Kurro, ai Lauritak ikusiko bagintu!
Gu bizi geran aurreko etxekoen balkoian zeukaten Kurro loroak ies egin zuen maiatzaren azken eguneko arratsaldean
Nora arraio joan aiz, Kurro? Zer egin diagu? Orain, norekin egin bear diat txistutan balkoitik? Oraindik ere krisialdian gaudek gero, eta nik ordu asko zeuzkaat etxean pasa bearrekoak. Ez al dakik ia larogei urte dauzkadala? Eta ik, ospa!
Bazekiat aspaldi onetan adarjotze asko egin didaala, ni neure idazlanetan etxeko balkoian eta i eure balkoiko kaiola dotoretik piruliroka, neri burua naasarazten.
Adarjotze ori dana barkatzen nian. Barkatuko ez diatena dek krisian gauden arte orrela alde egitea, iñori kasorik egin gabe, ain ondo babestuta engoen balkoi txokotik, ainbeste maite induten familiatik, danak negarrez lagata. Ori ez dek egiten, Kurro.
Auskalo zein familiatara joango intzan. Auskalo zein auzotarri adarra joko diean. Baña kosta bear zaik leen bezelako lekua aurkitzea. Iparraldetik, trena eukan ogei metrotara. Egoaldetik, umeen parkea, plaza eta taberna-terraza edo ataria.
Bertan maaietan biltzen diranak ere kejatuta zeudek. Ea txistularia nun dan galdezka. Ik uste baño lagun geiago eukan, motel. Izan ere, ez ioen iñori isilik lagatzen.
Gaiñera, ikusten negok beste pena-aldi aundi bat artu bearrean nagoela laster. Izan ere, umeen txirrista eta jolaslekua ere laster dituk umez gaiñezka. Eta umeek ire txistuen falta sumatuko ditek. Eta zer uste dek, aiek ez dutela galdetuko «Nun da loro txistularia?». Neri ere galdetuko zidatek, aurreko balkoian lanean jarduten naizelako. Zer esan bear zieat?
Bai, lagunok. Gu bizi geran aurreko etxekoen balkoian zeukaten Kurro loroak ies egin zuen maiatzaren azken eguneko arratsaldean. Au da utsunea eta isiltasuna, atariko parkean eta inguruan! Txori batek alako utsunea laga bear zigunik ere...
Etxekoek bai utsunea eta ezina. Baiña parke, taberna-atari eta ingurua orrela oar-tzeko...
Nik uste dedanez, gizakiok txori adar-joleen zaleak gera. Zergatik eta badakigulako loro batek zer adar-jotze egiten dizkigun, geroni oartzerako. Baita ere, badakigu, ordea, triste-aldian gaudenean zer alaigarri ditugun txori jakintsu oiek. Zer artetsuak diran!
Izan ere, daramagun krisialdi luze onen illunabarretako txaloaldietan ere lagun izaten genuen Kurro loroa. Ez pentsa bera ere aalegiña egin gabe geratzen zanik, buruari eragiñaz gora eta beera.
Bingo-aldietan, bazirudien oso arraro sentitzen zala. Esataria zenbakiak kontatzen ari zanean, oso geldi, isil eta adi egoten zan kaiolako goieneko egurrean. Ezoizko doiñua, nunbait. Baiña bingo-zarataren oiuak eta txaloak ziranean, zarpa batetik zintzilik jarri eta danak egin bear izaten zituen. Ai, Kurro, Kurro, maisua in-tzan, bai, trapukerietan.
Samiñez beteta daude etxekoak, aita eta ama, bere amar bat urteko alabatxoarekin. Batik bat, ies egin zion nexkatoa. Kaiolako ateak ireki eta jolasean konfiantza osoz zebillela, egoak zabaldu Kurrok. Eta bein balkoitik irten zanean, itxuraz, ez zuen asmatu gero itzultzen maiatzaren azken eguneko illunabar artan. Txoriak, beti txori.
Familia ari da bere aalegiñean, an-emenka, Kurroren argazkiak ormetan jarriaz, beren telefono-zenbakiarekin. Dotorea ere bada. Ea ba suerterik duten txori polit eta artetsu ura etxeratzeko.
Etxekoak ez ezik, Zelaitxo tabernako parke inguruko bizilagunok ere poztuko giñateke berriro Kurro loroaren oiuak en-tzutearekin. Etorri adi, Kurro, ni ere zai naukak eta.
Ea, i etortzen aizenerako, sartu zaigun oitura txoro au lagata gauden. Izan ere, krisialdiaren azkenean zer bururatuko norbaiti eta ukalondoa ikutuz agurtzea elkar. Oraindik orrelakorik! Elkarri ongietorria emateko modu itsusia benetan. Nori bururatu ote zitzaion ori? Itsusiagorik!
Ez al zen politagoa burua pixka bat auspeztu, makurtu, zetorrenari? Ez al zan agurtze politagoa?
Pentsa. Gure eskola txikia baserrian zan, baiña maistrak ikusten bazuen umeren bat orrela ukalondoarekin besteren bati «toma» egiten, berriz egiteko gogoak kenduko zizkigun. Antxe jartzen gintuen ormari begira, bi besoak zabalduta, gurutze eginda. Antxe egongo giñan dozena bat minutuan. Eta kontuz gero besoa jaitsi! Bereala jasoaraziko zigun maai gaiñeko egur-zigorrarekin zaplastada bat edo bi emanda.
Alakoa zan Laurita, gure leenengo maistra gazte ura. Gaztea bai, baiña leengoa. Berriketa gutxi berarekin. Eta guk, berriz, baldarkeriatako prest. Ez genuen asko bear izaten «ik ori, nik au» esateko, ukalondoa erakutsiz.
Eta orain zer, eta asi gerala berriro ukalondoa elkarri erakutsiz. Gazteleraz entzun izan degu: «Toma ya». Onela ere bai: «Toma el codo, pero no del todo». Eta orain zera: ukalondoz ongietorria ematen eta artzen?
Garai batean, Azpeitiko zezen-plazan aari-jokoan burrukan zeuden aariak orrelaxe jarduten ziran elkarri albaka, adarrekin elkarri saietsak autsi bearrean. Orixe esaten zan: «Albaka ari dituk».
Eta orain gizakiok, albakako agurketetan. Ai, gure maistra Lauritak ikusi izan banindu orain albaka eta «toma» egiten! Gozoa jarriko zuan, Kurro.