Borrar
Zaloa Urain abeslaria. FÉLIX MORQUECHO

«Rol guztiak dira inportanteak, baina 'belarriprestak' ezinbestekoak dira»

Irakaslea eta Kokein taldeko abeslaria da Zaloa Urain, Euskaraldiaren Eibarko hamaikakoko kide ere bai. 'Belarriprest' izateko moduan daudenak animatu nahi ditu bereziki Euskaraldira biltzera

Astelehena, 5 azaroa 2018, 12:04

Comenta

Saltsa guztietan sartzea gustatzen zaiola onartzen du Zaloa Urainek (Eibar, 1976). Horregatik Euskaraldia zer zen azaldu ziotenean berehala eman zuen baietza. Ohituta dago jendeari hitz egitera, bai eszenatoki gainetik Kokein rock taldearekin, bai 3 urteko ikasleei eta haien gurasoei. Prest dago ariketa soziala den Euskaraldia esparru guztietara eramateko.

- Eibarren hiru rol egongo dira, 'ahobizi', 'belarriprest' eta 'bihotz-goxo' ere, euskaraz ulertzen ez dutenen jarrera positiboa azaltzeko. Zein izango da zurea?

- 'Ahobizi' izatea aukeratu dut. Baloratu nuen zer sentitzen nuen Euskaraldia ariketa sozial honi buruz. Euskaraz dezente hitz egiten dut, bai inguruko jendearekin, bai lanean... aukera pila dauzkat horretarako. Baina konturatzen naiz inguruan jende pila dudala euskaraz ulertzen didana baina askotan, ohitura bat sortu delako, erdarara jotzen duguna. Pentsatu nuen erronka polita zela nire buruarentzat inguruko jende horrekin nik ere saiakera hori egitea, lehen hitz hori euskaraz egitea, batez ere badakidanean jende horrek ulertzen nauela.

«Euskara lantzeko egiten dugun gutxia ere beti jarrera positiboan izan behar da»

«'Belarriprest' baten txapa ikusten baduzu zure joera argia izango da»

- Aitzakia topatu duzu Euskaraldian hori egiteko?

- Pixka bat bai. Ideia oso polita iruditzen zait, gainera ariketa soziala izanda Euskal Herria mailan oso interesgarria da, baita herriz herri ere. Baina gero, pertsonalki, parte hartze horrek badauka bere aberasgarritasuna, azkenean zuk zure burua frogatzen duzu; ea noraino ailegatzen naizen edo nire ohiturak noraino aldatu nahi ditudan.

- Euskaraz aritzen zarela esan duzu. Beraz, erraza izango dela uste duzu?

- Ez hain erraza. Konturatzen naiz askotan erdarara jotzen dudala, nahiz eta pertsona horrek euskara ulertu. Hor egongo da nire erronka.

- Ustekabeak hartzeko prest?

- Bai! Eta konturatzeko erdarara joan naizela egin behar ez nuenean, edo 'belarriprest' batek hori niri esateko. Lankide batzuk 'belarriprest' izan nahi dute, jendeari mezu hori erakusteko, «niri euskaraz egin». Hori oso garrantzitsua da ariketa honetan. Rol guztiak dira inportanteak baina, belarria prest izatea ezinbestekoa ikusten dut, besteak euskaraz egiteko . Hor hasiko da aldaketa, kafetegian, dendetan, kaleko lehen elkartze horretan... 'Belarriprest' baten txapa ikusten baduzu, zure joera argia izango da.

- Horretarako garrantzitsua izango da parte-hartze zabala egotea.

- Bai. Jendeari kendu behar diogu ideia bat, dena euskaraz egin behar duzula bapatean, hamaika egunetan, nahiz eta ondo ez moldatu. Egiten baduzu hobeto, baina saiakera xume bat izan behar da, norberarena, eta jende gehiago parte hartzen badu joera gehiago aldatuko ditugu. Eibarren bertan seguru nago sorpresa bat baino gehiago hartuko ditugula.

- Normalean euskaraz aritzen ez direnen parte-hartzea garrantzitsua dela uste duzu?

- Nik uste dut baietz. Irakaslea naiz eta jende askok atzera egiten du batzuetan, moztu egiten delako. Kasu honetan 'belarriprest' izanda aukera dago parte hartzeko esfortzu handia suposatu gabe. Asko ezin dira oraindik euskaraz aritu baina badute gogoa, horregatik ezinbestekoa da jende horren parte-hartzea.

- Era positiboan?

- Beti! Euskara lantzeko egiten dugun apur hori ere beti jarrera positiboan izan behar da.

- Eibarren posible ikusten al duzu euskaraz bizitzea?

- Nik uste dut baietz. Elebidunak gara kasu askotan, eta beste hizkuntza batzuk jakitea beti oso ondo dago, ez daukat inongo dudarik. Erdara erabiltzea ondo dago, baina euskaraz bizi zaitezke. Nola? Ezingo duzu leku guztietan euskara erabili, baina hori da hurrengo erronka, erabilera handitzea. Ni nahiko bizi naiz euskaraz, nahiz eta ezagun askorekin erdera ere erabiltzen dudan.

- Urteak pasa ahala aldaketa nabaritu duzu erabileran?

- Gurasoen aldetik kasu askotan oso jarrera positiboak topatu ditut. Benetan badago jendea esfortzu dezente egiten duena umeekin euskaraz aritzeko eta nirekin duten tratua ere euskaraz izateko. «Ondo esan dut?» galdetzen didate. Primeran dago hori, pauso hori eman behar da. Nire ama hizkuntza euskara da eta nahiago nuke egoera guztietan erabiltzea, baina elkarbizitza bat egon behar da. Bakarrik euskara erabiltzea erabat hipotetikoa da, ez da bideragarria gaur egun. Hizkuntza gehiago ditugu inguruan eta oso aberasgarriak dira, baina bakoitzari bere lekua eman behar diogu, bestela galdu egingo gara.

- Irakaslea izanda, nola ikusten dituzu etorkizuneko hizlariak?

- Gu eredu baldin bagara... ez dakit nik. Badago txiste bat non gurasoak umeei euskaraz hitz egiteko esaten dieten, eta hauek erantzuten dute: «Es que estamos jugando a papás y mamás». Zuk esan dezakezu gauza bat egiteko baina beraiek hartuko dute ikusten dutena eta egunero bizitzen dutena. Horregatik inportantea da norbera erreferentea izatea eta segun zeren bideak ondo markatzea.

- Ikerketek nerabeetan sumatzen dute aldaketa, euskara erabiltzetik erdarara igarotzen dira. Ez al 'guaia' euskara?

- Egia da hori gertatzen dela, eta badaude hitz joko batzuk erderara eramaten gaituztenak. Bertsotan txiste pila zeuden, «gustatzen zatzaizkit» eta horrelako gauzak inork erabiltzen ez dituenak. Baina badago libururen bat ere -'Berbeta berua', esaterako- aukerak emateko. Esamolde horiek erabiltzen baditugu, barneratuko ditugu.

- Baina musika euskaraz bai entzuten dute gazteek!

- Bai... beno, denetik. Euskal Herrian hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen ditugu musikan, bizi ere horrela bizi garelako. Hori aberasgarria da. Baina euskaraz badago gauza pila entzuteko, genero ezberdinetan eta adin guztietarako.

- Eibarko hamaikakoko partaidea zara. Nola zirikatuko dugu jendea izena emateko?

- Banabil ahalik eta jende gehienari kontatzen zer den Euskaraldia. Asko animatu dira eta izena eman dute. Beste batzuk ezetz esan didate, baina nik txapa ematen jarraituko dut.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Rol guztiak dira inportanteak, baina 'belarriprestak' ezinbestekoak dira»

«Rol guztiak dira inportanteak, baina 'belarriprestak' ezinbestekoak dira»