Borrar
Urgente Largas colas en la AP-8 y la GI-636 en dirección a la muga

AMONA FELIXAK, 105 URTE

Osteguna, 21 martxoa 2019, 07:23

Comenta

Otsailaren 9an bete zituen 105 urte Felixa Eizagirre Ibargurenek, Irunen, Ama Xantalen zaar-etxean. Baiña izatez ez da Irungoa, Zarauzkoa baizik: Urteta auzoko Gurmendi baserriko alaba. Bi semeren ama eta billoba batzuen amona. Semeak, Migel eta Joan Manuel.

Leengo batean topo, Zarautzen bizi duen illobetako batekin. Eta deitu nion:

- Eramango al nauzu zure izeba gaztearengana, 105 urteko arengana, pixka bat xirikatu dezadan?

- Menga. Biar bertan.

An aurkitu genuen amona Felixa gurpildun gurditxoan, buru txuri-txuriarekin, eta ondo orraztuta, aurpegian nik baiño zimur gutxiagorekin, eta masail-punta gorrixkekin.

Entzuteko arazotxo batzuk baditu, bai, baiña galdera bakoitzari iru-lau erantzun ematen zizkion, eta aurrera.

- Zer dala-eta aldegin zenuen, amona, Gurmendi etxe eder artatik, palazioa zirudien bi bizitzako teilletupe artatik?

- Irunen aizpa zaarragoa bi ume txikirekin geratu zalako, senarra gerrara eramanda. Aiei laguntzera. Ogeita iru urte nituen. 1937a zan. Gerra bete-betean zegoen. Etxeko eta auzoetako mutil gazte danak gerrara zeramatzaten. Eta nioena: ni Irunera, aizpari laguntzera. Baiña pozik etorri nintzan. Bi aldiz pentsatu gabe, gaiñera. Ala ere, beldur pixka batekin.

- Zu ez ziñuzten gerrara eramango, emakumea!

- Ez, baiña...

- Neska ederra izango ziñan, Felixa.

- Orixe baietz! Ogeita iru urterekin, ara bestea!

- Etxetik alde egin naia ere izango zenuen, gerra aitzakian...

- Beno. Ori ere bai. Beste danak bezela...

Zirikan ikusi ninduenean:

- Eta zu nungoa zera? Orrenbeste galdera...

- Ni Izetakoa naiz. Zu ez zera gogoratuko Izeta nun dagoen, entzungo zenuen baiña...

- Joxe Mari-eta ziran etxekoa?

Ni, jo eta ma.

- Bai. Nere aita Joxe Mari zan.

- Ene ba! Zer txikia dan mundua!

- Aibala! Zer diozu, amona?

- Joxe Mariren arrebak neska ederrak baziran Izetan. Gurmendira gonbidatu etortzen ziran San Sebastianetan: Joxepa, Martina, Maria, Agustina...

Ni berriz ere, jo eta ma.

- Baiña, Felixa. Neuk ia-ia aaztuta dauzkat izeba aien izenak, eta au da ezustekoa eman didazuna.

- Ori da, ori, burua. Gero zu eskribitzen...

Ez zuen ain garbi adierazi, baiña buruarekin gora eta beera egiñaz, esanez bezela: «ai, zuri, zuri!».

- Amona, besteren kontuak laga eta asi bearko dezu zeure kontuak kontatzen: eskolak, zer maisu edo zer maistra, zer dantzatzen zenuten eta abar. Eskribitzeko zai nago, amona.

- Esango dizut, ba. Urtetan, eskola euskalduna zan. Nikolas Mujika abertzale utsa, gizona. Eta andrea, maistra: Frantziska Alberdi. Iru seme-alaba bazituzten. Eta eskola-etxean bertan bizitzen ziran, Urtetan.

- Urtetako eskolan, ume koskor asko biltzen al ziñaten zuen ume-garaian?

- Ogeita amar bat edo orrela, neska eta mutil.

- Eta danak naasian egoten al ziñaten?

- Jakiña, ba! Danak batera eta danak naasian.

- Neska koskorrek naiago izango zenuten, gaiñera, mutil tartean ibiltzea...

Begirada xelebre samarra egin, eta jarraitu zuen:

- Zenbat aldiz, seiak eta erdietan jaiki, eta astoarekin Zarautzera. Esneak banatu eta bederatziak eta laurdenetarako, berriz Urtetara eskolara. Baiña amasei urterekin, Zarautzera neskame, txalet batera. Txanponak irabazi eta pixka bat kastillanoz ikasi. 1936ko gerra sortu zanean, Nikolas Mujika, maistraren gizona, Ameriketara desterratua izan zan. Eta andrea, maistra, Extremadurara. Alegia, Euskalerrian geiago ez zeukatela eskola euskerazkoa ematerik. Andik aurrera, gauzak asko aldatu ziran.

- Amona Felixa, zuk ogeita bi urte orduan. Eta beldurtzen asi.

- Bai, ba. Euskeraz itz egiteak ere beldurra ematen zuen. Eta kastillanoz, lotsa pixka bat. Pentsa: beartuta egiñarazitako sinadurak ere azaldu omen ziran Urtetatarrenak, Nikolas abertzalea desterratzeko. Gerrateko kontuak, Nikolas.

- Eta andik aurrera, zer eskola izan zan Urtetan?

- Zera! Eskola nazionala. Maistra kastillana eta bandera española leioan zintzilik, eta orrelako gauzak.

- Eta erderaz nola moldatzen ziran gazteak?

- 'Diccionario' zaarren bat ekarri eta aal zan moduan. «Mucho mapa mundi» biribil eta liburu berri gutxi.

- Eta zu, aitzakia batzuekin, Irunera. Baiña esaidazu. Erromeriara-eta nora joaten ziñaten Gurmenditik?

- Oriora, Laurgaiña, Urdanetara San Martiñetan, Aiara Asentsiotan, Zarautzera Amabirjiñetan...

- Baltseoan-eta egingo zenuten mutillekin...

- Bai, zera! Egingo bai. Ori pekatu zuan, motel, orduan. Soiñujoleek ere dana dantza sueltokoa jotzen ziten, txatxu aiek!

- Zer ziñan: morena, rubia?

- Ni morena ninduan. Eta neska jatorra. Irunen nobioa ere jatorra billatu nuen: Julian. Nik merezi nuen bezelakoa.

- Irundar egin ziñanean, pelukeriara joaten-eta asiko ziñan, eta Julian aurkitu...

- Pelukeriara oso gutxi. Neronek egiten nian nik moño ederra, neure ille luzearekin, buru gaiñean. Orain amar urte arte, beintzat, emen sartu nintzan arte. Emen, bai, emen pelukerek moztu eta dana egiten zidatek. Ondo, gaiñera. Nik ez nuen sekulan aurpegian ezer ematen.

- Argatik zaude polita 105 urterekin. Muxu bat, amona. Eta egia al da zeuk eskatu zenuela etxe onetara ekartzea?

-Bai. Nik esan niean etxean: «Ez zaituztet endredatu nai. Au gertu daukagu, eta etorri bisitara». Eta ondo nago.

Eta ni bertso bat kantatzen asi, eta seme Joan Manuelek, mobilla luzatuta:

-Itxoin. Grabatu egin bear degu-ta.

An gelditu zan bertsoa:  

Zurekin berriketan

jardun gera aisa.

Ni ere artu nauzu

familiar gisa.

Zuzen eraman dezu

bizitzaren brisa.

Zorionak biotzez,

amona Felixa.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco AMONA FELIXAK, 105 URTE