Euskaraldiak euskararen erabilera areagotzeko bidea zein den erakutsi du

Euskaraldiaren programa barruan atzo kantujira bat egin zuten Errenterian./ARIZMENDI
Euskaraldiaren programa barruan atzo kantujira bat egin zuten Errenterian. / ARIZMENDI

Hamaika eguneko ariketa sozialaren amaierak bat egingo du gaur Euskararen egunarekin | Erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza izan da 220.000 laguneko parte hartze «arrakastatsua» lortzeko gakoetako bat

Gaizka Lasa
GAIZKA LASADONOSTIA.

Euskaldunen nortasunaren kontua izango da harrokeria gutxirekin jokatze hori. Izan ere, Euskaraldiaren balorazioa eskatzen hasita, ekimenaren eragile nagusietatik ez da euforia zipitzik atera. Herritarren erantzuna zabala izan dela, ariketa jendetsua izan dela eta hori guztia nabarmenduta, oinak lurrean dituzte antolatzaile eta erakundeetako arduradunek. Poza bai, baina neurrikoa. Hamaika egun izan dira. Pauso bat. Euskararen egun honetan batzuen eta besteen hausnarketa hortik doa: bideari eustsi behar zaiola eta azken egunotan jarritako mugarriaren ondotik beste batzuk etorri beharko direla euskararen erabilera areagotu nahi bada.

Ariketaren bultzatzaile izan den Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria den Jasone Mendizabalek, esaterako, behin-behineko balorazio batean, «hamaika egun hauetakoa lehen urratsa dela» dio. Bere ustetan, Euskaraldiak zapore ona utzi badu, besteak beste «euskararen lurralde osoan lankidetza ikaragarri zabala egon delako» izan da. 405 herrietan antolatu dira lan taldeak eta «lurralde guztietatik iristen ari zaizkigu bizipenak, batzuk hunkigarriak gainera: bikotean ematen ari diren aldaketak, lagun artean, auzo bizitzako harremanetan, famili harremanetan... Lan eremuan zailagoa izaten ari da, botere harremanak daudenetan zailtasunak agertzen dira, baina zailtasunak esango digute non jarri behar ditugun indar gehiago. Lehen edizioan gaude eta arnas luzeko proiektua aurkeztu diogu gizarteari».

Topaguneko zuzendariaren esanetan, «azken hamarkadatan euskarari buruzko lanketa nagusiak ezagutzaren bueltan egin dira. Etorkizunera begira ere ulermena orokor-tzeko eta unibertsalizatzeko urratsak eman beharko lirateke, modu horretara erosoagoa izango litzatekeelako euskal hiztunarentzat ulertzen ez diotenean sortzen den korapiloa askatzea. Lehen ariketa soziala izan da. Erabileraren esparru honetan gure asmoa da datozen urteetan ere ariketa sozial hauekin jarraitzea».

Planteamendua arrakastatsua izan dadin zein baldintza bete behar den ere aipatu du. «Norberaren hautu pertsonala bakarka eramatea zama-tsua da, eta kolektiboki egitea izango da Euskaraldiak urtez urte landu eta eskainiko duen laguntza».

«Herritarrak batzeko»

Bihar egingo du bere balorazio ofiziala Eusko Jaurlaritzak, baina Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena da gaur irakurketa positiboenetakoa. Bere hi-tzetan «euskararen inguruan inoiz egin den ekimen handienetako bat ikusi dugu». Euskaraldiaren inguruan «olatu handi bat sortu dela» dio, baita «ilusio ikaragarria piztu dela». Horrekin batera, «han eta hemen bizi izan ditugun eta entzun ditugun bizipenek erakusten digute eraginkorra izan dela, eta pausoak eman direla hizkuntza ohiturak aldatzeko». Zupiriaren ustetan ere «horrek jarraipena izan beharko luke». Eta hizkuntzaren bitartez beste lorpenak ere etorri direla nabarmentzen du. «Uste dut oso garrantzitsua izan dela herritar asko batzeko. Hainbat urtez bizkarra emanda bizi izan den jende asko euskararen alde lan egiteko bildu da Euskaraldiari esker».

Euskaltzaindiari ere Euskal Herri osoan euskararen aldeko dinamika eragingarriak hauspotzea eta laguntzea dagokionez, azken egunetako ariketa sozialaren inguruan galdetu diogu. Erramun Osa idazkariordeak hiru ardatz azpimarratu ditu. «Herri-erakundeen eta gizarte-eragileen artean egon den lankidetza» batetik. Tamaina honetako ekimen bat antolatzea «ez zen posible izango aurreiritziak eta mesfidantzak gaindituz, egiazko elkar hartzea gertatu izan ez balitz», dio Osak. Bestetik, herritarren erantzun zabala, «izugarria izan dena», horrek «euskal gizarteak euskaraz bizitzeko gogoa duela erakusten duelarik». Azkenik, «euskararen ezagutza eta erabileraren arteko tartea murrizteko azaldutako borondatea».

Baikor azaldu da Osa. «Jendea ilusioarekin ikusi dut, konplizitateak ehundu dira, pentsatzen ez genuen jende andana hurreratu da euskarara», baina hori esanda, «multzo hori sendotu, trinkotu, zabaldu eta eragingarri bilakatu behar dugula» uste du Euskaltzaindiako ordezkariak.

«Lurralde guztietatik iritsi zaizkigu bizipenak, batzuk hunkigarriak: bikotean edo lagunartean emandakoak» Jasone Mendizabal, Topaguneko zuzendaria

«Euskararen inguruan inoiz egin den ekimen handienetako bat ikusi da; olatu handi bat sortu da» Bingen Zupiria, Hizkuntza Politikako sailburua

«Euskal gizarteak euskaraz bizitzeko gogoa duela erakusten du herritarren erantzun izugarri honek» Erramun Osa, Euskaltzaindiko idazkariordea

«Milaka pertsonen artean aldiro egon dira keinuak, konplizitatea, irribarreak eta hurbiltasuna» Mikel Irizar, Eusko Ikaskuntzako ordezkaria

«Praktika kolektibo propioak egin dituzte enpresa, elkarte eta erakunde askotan» Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Euskara zuzendaria

Taldeak horrelako ariketa batean duen garrantzia azpimarratu du. «Hizkuntza zerbait bada gertaera soziala da. Espazioak irabazi behar ditu euskarak herri-erakundeetan, aisialdian, kirol jardueretan, kulturgintzan, hedabideetan, sare sozialetan, lan-munduan, taberna, merkatarien eremuan eta abar. Euskaraldiak norbanakoen inplikazioa bilatu du, hurrengo urratsa kolektiboagoa izan behar du».

Eusko Ikaskuntzak ere gertutik jarraitu du esperimentu soziala, eta «oso arrakastatsua izan dela» aipatu du. Mikel Irizar, erakundearen Euskararen Etorkizuneko lan lerroko kidearentzat emaitza onaren gakoetako bat izan da «eraiki den lankide-tza parekidea euskararen gizarte erakundeen eta erakunde publikoen artean, euskararen lurralde guztietan. Eusko Ikaskuntzaren ikuspuntutik desiragarria da lankidetza mota hau esparru gehiagotara ere zabaltzea».

Irizarren ustetan, «dagoeneko esan daiteke komunikabideetan, sare sozialetan eta kalean -bereziki kalean- nabarmena izan dela Euskaraldiaren eragina, txapa soinean jarrita zeramaten milaka pertsonen artean aldiro egon direla keinuak, konplizitatea, irribarreak, hurbiltasuna...». Baina honekin batera, bideari eusteko deia dator. «Gure hizkuntza ohiturei astindu ederra eman ondoren, gaurtik aurrera lanean jarraitu beharra dago. Eusko Ikaskuntzaren konpromisoa da euskaraz bizi, garatu eta munduratu nahi duen komunitatearen mesedetan jardungo duela, adostutako proposamenak gauzatu daitezen».

Gipuzkoan izan du Euskaraldiak parte hartze zabalena, eta Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek adierazi duenez «ilusioa piztu du herritar askoren artean eta Gipuzkoako kale eta auzoetan nabaritu da indar berri hori. Lurraldeko enpresa, elkarte eta erakunde askotan, gainera, presentzia handia izan du Euskaraldiak, praktika kolektibo propioak egin dituzte, eta horrek izugarrizko balioa du».

Egitasmo honen berritasun nagusietako bat, Mendizabalen ustetan, «bere praktikotasuna» izan da. «Gizarte osoa interpelatzen duen ariketa praktikoa izan da, ez aldarrikapen soil bat. Euskal hiztunak interpelatu gaitu lehen hitza beti euskaraz egin dezagun, baina babes kolektibo handi batekin. Indar kolektibo hori sortu eta ikusgarri egitea lortu dela uste dut».

Euskararen eguna batetik eta ariketa sozialaren amaiera bestetik, gaur ospatzeko eguna. Bihartik aurrera, eragile guztiek diotenez, hizkuntza ohiturak aldatzen jarrai-tzeko lanera.

Más

 

Fotos

Vídeos