Gaur 65 urte
Ezurren argazkia ere atera zidaten, eta:«Hay que operar la cadera izquierda».Orduantxe beldurtu ninduan, orratio!
Orduan ere, San Jose eguna zan. Santu ezaguna, Historia Sagradatik. Liburu artako irudi batean zetorren lizarrarekin, arotzeria-lanetan, bata batekin. Badaezpada ere, buzoarekin ez beintzat.
Guk, baserrietako mutikoek eta nexkatoek, begirune zintzoa genion San Jose, Ama Birjiña eta Niño Jesus ageri ziran irudi errukigarri ari. Izan ere, orduko euskerazko dotriña xaar ark jartzen zituenak eta etxeko gela geienetan koadroak zintzilik... An broma gutxi, zera, txo!
Gaztetxook, urteko pazkoakoa egiteko San Jose eguna genuen autatua. Barkamen geiago lortzen zala zioten elduek. Gaiñera, pazkoako aitortza eta komunio artzea ez genituen egiten igandero mezatara joaten giñan Aiako Urdanetako elizan, eta betiko apaizarekin. Zarautzen baizik.
Pixka bat gerora, bai. Apaiz-etxera joan eta txartela artu leenengo. Apaizak jakin zezan gaztediak pazkoakoa egiten genuela.
Baiña gaur 65 urteko pazkoakoa Zarautzen egin genuen. Goizean illun zegoen arte, zapatak eskuetan genituela Zarautza maistrarekin, nexkato eta mutiko, zintzo asko. Aurrez eguraldi txarrak izan ziran, eta Pagoeta mendia elur zuriz jantzia zegoen San Jose egun artan.
Baiña egun ura, pazkoakoarenagatik bakarrik balitz, aaztua izango nuen onezkero.
Ordurako, banabilkien ezkerreko ankarekin naiko arazo eta keja: korrika egin eziña, lagunei jarraitu eziña eta abar. Baneramazkien pare bat illabete medikutan. Obeto esan, bageneramazkin: gurasoak, izeba Agustinak eta nik. Amalau urterekin, nola joango nintzan ba ni bakarrik?
Gaiñera, Donostiara zegoen joan bearra, ezurren argazkia atera-eta egin bear bait ziran. Errian, Zarautzen, ez zegoen orrelako aurrerapenik orduan.
Izeba Agustina Donostian bizi zan, izeba Iñaxirekin; biak aitaren arrebak. Txoko batean, jertseak egiten zituzten.
Zarauzko medikua, don Ramiro Goñi zaarra genuen, aurrak izaten laguntzen-eta ibiltzen zana. Orduko medikuek orretan zeregin ugari izaten zuten.
Baiña ezur-kontuetan alperrik joatea zan Goñirena eta don Ebaristorena eta abar.
–Ea anka noraiño jasotzen dean...
Pastilla aundiren batzuk artzeko eta:
–Laster aiz dantzarako moduan. Lan gutxi egin, ez nekatu eta ondo jan.
Donostiako izeba Agustinak artu zuen nunbait ordua, mediku adituengana joateko.
Zapatak eskuan artu eta eguneroko abarkekin Zarauzko tren-geltokira, amarekin. Geltokian, zapatak jantzi, abarkak trasteroan laga, bueltakoan janzteko, eta ziudadera. An zeuden, txaketa zuriz eta kaskoarekin, kale eta bide-gurutzetan txilibituarekin 'piirrit' egiñaz gizon tente aiek.
Izeba eta amarekin, klinika San Ignaziora, tranbian eserita. An zeukan itzordua artua izebak, doctor Elosegui eta doctor Arriolarekin. Gogoan det nun zan klinika ura: Grosetik gora, Arzak aldera, bidean ezkerretik.
Izebak zioenez, erietxe ura zegoen prestatuena Donostian ezur-kontuetarako. Batez ere, aitatutako bi doktore aiek. Aien kontsulta lortzea ez omen zan erraza. Gure aita eta ama isil xamarrak ziran eta ez zidaten esaten. Baiña txaalen baten diruak xautuko zituzten mediku aiekin.
Jakin banu alako lotsak pasaraziko zizkidatela egoskor itxurako bi bata zuridun aiek, ez dakit sartuko nintzan tranbian.
Gure txanda iritsi zanean, moja-itxurako emakume batek eraman gintuen medikuen kontsulta-gelara. An zeuden, tente-tente, bi bata zuridunak.
Amari eta izebari:
–Ustedes, siéntense aquí, señoras.
Eta neri:
–Quítate los zapatos, los pantalones y los calzoncillos, si los tienes. Y túmbate en esta mesa.
Ura trantzea zan gero! Nora begira kendu gantzontzilloak? Aurrealdea, iñori erakutsi nai ez! Bestaldera begira, berriz, ipurdia agerian. Ura zan ura trantzea, amalau urterekin!
Maai mear aren gaiñean, ura lotsa! Ama eta izeba ere begira, ea nola errekonozitzen ninduten mediku aiek. Alkandora luze-antza, eta saiatzen nintzan tripa-barrenera tiratzen, neure txistorra tapatzeko, baiña... Arte bitarte pasa nuen lotsarik aundiena, orduan pasa nuen.
Ezurren argazkia ere atera zidaten, eta:
–Hay que operar la cadera izquierda.
Orduantxe beldurtu ninduan, orratio! Burua makur-makur eginda etxera illunabarrerako, berriro abarkak jantzita.
Beste medikuren batengana joango zala izeba. Nola operatuko nintzan, ba, amalau urterekin?
Doctor Basallorengana urrengo. Donostian ura ere. Eta ark, plaka eramateko gindoazenean.
Izebari kosta omen zitzaion dalako plaka ura eskuratzea, Elosegi eta Arriolarengandik.
Eta Basallo jaunak:
–Aquí no hay ninguna necesidad de operación. Alimentarse bien y descanso.
Aupa zu! Gaiñera, gantzontzilloak kendu gabe.
Gero klinika Martin Santosera. Eta ango medikuak:
–Un mes en la cama, con unas tablas puestas debajo del colchón. Y una inyección cada día. Y muy importante: alimentarlo bien y que no trabaje.
Ura bai medikua!
Eta San Jose egunean, goizean pazkoakoa egin; eta arratsaldean, mandiotik oolak eraitsi beeko koartora, oea prestatu, eta oera mutil koskorra, illabeterako.
A zer mutil ederra egin nintzan ondorenean.