Borrar

Baserri-atari aiek

Osteguna, 3 urria 2019, 06:37

Comenta

Leengo baserri atarietan, nork agintzen zuten? Katean lotuta zegoen txakurrak, aske egoten zan beste txakur txikiak, oillarrak eta oilloek. Aiek oartu gabe ez zan etxe aldera inguratuko arrotzik. Etxe-ataria bait zan beren etxea. Etxea bera, baserria, arriz eta buztin-masaz zutitua oi zan, teillatua bisuts aldetik zabalagoa zala, eta atariko sarrera, sukaldea eta logelak goizeko eguzki aldetik zituela.

Ezingo degu esan leengo zaarrak jakintsuak ez ziranik. Naturaren arkitektura zekiten.

Baserri askok ormako arria bistan zuten, agerian. Beste askok, buztin lokatzez egindako masaz estaliak eta kare txuriz margotuak. Ate-leioak, berdez. Eta, nola ez?, teillatu gorria. Beraz, zuri, gorri, berdea: ikurriña.

Ez zan baserririk etxe inguruan zuaitz fruitu-emalerik ez zuenik. Udare, gerezi, intxaur, arana, piku eta mizpira... ura bai etxe-jira! Eta babesle, lizar arbolak. Aize indar-tsuak ere zenbat mantsotzen ziran lizar-adar aietan! Eta udaran, aukerako itzalak.

Gaiñera, udaberrian, kardantxillo-kabiak lizar-adarretan. Txolarre edo ormatxoriak, etxe-ormako txuloetan kantari. Aien kiri-koroa goiz osoan ez zan isiltzen. Idi-pare gorria uztartuta atarian, gurdia-edo berari erantsita prest noranairako.

Aitona, berriz, sega-pikan, tinki-tanka. Amona, billobatxoren bat magalean zuela, atariko aulkian eserita kantari. Nolako gertakariak bizi izan genituen gure leengo baserri-atari aietan!

Beartsuak izango giñan, baiña bai zoriontsuak.

Leen aipatu degun txakur txikia ere ez zan urruti egongo amona eta umearengandik. Oillo loka badijoa txita-taldearekin. Mutikoren batek auntza ere lotu du sasi ondoan, laar-puntak jan zi-tzan. Oilloak kakarakaz, arrautzak eginda. Oillar nagusia asi da oilloei deika, larrera egun-pasara etortzeko. Ark asko agintzen zuen.

Jesukristoren denboran eta orain, oillarrak oillar, lagunok. Pedro apostoluari berak nai baiño leen iru aldiz jo ziola oillarrak? Guri ere jo izan zigun makina bat aldiz, geuk nai baiño leenago, gazteak giñala.

Zenbat aldiz onako desafio au, goizaldera oillarraren kukurrukuak asten ziranean:

- Biar lepoa biurrituko diat, ba.

Badakizue zer esnagaillu amorragarria dan oillarra. Baiña urrengo egunean, oillategira jana ematera joandakoan, ikusi oillar gorri gandor eder ura oilloen lagun eta zaindari eta, nola biurrituko diat, ba, lepoa? Baiña i! Biar beranduago esnatu adi. Orretara, nik ere lo geiago egingo diat. Eta eraman itzak oilloak zelaira larrera, arrautzak egin eta kakarakaka asten diranean. Eta jarraitu ezak dotore egoten, anka ori eta gandor tente. Eta oillar gazteari ere laga iok oilloen bizkarrera igotzen, kukurruki fiñak jotzen asita zegok eta. Bestela laster borrokara etorriko zaik.

Oroimenak eskeintzen dituen aspaldiak dira auek. Oillarra, txirriña jarri bearrik ere ez zuen esnagaillua.

Geroni jeikitzerako, txita koskor taldea sukaldean lokarekin, euliren batzuei mokoka. Ukuilluan, ganaduak tentetzen asita, banan-banan. Astoa ere deika, esnatu zala. Txakur txikia, zetozen eguzki-printzak salatzen, ate-ondora irtenda, isatsa tente-tente zuela. Etxe-atariko zelaian, kilkerrak krik, krik, krik. Berealaxe, oillategiko kakaraka-otsa: ari zirala arrautzak egiten, alegia. Oillategiko orkestra. Arrautzak egin eta or festa.

Zer mundu txiki, polita sortzen zan goizero, gure leengo baserrien atarian!

Ez dakit oraingo granjetako oillarrak gandordunak diran. Ez dakit ataritik beren kukurruku-otsik entzuten dan. Ez dakit anka ori arrazakoak izango diran. Nik leengo kontuak dauzkat gogoan eta.

Baiña gauza geiago ere baziran gure baserri-inguruetan. Edo baratza-bazterretan, nai badezue. Osasungarri, apaingarri, usaigarri eta abar. Aitonak eta amonak jakingo zuten nun zeuzkaten sendabelarrak. Asi pasmo belarretik, enplasto belarrak, ez dakit zenbat klase! Berbena belarrak ere, sakratuak. Erromeroa ere bai, beste pare bat lekutan. 'Usai-belarra' albarakari deitzen zioten. Ura, pote edo ontzietan zaintzen zuten leio-txapaldan edukitzeko.

Baita ere, etxe-ataritik gertu egongo zan baztertxoren bat, arrosa gorriak eta ezpata-belarrak zeuden tokia.

Leengo amonek bazuten adurra erronbillote dotoreak egiteko, belar-ezpatak beren ondoko txondoarekin moztu eta, erronbillote sorta egindakoan, tente egon zedin txondo gogor aien gaiñean. Baiña orretarako, zaindu egin bear ziran ezpatak, sasoira elduak; txondoa egiñak, alegia.

Onako au ere estimatua izaten zan, ba: menda beltxa. Asun kaxkarraren antza ere bazuten bere orriek. Berde illunagoa, jakiña, eta txikiagoa. Baiña zer usai eder eta naturala!

Etxeko amonak ez zituen ataritik urruti edukiko menda beltx belar zarpatsu orri txabalak. Ez osasun-erremedioetarako bakarrik, baita erratza egiteko ere. Aitonak egindako erratz-makila urritzezkoa, ondo gordea oi zuten amonek. Zertarako? tarteka etxeko koartoak eta alkobak pasatzeko menda beltx erratzarekin. Eta ark lagatzen zuen aireko usai berdiñik gabekoak egunetan irauten zuen.

Ai, enetxoak! Gaur egun, espraiak egongo dira. Espraiak eta gaiñerakoak; esaten dana, anbientagarri. Baiña alako usairik ezetz jarri.

Asieran esana: beartsuak izango giñan, baiña askotan zoriontasunaren jabe ere bai.

Orra, ba, gure baserri-atari aietako alaitasun eta aberastasunak.

Naiz izan urrutiak,

naiz izan urreak,

ez dakit ordainduko

zituzten urreak

teillatupe zaar aien

atari-aurreak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Baserri-atari aiek