Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolak hartu du lekukoa

Ikasleek eman eta jaso zuten lekukoa. Dagoeneko Tolosaldean da. /Lobo Altuna
Ikasleek eman eta jaso zuten lekukoa. Dagoeneko Tolosaldean da. / Lobo Altuna

Zubimusu ikastolak izango du eredu aldaketa martxan jartzeko ardura. Egun batetik urte osora luzatuko da Kilometroak

ANTXON ETXEBERRIA

Ekitaldi xume eta hunkigarri batekin eman zion lekukoa Zarauzko ikastolak Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolari, Zubimusuri. Euskal Herrian errotutako hezkuntza-proiektu euskalduna aldarrikatu zuen Nahikari Gabilondo ikastolako ikasle ohi eta bertsolari zarauztarrak, Aitor Amilibiak gitarraz lagunduta: «Onar dezagun behingoz ez dugula zertan lotsatu; ez dugula zertan azalpenik eman eta barkamenik eskatu. Onar dezagun, harro, Euskal Herri osoa eta gure nortasuna ordezkatzen dituen euskal hezkuntza eredu bakarra garela».

'Bagare' abestiaren doinuarekin atera ziren ondoren Jalgi dantza-taldeko zazpi dantzari dantzara, zazpi lurraldeak irudikatuz, tradizioa eta modernitatea uztartuz. Eskutik helduta ekarri zituzten Zarauzko haurrak lekukoarekin, eta haiek eman zieten lekukoa Amasa-Villabona eta Zizurkilgo haurrei, etorkizunari keinu eginez.

Zubimusuko Mikel Ugarte lehendakariak hartu zuen jarraian hitza. Gogora ekarriz ikastolen beharra, dei egin zuen euskara eta euskal kultura zabaltzera. 2020ko urriaren 4an Amasa-Villabona eta Zizurkilen egingo den Kilometroetara gonbidapena egin zuen, euskara mundura zabaltzera deituz. 'Izarren hautsa' doinuarekin, bizitzaren sorrera eta transmisioa lauda-tzen duen doinuarekin amaitu zuen ekitaldia Gabilondok: «Hasi saltoka, hasi barrezka! / Gogotik goza dezagun festa/, oihukatuz 'Ni, Hi, Hura…/ gure ikastolak mundura!».

Datorren urtean ere izango da Kilometroak, baina kilometroen aurtengo ereduari atzokoan eman zitzaion amaiera. Horregatik errepikatzen zuten atzokoan megafoniaz: «Aprobetxatzeko eta ibilbide osoa egiteko behin edo bi aldiz».

Kilometroaken egungo ereduari amaiera jartzea ikastolen barne gogoeta baten ondorioa izan da. «Eredu aldaketari ekingo diogu Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, Zubimusu ikastolaren eskutik. Egingo dugu Kilometroak, baina beste molde batekoa izango da. Besteak beste, eta gaur egungo kontsumo ohiturak erreparatuta, hori iraultzeko beste proposamen ba-tzuk indartuko dira: erronka zabaldu egingo da, zirkuituaren logika apurtuko da, gune tematikoagoak izango dira… eta Gipuzkoako ikastola guztien artean partekatuko da», azaldu zuten Ikastolen Elkartetik. «Hala erabaki dugu, eta datorren urteko Kilometroek eredu berria izango dute: handitik txikiagora, kontsumo eredutik partehartzaile bateragora, egun batetik urte osora, ikastola batetik ikastola denetara, Gipuzkoatik Euskal Herrira, jaia eta aldarrikapena uztartuz».