Veneziako Biennale Arte 2022n parte hartzera gonbidatu dute June Crespo
Etxepare Euskal Instituak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da artista nafarrak bienalean izango duen presentzia
Osteguna, 3 otsaila 2022, 14:32
June Crespo (Iruñea, 1982) artistak apirilaren 23tik azaroaren 27ra egingo den 59. Veneziako Bienalean (Biennale Arte 2022) hartuko du parte, antolatzaileek gonbidatuta. Arte garaikidean nazioarteko erreferente nagusi den erakusketa honetan 58 herrialdetako 213 artistak hartuko dute parte, eta 1.400dik gora artelan egongo dira ikusgai.
Aurtengo erakusketa, pandemia dela eta urtebete atzeratu dena, 'The milk of dreams' lelopean egingo da, Leonora Carrington (1917-2011) idazle eta margolari surrealistaren liburu batetik hartutako izenburua.
«Nola hari da aldatzen gizakiaren definizioa? Zerk osatzen du bizitza eta zerk ezberdintzen ditu landareak animalietatik, zerk gizakia, gizakia ez denetik? Zein dira planetarekiko, beste pertsonekiko, beste bizimoduekiko gure ardurak? Zein itxura izango luke bizitzak gu gabe?» Cecilia Alemani erakusketako komisarioaren hitzetan hauek dira bienalaren edizio hau gidatuko duten galderak, eta hiru arlo tematikotan zentratzen da: gorputzaren errepresentazioa eta bere metamorfosiak, norbanakoen eta teknologiaren arteko harremanak, eta gorputzen eta Lurraren arteko konexioak.
June Cresporen lana bikain txertatzen da testuinguru horretan. Etxepare institutuak ohar baten bidez nabarmendu duenez, «bere piezetan, gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskulturatik. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpenaren aipamena egiteko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk. Eskulturak eta irudiak, beti prekarietate materialetik, komunikabideen ekonomiatik, egiten aritzearen, saiakeraren garrantzian tematzen direnak».
ZABAL egitasmoaren baitan
«Beira-zuntza, erretxina, zeramika, eta brontzetik hasita, elementuak eta materialak moztu, zatikatu, handitu eta konbinatzen ditu, ikusle bakoitzari irakurketa ezberdina egiteko aukera eskaintzen dioten forma intuitibo berriak sortuz», alegia. Cresporen instalazioek etorkizuneko hiri-paisaia distopikoak eta izaki ziborg konposatu gisa dugun esperientzia garaikidea islatzen dute. Bere eskulturak ontzitzat ditu, baita «aurreko ontzi guztien erakusletzat» ere.
2021ean Artium Museoak bere ibilbidearen une ezberdinetako lanak eta proiekturako berariaz ekoitzitakoak bildu zituen 'June Crespo. Helmets' erakusketan. Crespok hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Mª José Jove Fundazioaren Nazioarteko Arte Saria (2019), RNE-ren Ojo Crítico Saria (2018), Botin Fundazioaren Arte Plastikoen beka (2018) eta sormen-lana saritzeko Gure Artea Saria (2013). Haren lanak Reina Sofia eta Artium museoetako bildumen parte dira, besteak beste.
Veneziako Bienalean June Cresporen parte hartzea Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da. Honen helburua da «euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu eta euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak egitea, baita Institutuak nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak garatu eta harreman iraunkorrak ezartzea ere». Egitasmo honen bidez, Cecilia Alemani Veneziako Bienaleko komisarioak hainbat euskal sortzaileren lana gertutik ezagutzeko aukera izan zuen, eta horren ondotik dator June Crespok erakusketan parte hartzeko jasotako gonbitea.
Egitasmoak emandako lehen fruituen artean dago Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independentearen parte hartzea 2022ko ekainean Kassel-en (Alemania) inauguratuko den Documenta 15 nazioarteko eta June Cresporen lanak Venezian ikusgai egotea.