Geltokira heltzeko berrogei metro faltan, autobusa bertan ikusi eta oinezkoa espaloian gora abiatu da korrika, besoak astintzen. Autobusak, ordea, aurrera egin du. Oinezkoak zin egingo luke gidariak ikusi egin duela, eta nahita arrankatu duela, bera lehorrean utzita. Beste hogei minutu itxaron beharko ditu hurrengoa etorri arte. Hotzean pentsatuta, hamar segundo besterik ez zituen galduko gidariak itxaron izan balio.
Etgar Keret-en ipuin hura irakurri izan balu, atzeratuei itxaroten ez dien gidariaren logika eztabaidaezina ezagutuko luke: oinezkoarentzat hamar segundo baino ez dira, baina zer gertatzen da gainerako bidaiariekin? Alegia, autobusean doazenekin zein gainerako geltokietan igoko direnekin? Demagun 60 bidaiari potentzial direla. Galdutako 10 segundo horiek bidaiari horietako bakoitzarengatik biderkatuz gero, galdutako denbora 600 segundokoa izango da. Hortaz, kaltea ez da hasierako 10 segundo horietara mugatuko.
Gidariak argi du guztien ongia bakar batenaren gainetik dagoela. Denbora neurtzeko bi modu ezberdin dira. Hori baino gehiago, munduan egoteko bi modu. Alde batetik, denbora erloju-orratzen eta eraginkortasunaren bidez neurtzen dutenak daude. Bestetik, adeitasuna denboraren zurruntasunaren gainetik jartzen dutenak. Eta, horren erdibidean, bolante itxurako galdera lurruntsuago bat dabil tiki-taka: zergatik uste dugu ustez galdutako segundo horiek ez ditugula ustez irabazi beste zerbaitetarako? Denbora ergatiboa da.