Liburu azoka batean, idazle, editore eta saltzaileen artean. Nola ez, gure penak eta desgraziak, ofizioko gorabeherak eta zailtasunak, jai apur bat ere bai. Antolatzaileen lan eskerga, topa eta topo egiteren bat ere tarteka, hanpatu samar dabilen idazle naufragoren bat, miresmenaren wifiaren bila. Kultur sortzaileen garrantziaz ari da norbait, mereziko genukeen aitortzaz, eta hara non ikusten dudan erosleen artean txapeldun olinpiko bat, Bartzelonan 1992an belar hockeyan urrezko domina irabazitako emakume bat. Ni ere belar hockeyan aritzen nintzenez eta entrenamendutan zelaia partekatzen genuenez, gogoan nuen oraindik. Hockeyaren inguruko hainbat kontu berritzen hasi gara. Izen ia herdoilduak niretzat, horrenbeste denbora pasa eta gero, baina ahaztu ez ditudanak. Oso hizketaldi atsegin eta adeitsua.
Bi poema-liburu erosi ditu jokalari horrek, seme-alabentzat. Badoa liburuekin azokan barrena, gainerako erosleekin nahastuta. Nik badakit ez dudala gaur pertsona inportanteagorik ikusiko, ez gaur ez luzaroan. Eta badakit, gainera, istorio latza daramala pertsona horrek bihotzean, nerabe zela atentatu batean erail baitzuten bere aita. Apaltasunaren eta lanaren eredu dela.
Idazleon zaratak eta dialak bere horretan jarraitzen du. Jokalari ohia urrunduz doa, driblinik egin behar izan gabe, ez baitzaio inor bidera ateratzen autografo bila. Ezezagun bat da hainbeste sortzaileren artean, txapeldun anonimo bat aitortza-irrikatzaileen Olinpoan.