Las diez noticias clave de la jornada
Nongo sagarrondotik ateratako aleekin eginda ote dago sagardo hau? ARIZMENDI
Pandemiatik gerrara

Self-service bizimodua

Buffet baten usain bereko mila aukerak baino nahiago sagardotegiko hiru jaki bereizgarriak

Gaizka Lasa

San Sebastián

Sábado, 4 de febrero 2023, 07:46

Nire sinpletasun soila berretsita etorri naiz egin dudan azken bidaiatik. Europako hiriburu batean ibili eta aukera ugaritasunak akitua itzuli naiz. Eskaintza oparo eta anitzaren kontu honekin erabat joan zaigu burua. Kafe ziztrin bat hartzeko, esaterako, bilaketa latza egin beharra dago zerrenda amaigabean barrena. Kafe hutsa, normala, sinplea, ni bezalaxekoa nahi dudala? Bada ez, ea esne pixka bat, edo asko, edo nata, edo kanela, edo txokolatea, edo karamelo tanta, edota pattarra edo zer gehitu behar diodan temaki galdetu didate, harrituta aurrean duten tipo hutsalarekin. Makinara joko nuke, baina aukera are eta zabalagoa da eta ez naiz gai nire gustu inozoak eskatzen didana aurki-tzeko. Turista kontsumoaren enbaxadorea da eta errentagarritasuna atera behar zaio. Ez dadila aukerik gabe geratu behintzat. Eskaintza-uholdeak asetzen du, ez kontsumoak. Oparotasuna usaindu, ikusi eta ukitu beharra dago, erosteko asmorik izan ez arren, merkealdiek ondo erakutsi berri diguten bezala. Hartu, hartu lasai erosi behar ez dituzun arropa horiek eta utzi gero pilan. Jasoko ditu mila euro baino gutxiago irabazten dituen langileak. Hori omen da modernitatearen eta globalizazioaren ikurra.

Publicidad

Hoteleko gosari edo bazkaria da honen beste adierazgarri nabarmena. Buffet kontzeptuak ondo islatzen du egungo mundua. Usain bereko mila hautabide desberdin ditugu parez pare. Dena dator espeziarekin «onduta» jaki bakoitzaren benetako jatorri eta funtsa ezagutu ez dezagun, artifiziala naturalarekin nahastera iritsi arte. Eta noski, txartela lepotik zin-tzilik duenak libre du guztia. Baita nahi edo behar ez duena ere. Xahubiderako «eskubidea» nagusitzen da. Biruserako txertoak, energia berriztagarrien azpiegiturak edo Leopard 2 tankeak behar baditugu, eskatu besterik ez dugu, gero soberakinak platerean uzten baditugu ere. Desagerraraziko ditu norbaitek eta hurrengorako gehiago izango ditugu eskura. Planeta berri bat ere ekarriko digute. Hor konpon hoteletik kanpo txaboletan daudenak.

Ugaritasunak nekatu ere egiten du, ordea. Aukera bakoitzaren atzean azalpen bat ez dagonean batez ere. Norbaiten aholkua edo argibidea gehiegi eskatzea da garai hauetan. Self-service bizimoduan murgildu gara bete-betean. Gehiegi pentsatu gabe hartu, probatu eta utzi. Hanka sartzeko «eskubidea» duzu, zer arraio! Testuinguru honetan, ez nau batere harritu Oscar sarietarako izendapen gehien jaso dituen filmaren izenburuak: 'Everything Everywhere All at Once' (Dena batera eta toki guztietan). Horixe daukaguna bankuen babesletza eskuzabalari esker. Merezita dituzte irabaziak.

Xahubiderako «eskubidea» nagusitu da; eskatu lasai txertoak, azpiegiturak eta Leopard tankeak

'Everything Everywhere All at Once' (Dena batera toki guztietan) baino nahiago kupel arteko 'gutxi eta maiz'

Europako hiriburu handi honetatik bueltan, sagardotegira joan eta kupel artean lagunekin solasean ari naizela mahai gainean txuleta zain daukagula esateko nagusiaren deia jasotzea –izen eta guzti– zerura igotzearen parekoa izan da. Tortilla eta txuleta. Bakoitza bere usain eta zapore bereizgarriekin. Sinplea, xumea, ona (prezioen kontua hurrengorako utziko dugu). Menua mugatua dela esaten duenik bada. Bedeinkatua mugaketa! 'Gutxi eta maiz' kontzeptua ere 'orain betekada' baino nahiago aukeran.

Baina barkatu dibagazioa.

Egiari zor, gaixo dagoen jendeari animoak helarazi beste helbururik ez nuen gaur. Denerako hainbeste aukera eta erremedio dituen gizarte honek ez du oraindik katarroa pasatzeko antidotorik topatu. Pastillekin, zazpi egun eta batere hartu gabe, astebete. Neronek Europatik birusen bat ekarri dut eta etxe inguruan, azken hotzak tarteko, jende ugari ezagutzen dut gripeak edo antzekoak jota.

Publicidad

Manuel Lasartek katarroari idatzi zizkion bertso batzuk uzten dizkizuet bukatzeko. «Orain egonagatik mediku abilik/ katarro zarrak eztu sosegu trankilik/ ordu erdi bat ezin igaro ixilik/ malkua galanki ta mukiak txintxilik». «Erruki gabeko prenda zera zerez/ gaitza geientsuetan ala oi da berez/ auxe eskatzen dizut, besterik ezer ez:/ pixkat bizitzen utzi zaidazu meserez!». Besarkada bat eta sendatu azkar.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad