Bi metroko tartea
An asten da enkarguen lista ematen bere andre lagunari. Seguru asko, lagunaren lista baiño luzeagoa.Ez zuen nai ordurako bukatu.
Errespetatu al degu bi metroko tartea? Zenbat jende egongo zan bi metroko tartea zenbatxo zan ez zekiena! Eta orain jende guztiak jakingo du. Zenbat geneukan ikasteko, lagunok! Zer gutxi genekien! Metroak eun zentimetro dituela eta ori bai. Milla metrorekin kilometro bat bide dala eta, nor da ori ez dakiena?
Jakingo nukeena da, denda-atarietan eta luzaroan tartekatuta, aspertuta, aurpegia luzatuta egon geranotan, eunetik zenbat egon geran bi metro juxtutara. Ezta amar ere. Eskerrak bai, gaur esaten dan bezela, 'matematikoki' egon bearrik ez dan izan. Gutxi gorabeerakoarekin aski izan degu.
Gustatu zaidan inbentua izan da, Zarauzko Eroskiko sarreran, bidean jarri ziran gida eta bi metrotako baranda erdoirik gabeko aiena. Beste lekutakorik ez dakit. Batetik, bi metroko mugetan zeuden baranda-ankak, neurri bezela. Eta bestetik, barandak jendearen atsedengarri, besoa gaiñean jarri edo.
Ea zer aspergarria dan erosketak egitera nekatuta iristea. Bestela ere, txanponak xautzeak naiko nekea sorrarazten digu.
Baiña barandak eta neurriak jartze ori ezin da egin zenbait espaloi edo ibilbidetan. Baita ere, bere tranpak eta bere abantaillak badituela esango nuke barandaz markatutako pasabide orrek. Batez ere, etxekoandreentzat. Ez det esaten gaizki dagoenik. Alderantziz. Oso ondo derizkiot. Denbora irabazteko sistima asmatzen dutelako zenbait etxekoandrek.
Nik ere nola egon bearra izan dedan bein baiño geiagotan barandatan, jakiña, disimuluan inguruari erreparatzea ere gogokoa det askotan.
Edonork galdetu lezake, denbora galtzen daudenean, nola irabazi denbora?
Bada, bi etxekoandre elkarrekin fidatzen diranak izan bear. Eta elkarren gustoen berri jakin bear, baita ere. Nik era onetara nabaritu dizkiet abantaillak.
Nere aurrean zegoen andreak, mugikorretik:
–Aizan. Kolan atze xamarrean nagon. Eta i?
–Ni, sarreran –beste andre batek.
–Artu eidan lista, mesedez, eta konponduko gaitun gero. Ea zerbait aurreratzen degun.
An asten da enkarguen lista ematen bere andre lagunari. Seguru asko, lagunaren lista baiño luzeagoa. Ez zuen nai ordurako bukatu. Danak ez nizkion gogoan artu, baiña onako auek bai: arategikoa, arrandegikoa, Urzante olioak, zopakoa, senarraren ardo klaretea, fruteriakoa, Goizuetako eztia eta komunerako papera.
Nere aurreko andre lista-emaillea Eroski sarrerara iritsi baiño leen, or dator andre bat sekulako karrokadarekin kanpora. Bai nere aurrean zan señora ere laster atera baranda barrutik, eta urbildu karrokada zekarren beste señorarengana.
Eta onek:
–Aizan. Urrengoan, alderantziz, e? Mesedeak ordaiñetan izaten ditun.
–Lasai, morroxka, lasai.
Ez dakidana da gustoko erosketa egingo zion ala ez. Senarraren klaretea, gustokoa eraman ote zioten? Ziur nago ez zala garestiena izango.
Begira zer traperakeria asmatzen dituzten gure etxekoandreek eta amonek. Orretarako, leentxeago esan deguna: elkarrenganako konfiantza; eta gustoak ere ezagutu egin bear.
Jakiña, mugikorra ere eduki egin bear. Nik ez daukadana. Baiña badakizue zer poz ematen duen, asper-asper eginda gauden garaian, fila indian, aurrekoa desagertzea? Bi metro aurreratzeko sistima. Eta nola ez estima? Nik beintzat estimatu nuen. Egoera bakoitzak izaten du zirrikituren bat abenturarako.
Imanol Lazkano bertsolariari bein baiño geiagotan entzun izan niona: «Begiyek argi eta belarriyek garbi ibili bear». Zer moduz abil, Imanol? Oraingo onetatik salbatuak izango gaituk, noski.
Jarrai dezadan elkar zaintzeko tartea mantenduz. Baiña emendik aurrera, metro eta erdiko tartea zaindu bearko omen da. Ea ala dan.
Pixkanaka, baiña bagoaz, bai, elkarrengana gerturatzen. Ea leenbaileen lagatzeko moduan geran elkarrekin aserre gauden itxura au.
Baiña ez gaitezen geiegi lasaitu. Zaindu garbitasuna. Geure esku bait dago.
Eta ez aaztu leengo zaarrek askotan esaten zutena: gaitzak geien giltza-zuloetan irauten duela. Bada or arrazoirik. Ea portaletako ateak egunean zenbat aldiz giltzaz irekitzen ditugun, beti itxita eduki bearreko mundu arriskutsu onetan.
Metro eta erdira murriztu badute tartea bi metrotik, ea bereala murrizten diguten metro eta ogei zentimetrotara.
Gaur egun, jende askok dauzka metro eta ogeiko makilla luze eder oiek. Bai mendian ibiltzeko, bai taldekako ibillaldiak egiteko. Neroni ere ekartzekotan nago. Edo neronek egin. Leen dauzkadanak motxegiak omen dira. Ez omen det ondo ematen beroiekin. Marka da gero! Jendeak jakin zer bear dedan.
Nioena: metro eta erdiko tartetik bat eta ogeira jeitsiko balitz agindua, tartea zuzen errespetatzeko erreztasuna legoke. Iruditu ezkero metro eta ogeiko tarteari jendeak muzin egiten diola, makillarekin joan besterik ez legoke. Eta esan:
–Adiskide, emen neurri-makilla. Eta beste ark ere badauka.
Beraz, kaskarrekoak banatzea baiño obea izango degu makillaren neurria errespetatzea. Eta kontuz giltza-txuloekin.