Beloradoko klaratarren aferarekin batera, Sahagungo lekaime batzuek moja ikastaro bat iragarri dute TikTok plataforman. Beneditarrak dira, kasu honetan. Konpetentzia. Batzuk erdi heresian eta zismaren atarian, eta besteak, berriz, uda beteko moja-praktikak eskaintzen. Jainkoaren bideak ezin asmatuzkoak dira. Ulergarriak izanez gero, ez lirateke bideak izango, bidesaririk gabeko lau erreidun autobideak baizik. Baina Jainkoa hobeto mugitzen da iluntasunean eta nahasmenean, batez ere kamuflajez jantzita. Nonahi dagoenez, ez du inora joateko beharrik, inoiz ez darama Mugi txartela aldean.
Gainera, Jainkoak ez du gizakia ezertarako behar, ez bada Jainkoa izateko. Jainkoa unibertsoaren isiltasuna da, eta gizakia, aldiz, isiltasun horri zentzua ematen dion garrasia. Baina ez gaitezen lera teologikoen gainean irristatzen hasi. Lehendik ere bada nahikoa buztin hondar eliztarren oinpean: pederastia kasuak, immatrikulazio iruzurtiak…
Beneditarren Sor Marta moja youtuberrak ia 40.000 jarraitzaile ditu bere kontuan. «Jakin nahi duzu nola bizi garen mojak? Zatoz gurekin egun batzuk pasatzera». 1,3 milioi erreprodukzio izan ditu iragarkiak, eta, noski, birala bihurtu da. Ez da plan txarra: mojak, te-pastak, txangoak, abesti xalo eta errimatuak… Bertuterako eta barne bakerako bidezidorra, inondik ere. Ahizpatasun egarriz dauden emakume batzuk zalantzan ikusi ditut bidegurutze batean, nora jo ez zekitela, Sahagunera edo Beloradora. Benetakotasuna bilatzen hasita, hobe esperientziarik mistikoena bilatzea.