Borrar
Argazkia eguneko oroigarri. Lobo Altuna

«Asko gustatu zaigu ibilbidea eta giro jatorra nabari da»

Milaka pertsona bildu ziren Salbatore Mitxelena ikastolak prestatutako zirkuituan, eguraldi tristeari muzin eginez

antxon etxerria

Zarautz

Domingo, 6 de octubre 2019, 21:34

Comenta

Giro paregabea Zarautzen. Une batzuetan euria egin arren, jai giroak bere horretan jarraitu zuen, ez zuen etenik izan. Aktibitate eta ekitaldi gehientsuenak aurrera eraman ziren eta arrakasta handiarekin gainera, giro jatorrean.

Milaka pertsona bildu ziren atzokoan Zarautzen. Goizeko lehen orduetatik mugimendu handia nabarmentzen zen, autobus, tren edo autoetan etorritako jendearekin. Horiei guztiei harrera egokia egiteko, Salbatore Mitxelena Ikastolak dena ongi antolatuta zuen, 1.400 boluntarioren laguntzarekin. Errez esaten da, baina izugarrizko kopurua da, eta, egia esan, dena oso ongi antolatuta zegoenaren iritziak entzun ziren. Hain ekitaldi kopuru handia aurrera ateratzeko denen beharra zegoen: jolas eta erronkarako, txosnetarako, ibilbideko zaintza zerbi-tzurako, garbikaterako, alkoholari buruz aholkuak emateko, muntai guztia jasotzeko… Ikastolako irakasle, ikasle, ikasle ohi, guraso, herritarrak… Denak beharrezkoak eta asko eskertzekoa beraien lana.

Manga motzetik txamarrara

Ibilbideak 7 kilometro pasatxo zituen, Ikastolan bertan hasi eta Talaimendira, handik jeitsi eta biotopo eta golf-eko pasagunetik malekoira, eta gero errepide nazionala gurutzatu eta Lapurdi kaletik berriz Ikastolara... Paraje horiek ezagutzen ez zituztenek, ederki disfrutatu zuten. Oñatitik zetozen Martin eta Manttonik adibidez, 78 eta 77 urtekoak, baina sasoian, Talaimendi bidean, pauso arinean: «asko gustatu zaigu ibilbidea eta giro ederra nabarmentzen da. Urtero saiatzen gara Kilometroetara joaten. Orain bi urte Oñatin egin zen».

Eguerdi partean, ordubatak aldera, euria hasi zuen eta zenbait ekitaldi bertan behera utzi behar izan ziren. Malekoian oso giro itsusia jarri zen. Lehentxeago manga motzetan eta handik gutxira txamarrak jantzita aterpea bilatzen. Malekoiko arkupetan zeuden hamaiketakoa egiten Zumarragatik etorritako Urdangarin ahizpak. «Guk osatu dugu ibilbide osoa. Topoan etorri gara. 10etarako Zarautzen ginen. orain, laister bazkaldu eta arratsaldean Anoetara goaz Errealaren partidua ikustera, hau da gure eguneko plana». Euria hasi zuenean, joan den urtean Zumarragan gertatutakoa ekarri zuten gogora. «Urte osoa lanean eta sekulako euria egin zuen, tamalgarria. Farre egiteko gogo gutxi zuten antolatzaileek».

Batipat gipuzkoarrak ibilbidean zehar, baina baita ere beste hainbat probintzietatik etorritako euskaltzaleak ere. Bizkaiako Berriz eta Markina Xemein inguruan dagoen Barinagatik etorritako bi emakume edadetu, kanal-eko zubian, hilaran. «Ezagutzen dugu Zarautz, tartean-tartean etortzen gara, baina gaurko eguna, euskara eta Ikastolen alde, berezia da», zioten.

Euriak atertu zuen ordubietarako, nahiz eta gero arratsaldean beste pixka bat ere egin. Dena den, hiru guneak gainezka ordu gehienetan. Ikastola eta Kortazar-eko gunea, Talaimendi eta malekoia, Damaren parean. Toki bakoitzerako egitarau zabala prestatuta zegoen, eta euskaltzaleen erantzuna, bikaina. Izan ere, goizeko 9:30tatik aurrera, irekiera ekitaldiaren ondoren, zirkuitua eta gune bakoitza jendez betetzen hasi ziren. Ikastola aurrean, haurrentzako gunea zegoen: puzgarriak, jolasak, ludoteka... Bertsolari plazan, artisau azoka, tailerrak, taloak, tonbola 30.000 oparirekin, herri kirolak, Jalgi dantza taldea, Zarautz Txiki Abesbatza edo arratsaldez, saltsa ikastaroa.

Musika eta kontzertu ugari

Musika eta kontzertuek girotu zuten eguna: Kortazar-en Arimux, Kiki Bordatxorekin plaza dantzak eta Maddi, eta arratsaldean Tik Tara talde zarauztarraren kontzertua izan ziren, ateri une eta euri tanten artean. Molarri guneko egitarauan, Talaimendin, Sonakai taldeak zabaldu zuen egitaraua eta ondoren Ene Bada, Ai Ama eta Aneguria, Mac Onak eta, Bad Sound. Malekoian berriz, Skasti zarauztarrak zuzenean entzuteko parada izan zen arratsaldeko lehen orduetan eta ondoren Joseba Irazoki eta Lagunak, DJ Ines eta Billy Arizona. Ez ziren falta Iturengo joaldunak, txaranga, txistulariak, Zarauzko banda, batukada feminista… Jateko eta edateko ere espazio ugari ibilbide guztian zehar, antolaketa oso txukunarekin, garbitasunean arreta berezia jarria zutelarik bolondresek. Errespeto giroan joan zen eguna.

Bestalde, 21 taldek hartu zuten parte erronkako probetan, eta Oiartzungo Haurtzaro ikastola izen zen irabazle. Bigarren Arrasateko Arizmendi ikastola eta, hirugarren, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastola. Besteak beste, erabilitako 25 litro olio jaso behar izan zituzten eta marmitakoa prestatu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Asko gustatu zaigu ibilbidea eta giro jatorra nabari da»

Kilometroak: «Asko gustatu zaigu ibilbidea eta giro jatorra nabari da»