Antonio Gomez, Sigma XI Ikerketa Zientifikoko Nazioarteko Ohorezko Elkarteko kide
Munduko zientzialariak eta ingeniariak biltzen dituen nazioarteko ohorezko elkarterik zaharrena eta garrantzitsuena da
DV
Viernes, 23 de febrero 2024, 12:47
Antonio Gomez Muñoz Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle-ikertzailea Sigma XI Ikerketa Zientifikoko Nazioarteko Ohorezko Elkarteko kide izendatu dute, unibertsitateak ohar bitartez jakinarazi duenez.
Publicidad
«Oso txikia sentitzen naiz hainbeste jakintsu entzutetsu dituen zerrenda batean, baina, zalantzarik gabe, oso pozgarria eta harro egoteko modukoa da nire ibilbide profesionalagatiko aitorpen hau jasotzea. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet EHUri, Eusko Jaurlaritzari eta zientzia barne hartzen duten ministerioei, urteetan zehar emandako babes logistiko eta ekonomikoarengatik. Izan ere, haien laguntzarik gabe, zientzialari gisa izan dudan garapena ez zen posible izango», esan du Gomez Muñozek.
Ikertzaileak adierazi duenez, «elkarteko beste kide batzuek proposatuta baino ezin da lortu Sigma XI elkarteko kide hautatu izendatzea. Hori dela eta, ez nuen izendapena espero. Ez nuen elkartea ezagutzen, hortaz, elkarteko zuzendari exekutiboak eta 'The American Scientist' aldizkariko Komunikazio eta Argitalpenen arloko zuzendari zientifikoak izendapenaren berri eman zidatenean, ezusteko handia hartu nuen».
Sigma XI munduko zientzialariak eta ingeniariak biltzen dituen nazioarteko ohorezko elkarterik zaharrena eta garrantzitsuena da. 1886an sortu zuten AEBetan ikerketa zientifikoaren bikaintasuna sustatzeko, zientzialari gazteen lana babesteko eta diziplinarteko ikerketa sustatzeko helburuz. Gaur egun, Ipar Carolinan (AEB) du egoitza nagusia.
Egun 200 Nobel saridun baino gehiago daude elkarteko kideen artean, hala nola Watson, Crick eta Wilkins (1962), Barbara McClintock (1983), Jennifer Doudna (2020) edo Albert Einstein (1921).
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión