gehiago ari dira parte hartzen egunotan Donosti Cupen. Horrez gain, 2020an bertan behera geratu zen txapelketa eta iaz, 400 talde etorri baziren ere, murrizketa ugari izan ziren. Horrek denak are bereziagoa egiten du aurtengo edizioa.
Oiartzungo Karla Lekuonan ere partida ugari jokatu dira dagoeneko, eta modu berean jarraituko dute ostiral arte. Hizkuntza, kultura... ezberdinetako jende ugari elkartu da azken egunotan herrian. Besteak beste, Japoniako Okinawa EFA edo AEBko Albio Elite izan dira Oiartzunen. Estatu Espainiarretik ere hainbat talde etorri dira; Guadalajaratik, Madrildik, Aragoitik eta Murtziatik hain zuzen. Horrez gain, Kataluniako eta Euskal Herriko bertako hainbat talde ere gurean izan dira. Adibidez, Fontsanta-Fatjo CD, Añorga KKE edota Biarritz JA.
Gaur arte 26 norgehiagoka jokatu dira Karla Lekuonan, eta gaur eta bihar artean beste 17 ikusteko aukera izango da. Horien artean, B9 Champions League eta B12 Europa League multzoetako aurrefinalak. Bestalde, Oiartzun KEko maila askotako hainbat talde ere inguruko futbol zelaietan dabiltza Donosti Cup lehiatzen. Zorte ona izan dezatela.