EA SAN LUKASEK EURIA DAKARREN

FELIX IBARGUTXI

Kongresuaren hogeigarren urtea dugu hauxe, eta urtero-urtero azaldu da bertara Jaéngo Diputazioa, bere olioak sustatzeko. Hori da leialtasuna! Bestalde, 2003an hasi zen diputazio hori Jaén Selección izeneko lehiaketa antolatzen. Enpresa asko aurkeztu ohi dira eta zortziri egiten zaie aitortza; zazpi ekoizle 'arrunti' eta olio ekologikoa egiten duen bati. Donostiako salmahaian aurtengo zortzi hautatuak egon dira ikusgai eta dastatzeko moduan: Castillo de Canena, Claramunt, Maquiz, Nobleza del Sur, Oro de Cánava, Picualia, Puerta de las Villas eta Melgarejo (azkeneko hau, ekologikoa).

Lehiaketa honetan, eskarmentu handiko dasta-tzaile talde batek egiten ditu probaketak. Zer dute komunean saritutako marka hauek guztiek? Soil-soilik Picual motako olibekin eginak direla eta urrian bildutako fruituen zukua direla. Goizago batu ezkero, olibak kalitate gehiagoko zukua ematen du, belar moztu berri usainekoa; kalitatean irabazi egiten da, baina kantitatean galtzen, nabarmen. Horregatik, ekoizle gehienek abendu aldera egiten dute bilketa.

Jaéngo zenbakiak erraldoiak dira: 66 milioi olibondo daude, eta 333 olio ekoizle. Picual delakoa da hango oliba mota tradizionala, eta ez daude hura uzteko. Olio fuertexeagoa izan ohi da, min-punttua ere izan ohi du, baina haiek horixe nahi. Aurtengo uzta atzera samar dator, hamabost eguneko atzerapenarekin. «Hilaren bukaera aldera hasiko gara biltzen. Hiru hilabete daramatzagu euri-tantarik gabe. Ea San Lukaserako egiten duen», esan zidan atzo erakusmahaian zegoen gizonak. San Lukas, hilaren 20a, Jaéngo hiriaren patroia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos