Ukuilluetako doiñuak
Gu gazteok bakarrik giñan oillarraren kukurruku-otsa entzun nai ez genuenak, batez ere goizeko seiretan asten zanean
Leengo ukuilluetako doiñuak eta oraingoetakoak ez dira berdiñak. Galdetu baserritarrari edota beitegikoren bati. Ez diozu galdetuko kontsultan dagoen mediku bati. Barkatu, medikuok. Baiña onekin esan nai nuen baserritarrok dakigula ukuilluetako armonien berri.
Orain irratia jartzen omen da beitegietan. Esne geiago ematen omen dute zerbaiten zarata edo armonia gozoak entzunaz, lasaiago egoten diralako.
Baiña laga eidazue au aurrexeago kontatzen. Leengo gure ukuillu zaarretako doiñuak zer ziran aipatu nai nuke eta.
Auek ziran doiñu lasaigarriak: illunabarreko bertsoak; erromerietako soiñu-piezak ao-txistuz jotakoak; oillarraren kukurruku-aldiak; beorraren jun, jun, junjua; astoaren arrantza; mandioan, apusturako aariaren anka-otsak. Gutxi gorabeera, auek oi ziran ukuillutik noiznai entzuten ziran doiñuak. Gurean, beintzat. Saiatuko naiz banan-banan zeazten.
Asi nadin illunabarreko bertso-saioekin. Nor ziran ba bertsolariak baserrian, illunabarrean? Zera: etxeko gazteak! Batez ere neguan giro otz eta txarretan. Ooltza, ukuillua; eta ganaduak, entzule.
Ea txukun antzean azaltzen dedan. Ez det esan nai au gure etxean bakarrik gertatzen zala. Antzerakoak bait giñan baserri geienak.
Bein urriaren erdira ezkero, asten giñan sardiña zaarrak jaten, illunabarrean mendi-lanetatik etorritakoan. Gustora, gaiñera. Arrautza txorixo-muturrarekin naiagoko genukeen, baiña arrautza gorriak esnezalearekin kalera eramaten ziran saltzera, sardiña zaarrak erosteko. Orrelako aurrerapenen aukerak geneuzkan garai aietan.
Baiña uraxe baiño orduerditxo politagorik, erdi busti, erdi otzak etorri etxera, oñetako leorrak eta epelak jantzi sutondoan! Bitartean, amak sutako brasatan sardiñak erre, eta «kaixo, motel». Aita, osaba, edo morroiaren tartean, bi-iru mutil koskor gazte.
Txarrokada sagardoa eraman, sukaldearen erdian aulkia jarri, aulki bueltan eseri bost-sei lagun, eta sardiña bana bakoitzarentzat. Baiña platera batean aterako zituen amak, olio on parraxtada gaiñera txirrioan botata. Ark gazitasuna kentzen zien sardiñei. Baiña parraxtada, e?, eta ez parrastada.
Ogi borobillari xerra zatia ebaki zuzen bakoitzak, eta eskura ogi gaiñera sardiña.
Basoa ere bakarra, aulkian. Txarroa, banatzailleak bere anka ondoan eduki oi zuen. Ark, lan puxka bat egin bear izaten zuen. Jarriko ez giñan, ba, bertsotarako moduan! Bai, gizona.
Mutturrak gorri-gorri genituela, baldeak artu eta beiak jeztera ukuillura, bertso zaarrak kantatuz. Txirritaren doiñu zaar au bagenekien: «Ari naizela ari naizela, nun ikusten det Txirrita».
Beiak ausnarrean egiñaz lasai asko edukitzen genituen, txirri-txarra esnea biltzeko denboran.
Ama, afaritarako pertzaka esnea egosteko esne zai, eta deika:
–Zer? Bazatozte ala?
Eta gu, beiaren azpian kantari. Zenbat aldiz au!
Erromeriako dantza-soiñuak txistuz errepikatuz genbiltzanean ere, ukuilluko ganaduek ez ziguten jarrera arrarorik azaltzen.
Bai ganaduek eta bai egaztiek azkar antzematen diote gizakiari zer umoretan dijoan edo dabillen.
Oillarraren kukurrukua ere ganaduen belarrietarako lasaigarri aundia da. Jendeak uste duen baiño aundiagoa. Eta badauka bere zergatia. Lotuta dagoen ganadu guztiak belarriarekin lan aundia egiten du, adi-adi.
Gu gazteok bakarrik giñan oillarraren kukurruku-otsa entzun nai ez genuenak. Batez ere, goizeko seiretan asten bazan kukurrukuka.
Baiña ez pentsa doiñu danak ukuilluko ganaduen lasaigarri zirala, e! Ez orixe. Txanponaren bi aldeak azaldu bear dira beti. Esate baterako, beorraren jun, jun, junjua. Zer adierazten diete beste animaliei doiñu orrek? Goseak dagoela. Orduan ikusiko dituzu ganaduak buru mugitzeak egiten. Batez ere, beiak. Otordurako garaia dala, alegia.
Astoaren arrantzarekin ez da ainbeste aztoratzen bei-jendea. Nik beti pentsatu izan det gizakiok eta bei ganaduek ardura berdintsua degula astoarengan. Esaten dan bezela, «asto arraio ori», eta abar. Beraren arrantza ere beti berdiña nola zan, iñork ez zuen esaten «zer dik orrek?». Baiña kontuz, beitxook; astoek asko dakite.
Bada beste zarata bat ukuilluko beien aztoratzaillea: mandioko joko-aariarena. Argoillari lotuta egoten danez, katean beti argoillari biraka ibiltzen da taka-taka, taka-taka. Batzuetan beeka ere bai. Eta zarata ura ez zan ukuillukoen gustoko.
Bazterrik ez jotzeko edukitzen genuen aaria argoillara, ondora, lotuta. Bestela, adarrak gastatzen zituela eta. Gero, adarrak gastatutako batek irabaziko zion.
Asieran nioenez, orain irratia ere jarrita dute ainbat beitegitan. Oso ondo iruditzen zait, gaiñera. Ukuillu-laneko tresnerietan aurrerapen aundiak egin badira, zergatik ez musika eta albistegiak ukuilluan ere? Era berean, an ari dan langillea ere inguruko berrien jakiñean egongo da. Gaiñera, esne geiago ematen badute beiek, zer egokiagorik?
Galdetu bear diet ganadutegiak dituzten nere iru lagunei –Martin, Nikolas eta Axierri– ea baduten irratia ukuilluan.