Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa bukatu den honetan, deigarria egiten da puntuazioarekin ez dela inoiz arazorik sortzen. Mundu guztia bat dator epaimahaikideen balorazioarekin. Seguru zaleren batek baino gehiagok beste ordena bat izango zuela buruan, beste irabazleren bat akaso. Pilotan edo estropadetan, esaterako, beti egoten dira komeriak materiala edo arraunerako kalea dela eta. Literaturan, berriz, ez dira gutxi izaten sariketen emaitzarekin bat ez datozenen desadostasunak, hasi Euskadi Saritik eta segi Literaturaren Nobel Sariarekin. Gurean, esate batera, sinadura bilketak eta proklamak ere izan dira kontu horretan, elkarretaratzeak eta boikotak, Real Madridek aurten Urrezko Baloian Viniciusekin egin bezala.
Sormen lanek berezkoak dituzte subjektibitatea, joera eta ikuspegi ezberdinak… Sormen lan bat izanda, hala beharko luke bertsolaritzak ere. Galdetuko dio bere buruari bertsozaleren batek behin baino gehiagotan, zergatik den bertso hau beste hori baino hobea. Ba al dago halakorik ziurtatzerik objektibotasun osoz eta enpirikoki? Ñabardurarik gabeko ariketa matematiko baten aurrean gaude? Emaitza zehatz eta eztabaidaezin baten aurrean? Txalo denoi, eta denak pozik, eta eskuak bero. Eta atentzioa ere ematen du bertsolarien txapelketetan alor horretan eztabaidarik edo polemikarik ez egoteak. Auskalo zergatik. Batasuna? Kiroltasun izugarria? Otzantasuna? Gezatasuna? Bertsolaritzak gero eta gutxiago duelako bat-batekotasunetik eta gehiago zientzia zehatzetik? Ez da gai txarra ganbarako lanerako.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.