Zer egin inspirazioa pizten ez denean? Haren bila atera, edale santuaren kondairan bezala, ea lurrean galdutako txanponen bat ikusten duzun dirdiraka. Baina, tamalez, ez da Google Mapsen eta horrelakoetan agertzen. Hori baino lotsatiagoa da. «Harrapa zaitzala lanean». Jakina, baina ez bazaitu harrapatzen ordutegi ezberdinetan zabiltzatelako? Nik dakidala, inspirazioak musa askori ematen die jaten, baina ez dakit ze ordutegi klase darabilten Olinpoan, ezta zer lan-hitzarmen duten ere. Ordutegi lurtarra oso bestelakoa da, labezomorroagoa, trinkoagoa, partziala, ordukakoa, inoiz tristea ere bai... Egunotako haizeak, gainera, hara-hona nahaspilatu ditu olatuak, hostoak eta inspirazio apurrak. Halako haizetearekin burusoildu egiten zaio edonori irudimena, eta beti ez da posible pabiloitutako Azoka erraldoietan aterpea bilatzea.
Wikipediara jotzen duzu orduan. Itotzeko zorian zaudenean, efemeride bat izan daiteke salbamendu-jakarik aproposena. Gaur bezalako egun batez jaio zen, adibidez, Nagib Mahfuz idazlea, kalezuloekin mirariak egiten zituena, Kairo hiriaren mapa berri bat oparitu ziguna, estremista baten labankada jaso zuena. «Espazioan flotatzen duten sekretu ederren murmurioagatik ez balitz, meteoroak errukirik gabe oldartuko lirateke lurraren gainera», idatzi zuen Mahfuzek bere lanetako batean, eta ez zen berotze globalaz ari. Hasi zaizu inspirazioa etortzen, hasi da ogi mamia bezala zure hatzen artean biguntzen… Orain, kontua, Kairotik garaiz heltzea da, artikulua entregatzeko.