40. urteurrena ospatuko du hurrengo egunotan Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak
Ekitaldi nagusia datorren astelehenean izango da, apirilaren 25ean, Bizkaia Aretoan, eta Gipuzkoako campusean 28an burutuko dira urteurrenari lotutako jarduerak
m. imaz
Ostirala, 22 apirila 2022, 12:54
Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak liburuaren Nazioarteko Egunaren inguruan ospatuko du bere urteurrena. Ekitaldi nagusia astelehenean izango da, apirilaren 25ean, goizeko 12:00etan Bilboko Bizkaia Aretoan. Bertan, besteak beste, ezagutza argitaratzen 40 urte daramatzan Argitalpen Zerbitzuaren ibilbideaz mintzatuko da Elisabete Alberdi, Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria. Ekitaldiaren amaiera Eva Ferreira Unibertsitateko errektorearen eskutik helduko da, eta EHUorkestraren musika emanaldiak itxiko du.
Edonola ere, campus guztietan izango du isla ospakizunak, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak irakurzaletasuna sustatzeko abian jarri duen 'Trukatuz' ekimenaren eskutik. Horren bitartez, hiru campusetan liburuen trukea sustatuko da, eta horretarako, doan eskainiko dira unibertsitateak argitaratutako lanak. Halaber, beste ekitaldi batzuk ere ikusgai izango dira campusetan, hala nola bertsoak, musika edo hitzaldiak.
Gipuzkoako campusean apirilaren 28an burutuko dira ekimenaren baitako jarduerak, datorren ostegunean alegia. Liburu trukea 10:00etatik 16:00etara izango da Carlos Santamaria Zentroaren ondoan, eta 13:00etan Gipuzkoako Campuseko errektoreordearen hitzak eta Liburutegiaren 10. urteurreneko bideo-aurkezpena egingo da. 13:45ean, berriz, Miren Agur Meabe idazlea eta Karmele Castillo biolontxelo jotzailea ariko dira.
Ibilbide luze eta oparoa
1981eko abenduaren 29an, Ikerketako Errektoreordeak, José Luis Ramirez Ortizek, UPV/EHUren argitalpen-politika bat ezartzeko beharrari buruzko dokumentua sinatu zuen. Gregorio Monreal zen orduan Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea. Argi ikusten zen Unibertsitatearen eginkizunetako bat zela Unibertsitateko fakultate eta eskoletan egiten zen lana zabaltzea. Dokumentu horretan aipatzen dira argitaratzeko modukoak izan zitezkeen lanak. Besteak beste, errentagarriak ez izateagatik enpresa komertzialek editatuko ez zituzten lanek lekua izan zezaketela aipatzen da; unibertsitateko ikerketen emaitza izango diren artikuluak; doktorego-tesiak eta lizentziatura-memoriak; bertoko irakasleek idatzitako eskuliburuak eta testu-liburuak; askotariko argitalpen orokorrak (memoriak, ikasleentzako gidak, beka eta laguntzei buruzko informazioa, etab.). 1981eko dokumentu hartan aurreikusten zen euskaraz sortutako materialak izango zuen gehikuntza, eta Argitalpen Zerbitzuak haiei bide eman ziezaiekeela. Euskararekin lotuta, euskal ikasketei buruzko programak ezarrita zeuzkaten atzerriko unibertsitateetako sailekin lanean jarduteko espazio interesgarri gisa ere ikusten zen.
Berrogei urte hauetan Argitalpen Zerbitzuak 4.686 lan argitaratu dituela, liburuak eta aldizkariak barne
1982ko urtarrilaren 19an egin zen Gobernu Kontseiluan onartu zen Argitalpen Zerbitzua sortzea, eta Argitalpen Kontseilua osatuko zuten bederatzi kideak ere bai. Bere ibilbidean, Argitalpen Zerbitzuak hamar zuzendari izan ditu: José María Rivera Pomar, José Luis Melena Jiménez, Joakin Gorrotxategi Txurruka, Francisco Javier Corcuera Atienza, Juan Igartua Salaberria, Javier Duoandikoetxea Zuazo, José Ignacio Armentia Vizuete, Teresa Agirreazaldegi Berriozabal, Leire Escajedo San Epifanio eta Elisabete Alberdi Celaya.
Punta-puntako lanak
40 urteko ibilbidean, Argitalpen Zerbitzuak punta-puntako lanak argitaratu ditu. Horren lekuko dira bertan argitaratutako lanek jaso dituzten sariak. Guztira, hamalau lan saritu dituzte. Aipatutako sariez gain, Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako lau seriek eta bildumak FECYTek (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología) ANECAren eta UNEren laguntzaz antolatzen duen Akademiako Edizioaren Kalitate Zigiluak (CEA-APQ) jaso dituzte.
Nazioartean aitortutako profesionalizazio-baldintzak betetzen dituzten Espainiako argitalpen zientifikoak identifikatzea eta aitortzea dute helburu kalitate-zigilu horiek. Horrez gain, 2016. urtetik aurrera, gure serieak eta bildumak Book Citation Index-ean daude, liburu zientifikoen indize ospetsuenean. Bereizgarri horiei esker, argitalpen zientifiko asko modu garrantzitsuan kokatu dira merkatu nazionalean eta nazioartekoan. Eta Espainiako aldizkari zientifikoen kalitate editoriala eta zientifikoa ebaluatzeko kalitate-zigilua lortu dute guk argitaratutako bederatzi aldizkarik.
«UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak euskaraz sortu eta idatzitako lan zientifikoen zabalkundean jokatzen duen papera azpimarratu nahiko nuke», adierazi du Juncal Gutierrez Mangado Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak. Gainera, gehitu du euskaraz idatzitako lan zientifikoen argitalpenean, Argitalpen Zerbitzua «aitzindaria dela».
Berrogei urte hauetan Argitalpen Zerbitzuak eman duen emaitzari erreparatuz gero, bertako erregistroek esaten dute 4.686 lan argitaratu dituela, liburuak eta aldizkariak barne. 2021ean, argitaratutako lanen % 52,15 gaztelaniazkoak izan dira, eta % 44,22 euskarazkoak. Euskaraz eta gaztelaniaz publikatzeaz gain, bereziki ingelesez argitaratu ditu lanak Argitalpen Zerbitzuak; hala ere, frantsesez, italieraz, latinez, portugesez eta alemanez ere argitaratu du, baita grekoko edo errusierazko testuak dituzten lanak ere.