Kanpamentua jarrita utziko dugu. Aurki datoz Kataluniako hauteskundeak, Europakoak gero. Eta batek daki zer etor daitekeen hurrena. Kanpainan bizi gara aspalditik. Kanpaina betean. Edo kanpaina hutsean, nahiago duzuen bezala. Horregatik izango da, beharbada, Donostiako errepideetatik bizikletaz nabilenean Paris-Roubaix klasikotik ezin gertuago sentitzen naiz, dantzan eta zoro dabilkit bizikleta. Hankartean moxal basati bat dudala iduri. Bideko zuloak direla, errepideen egoera txarra… Kanpainan bizitzeak hori dauka, gauzak beti daude eraikitzeke, erdi utzita erdi botata, promesa artean igerian, ez zara inoiz leku batean finkatzen, dena da kanpin-denda eta orube deszuhaiztu. Batek daki, agian hurrengo urtean klasiko ezaguna antola dezakegu probintziako hiriburuan, eta irabazleari hauteskundeen gidaliburu bat eman, txokolatezkoa hori bai. Gastronomia ere luzitu edo zuritu dezagun.
Barbaroen zain bizi gara aspaldidanik, larrialdizko demokrazian. Setio hau ez da inoiz amaitzen. Autoek ez dute arrankatu nahi. Dagoeneko ahaztu egin zaigu setiatzaileak edo setiatuak ote garen. Tartaroak basamortutik datozen ala espaziotik. Sultanaren astrologoak batzartuta daude. Itun herdoilezin eta malgu bat iragarri dute gorteko ingeniariek. Hauteskundeen etengabeko hurbiltasunak irudikeriak eragiten ditu. Ez dakigu noiz itzuliko garen. Horra drama modernorik handiena, odisearen ifrentzu gordina. Hainbeste arrarotu da mundua, inork ez dakiela jada zein den itzulerako bidea.