Etxebestetarrok izan gineneko gau euskal zinemarena
Palestinarekiko elkartasun osoa. Euskaraz mintzaturiko filmen aldarrikapena. Euskal fotogrametan agertu izan ziren lehenbizikoak eta biharkoak. Euskal Zinemaren gala
Gala guztiek gala bera ematen dute, Goya sariak partitzen direnean, Oskarrak banatzen direnean. Piska bat ezberdintsu dirudite Canneseko, Berlinaleko edo Locarnoko zinemaldietakoek baina guztietan norberak bere burua zenbat maitatzen duen aldarrikatzeko uneak eta guneak dira. Eta hori ondo da. Guapo janzteko aukera ezin hobeak, lagunak-eta ez hain lagunak diren horiek- saludatzeko momentua, esku artean dituzun edo bertan behera utzi behar izan dituzun proiektuen berri emateko edo ez emateko eskura jartzen dizuten istantea...
Izan ala ez izan, sentitu zaitezke zinemagile. Euskal Zinemaren galan, atzokoan, baziren haietako dozena oparo bat. Baita ofizioan hasi berria den Patxi Bisquert ere. Zuzendari moduan da etorria Zinemaldira, Pedro Otañoren omenez eginiko 'Ombuaren itzala' zuzendu baitu. Patxi atzoko Euskal Zinemaren Galan agertu zen, bai. Beste ziento bat bezala. Hor zen Euskal GidoigileenElkarteak emandako saria jaso behar zuen Borja Cobeaga, 'Los Aitas' sinatu zuena. Hor Donostiako Beldurrezko Astea 'Gaua' bere hirugarren film luzearekin irekiko duen Paul Urkijo. Hor zen euskal zinemaz genekien (ustez) guztia hankaz gora, azpikoz gora jarri duen Sara Fantova. 'Jone, batzuetan' da areto oro betetzen ari den bere proposamen gazte, fresko eta asketa. Eta pelikula hori dela eta eman diote EITBek sorturiko 'Zinegile berriak' merezimenduzko garaikurra.
Denak zeuden hor. Gazteak zein helduak. Hasiera haietan izan zirenak eta gaurko eta biharko promesa errealitatekoak direnak. Hor Telmo, hor Asier. Hor Esnal, hemen Altuna, Zinemira saria eskuratu zutenak. Ezinbesteko saria. Derrigorrezkoa. Inork ez zuen ezer esan kontra. Nola esango oraintxe betetzen badira 20 urte 'Aupa Etxebeste!' estreinatu zenetik?
Atzoko galan, gehienak ziren Palestinaren aldekoak. Baita, dudarik ez izan, Etxebestetarrok ere, pelikula hori izan baitzen euskal urguilu zeluloidezkoa altxatu zuena. Gauzak ginen komedia eroak egiteko. Gauzak ginen graziosoak izateko...euskaraz. Gauzak ginen gure isla Etxebestetarroengan ikusteko. Horrela mintzatu ziren agertokian, geroxeago Michael Hanekerekin lan egingo zuen Ramon Agirre eta pelikula hartan koskortzen hasi zen Iban Garate. Aita saria ari zela jasotzen, Ur Esnal seme bihurria jolasean ikusten genuen belusezko besaulkietan, Telmo Iruretarengandik ez hain urrun.
Noticias relacionadas
Denak ziren guapo. Denak ziren kontent baino inor ez zen Palestinaz ahaztu. Ezta Sartagudan frankistek eraginiko sarrazkiaz. Zetak taldeak, Pello Reparaz buru, jakina, eta Nerea Torrijos jantzien arduradun, bere egin zuen arratsaldean entzungo zen musikaren ardura. Entzun zen 'Hileta kanta nafarra' eta agertu ziren eszenategian doluz jantzitako emakumeak. Kantutan ari zirela, kamera batek hartzen zuen kanta, momentu berean ari baitziren labur bat filmatzen, handik ordu gutxira ETBko plataforman ikusgai izango zena.
Gala guztiak dira antzeko. Baina beste guztietan ez da agertzen 'Maspalomas'eko soinu banda sortu duen Aranzazu Calleja musikagilea. Beste zinema festetan ez da entzuten Euskal Zinemarenean berak esandakoa euskal zinemaren emakumeen inguruan: «Hemen gaude denok, soreta teknikariok lortu, irabazi merezi izan dugulako». Eta hor ziren, bere ondoan, Lara Izagirre ekoizle, zuzendari eta zinena kritikaria, Marian Pascual (ekoizle handia bera ere). Hor ziren denak, emakumezko zein gizonezko. Denak Etxebestetarrok. Denak Palestinaren alde. Denak borrokan irmo. 38 euskal film daude Zinemaldiko pantailetan. Atzo egin zuten denek beren laudorioa. Gala guztietan nola, galak eratzen dira norberak bere burua zenbat maite duen agertzeko. Eta Euskal Zinemak bere burua maite du. Sakon. Atzokoa (horra hor aspaldiko film askori egin zitzaion aitortza beroa) eta gaurkoa (Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak, bere saria eskaini zion Arantxa Echevarriari bere 'La infitrada' izan baita hemengo zinema saloietan diru gehien egin duen pelikula...
Gala guztiak antzeko-parezido dira. Agertzen dira politikariak, agertzen dira industria-gizon-emakumeak. Agertzen dira dirulaguntzak banatzen dituztenak. Eta askotan festara gerturatu ez arren zurekin akordatzen da jendea. Txisteak egin zituzten aurkezleek Nagore Aranbururen inguruan. Zergatik? Ba, Joseba Apaolaza eta Sara Cozarren irudiko, pelikula eta afixa guztietan baitago. 17 euskal film estreinatu ziren iaz eta gala gidarien esanetan Nagore 93tan zegoen.
Denok Etxebestetarrok izan ginen galan. Kontu bakarra nabaritu genuen faltan. Pelikula bat. Zergatik ez zuten eman, zaharberriturik, 'Aupa Etxebeste!'?