'Fouché'-ri eskainitako biografian honela dio Stefan Zweigek: «Herria gogoberotzeko eta beren erradikalismoa justifikatzeko, hizkera gordin bat sortzeko baldarkeria egin zuten; traidoreez eta urkamendiez etengabe hitz egiteko manian erori ziren». Eta, noski, lanaldi osoko gillotina etorri zen ondotik. Aldatu esaldiko traidoreak eta urkamendiak, eta jarri haien ordez, esate baterako, etorkinak eta «ezkertiak». Zweigen pasarte hori etorri zitzaidan lehengoan Milei enegarrenez motozerrarekin ikustean. Hain zuzen ere, kimatzeko tramankulu hori oparitu zion Elon Muski eskuin muturraren konklabean, Washingtonen, eta azken honek gitarra elektriko bat balitz bezala dantzarazi zuen eszenatokian. Politikan egia eta gezurra arotzeria edo ortopedia kontua balitz bezala. Ez da irudimena larregi behartu behar motozerratik gillotinaren metaforara jauzi egiteko.
Bitan errepikatzen omen da historia: tragedia gisa lehenik, fartsa gisa bigarrenik. Sudeteak eta Munich; Riad eta Ukraina. Aspaldi esan zuen Hannah Arendtek I. Mundu Gerraren historia modu askotan idatz daitekeela, baina inor ez dela hasi esanez Belgikak Alemania inbaditu zuela. Orain arte, ze Trumpek horrelako zerbait esan du berriki, Errusiaren inbasioa Ukrainaren errua izan zela. Ez dakit horrekin iradoki nahi ote zuen berak belarrian jasotako tiroa ere bere errua izan zela, belarria tiroaren ibilbidean jartzeagatik.
Ez gutxietsi metaforen botere iragarlea. Batez ere, hizkera gordinez betetako bertso hankaluze eta hankamotzekin badator.