Borrar

Azken gari-jotzeak

Osteguna, 26 iraila 2019

Comenta

Amabost urte izango nituen, ba, lagunok. Beraz, orain dala irurogeita iru urteko kontuak. Ordura arte garia ereiten genuen Izetan eta berdin inguruko baserrietan. Eta garia ereiten genuen arte, urteroko gari-jotzea egin bearra zegoen. Bestela zertarako zan gari-ereitea?

Garaia aipa dezadan pixka bat. Abenduaren laurako, au da, santa Barbara egunerako, gari-ereiteak amaitzen izaten giñan. Idiak eta golde-tramankuluz jiratzen genituen lurrak galazia botatzeko.

Baiña zoritxarrez bagenituen idiak eta goldea erabili ezin ziran soro lepaka aldapaegiak. Orduan laiaz jiratzen ziran aldapa aiek. Askotan gari-lasto bikaiñenak ere aldapa paketsu aietan izaten bait ziran. Batez ere, egutera aldetik baziran beintzat.

Uztaillaren aurren aldean zetozen galeperrek ere eguterako galarte aietan kantatzen zituzten beren leenengo poxpolinkadak. Aipatu ditudan laiaz jiratzen ziran soro lepo-aldapa aiek auzo-lanez egiten ziran. Auzoetatik ekartzen ziran laiariak. Baserri guztietan ziran pare bat, lai-pare. Eta ez zegoen zalantzarik: baserriko gizon eta mutillek, danek zekiten laian; baita zenbait emakumek ere. Dotore jeikiaz, gaiñera, lai-parea. Lan guztietan bezela, tartean bakarren bat izaten zan baldar xamarra, baiña tira.

Gerora, gari-soroak oritutakoan, Santiagotan izaten giñan gari-ebakite eta jasoketa lanetan. Eta ez pentsa makina-tramankuluz ebakitzen genituenik gari-lastoak. Esku-igitariz, baizik. Au ere auzo-lanean egiten genuen.

Etxe guztietan ziran igitarako igitari bereziak, aurtengoa amaitutakoan urrengo urtera arte jasota eduki oi genituenak, erdokak ondo kenduta olioz igurtzi, eta papertxoren batean edo trapu zaarren batean bilduta.

Bakoitzak berea ondo zain-tzeko, ez zegoen bi aldiz esan bearrik. Igitara joanda, sei-zazpi laguneko igitari-taldean parregarri aritzerik iñori ez zitzaion gusta-tzen gero! Gari-lastoak ebaki, lastaikoa lotu eta metak egiten ziran. Politak, gaiñera. Ura ere arte-lantxo bat zan, ba, «auzokoek baiño politagoak egin bear dizkiagu» elkarri esanaz.

Amabost bat egunera etxera-tzen genituen idiz eta gurdiz. Mandio-bazterrean ondo tolestatuta jarri, gaiñera, gari-jotzeko makinak zetozenean lanerako lekua egon zedin.

Ez zan lan ederra, lagunok, gari-jotzea. Ez orixe: autsa, burrunda eta matxaka-makinari jarraitu egin bear.

Orduan matxakari sartu eta atera egiten zitzaion lotutako garikoa. Bi aldiz, gaiñera, eskua azpira emanda, azpi-gain jiratuz, gari-ale aokak matxaka azpira erortzen ziralarik. Eta gariko lotua lastaiko biurtzen zan, lasto uts. Sabaietara jasotzen ziran, berriro tolestuta. Negurako ganaduentzat jana bait zan lastoa ere.

Auxe zan, ba, gari-jotzea; gurean beintzat.

Batzuek matxakarako gerturatu garikoak, lau bat bikote matxakan sartu-ateran txandatuz, besteak matxaka azpitik gari aokak esku-pereikiz pillara eramaten. Orrela, asi eta bukatu arte. Pozik asi, baiña luze joaten zitzaigun.

Baiña tarteka goxoaldiak ere izaten ziran. Binaka jeisten giñan sukaldera, salda beroa eta txorixo-muturra jatera. Iñork ez genuen esaten txarra zegoenik. Ez, arraioa!

Zein ibiltzen ziran gari-jotzeko makinekin; au da, gurdian erabiltzen zan motorrarekin eta matxaka arriskutsu arekin? Arriskutsua zan, bai, sartu-aterako matxaka xaarra. Besoa arrapatutakoak ere baziran: Altzoko Joan Etxeerre bat eta...

Nortzuk ziran makinistak? Ni juxtu gogoratzen naizenez, aldeko aita Joxemiel aurrena oroi-tzen naizena. Beste urte bat edo bian, Aiako Joan Erreizta. Beste urte batzuetan, Elkanoko Lertxundi. Oiek matxaka xaarrarekin etortzen ziran edo billa joaten giñan. Legea zan: azkena jotako etxekoak eramaten zuen bi makinatik bat, eta jo bear zituen etxekoak bestea.

Bi makina ziran: motorra eta matxaka. Baiña ez zan naikoa makinak edukitzea. Motorraren mekanika ere jakin bear zuen puxka bat. Bestela zer?

Motorra mandioko atean jartzen zan eta matxaka barruan, korrea luze ura pliti-plata, pliti-plata zuela. Noizbait korrea eteten bazan, uraxe atseden-denbora bakarra, konpondu bitartean. Konpontzea makinistaren lana izaten zan.

Baiña begira nun entzuten genuen albiste pozgarria: gari-jo-tzeko matxaka berri bat atera zutela, jo eta garbitu egiten zuena aldi berean. Eta ez ori bakarrik; gaiñera, lastoa txikitu, xeatu eta sabaira eramaten zuela tuboan aizearekin.

Uste dezue ori sinsitu genuela baserritarrok? Olako kontu arrarorik guk ez genuen sinisten ikusi arte. Baiña esan zigutenean Aizarnazabalko Goiko Etxetak erosi zituela gomazko gurpillak zituen motorra eta matxaka berria, orduan bai sinistu genuela. Goiko Etxetatarrak, azken aurrerapena nun, ara eskuak. Balio zuen familia Goiko Etxetan.

Uste det udazken artan ingurumari guztietako gariak jo zituela Inazio Goiko Etxetak. Ura aurrerapen aundia zan. Bakarrik, doble denbora bear zan, baiña jendea erdia, auts gutxiago, jarduera obea.

Lana amaitzen zanean, dana bukatua: lastoak txikituta sabaian, gari-ale garbi-garbia gari-gelan matxakatik baldeetan eramanda garbitu aala.

Elkarri bizkarrak garbitu ur epelarekin eta «kaixo, motel». Bazkaria edo afaria mandioan bertan.

Sagarmanetako Praixku zaarrari gari garbitzeko lanak amaitu. Matxaka xaarrek jotako gariak berak garbitzen bait zituen etxez etxe tornuarekin ondorengo egunetan.

Baiña gari-jotze egokia jarri zanean, garia ereiteari laga jendeak. Beraz, nik amabost urte nituela asi giñan kaleko ogia jaten.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Azken gari-jotzeak