Borrar
Maider Arregi, Onintza Enbeita, Saioa Alkaiza eta Oihana Arana, mahai-inguruan. Gorka Estrada

Txapelketa eta plaza nagusiez harago datorrenak aldatuko du bertsoa?

'Egungo bertsogintzako diskurtsoak, zilegitasuna eta itzalak' abiapuntu, bestelako ereduez eta etorkizunaz hausnartu dute Maider Arregik, Onintza Enbeitak, Saioa Alkaizak eta Oihana Aranak

Jon Agirre

Donostia

Osteguna, 4 uztaila 2024, 15:28

Comenta

Bertsolaritzaren kanona, hegemonikoa dena, aldatuz joan da, bereziki agian azken 25 urteotan, baina oraindik egiteko daudenen zerrenda luzea da. Izan ere, bertsolaritza eta honen baitan kantuan ari diren bertsolariak zein kantuak entzutera doazen bertsozale edo publikoa -biak ezberdindu dituzte- gizartearen isla baitira. Funtsean txapelketak, lurraldekakoak zein nagusia, dira «zentraltasun» hori hobekien islatzen dutenak zein osteko «zirkuitu nagusia», bereziki herrietako plazak, markatzen dituztenak. Hori bai, ertzetatik sortutako bestelako egitasmoek -tartean aipatu dira Ahalduntze bertso-eskola, Señora Sariketa, Bizkaian antolatutako Txapel Bete Bertso edo Bollo Bertso Saioa- aldaketak eragin dituzte. «Dibertsitate horri esker zirkuitu ofizial horretara heldu diren bertsolari batzuk konfiantza gehiagorekin eta diskurtso landuagoekin heldu dira. Ardatz hori mugiarazi du», defendatu du Onintza Enbeitak, eta adibide modura jarri du berriki Eskolarteko finaleko amaierako agurrean Haira Aizpurua txapeldunak eta June Aiestaran txapeldunordeak eskutik abestu izana, batzuentzat txikikeria izan daitekeena baina bizkaitarrarentzat, harro azaldu du, «lehia bizitzeko moduak» aldatzen ari direla erakusten duena.

Enbeitarekin batera izan dira UPV/EHUren 'Egungo bertsogintzako diskurtsoak, zilegitasuna eta itzalak' izenburupean egin den mahai-inguruan Maider Arregi, Saioa Alkaiza eta Oihana Arana. Karlos Aizpuruak moderatu du. Askotariko gaiak jorratu dituzte: umorea eta nola egiten den, matxismoa, gorputza nola ulertzen den oholtzan, estetikaren garrantzia, espazio aniztasuna edota txapelketako publikoen «banda ideologikoa». Guztietan nabarmendu dute «kode konpartitu» batzuk direla eta horien baitan jardutearekin askotan bide azkarragoa izan dela barrea sortzeko edo txaloak lortzeko, «heteronormatik» eraiki direlako gehienak. Kritiko azaldu dira laurak jokabidearekin, «goitik behera» egindakoa delako eta, maiz, «emakume askoren bizitzaren gainetik», Enbeitak azpimarratu bezala, mina edo haserrea are sakonagoa izanda «zapalkuntzako ezaugarriak» gehitu ahala: arrazializatua, bollera, etab.

Diskurtso hegemonikoetan sailkatu dituzte aipatutako «kode konpartitu» horietan kokatzea errazagoa dena, hau da, egoera ekonomiko normaleko jendea, oporrei buruz kantatzea, lana aipatzen bada fabrika bateko langile edo etxebizitza aipatzean eredu klasikoa. Aldiz minorizatuak horietatik kanpo kokatu dituzte, kokatzea zailagoak direnak, aipatuz etxebizitzako eredu komunitarioa edo bestelako lan moduen isla. Bide beretik, erresistentziak maiz «bertsoaldiko gorputzaldiaren» araberakoak direla esanda, hau da, «zeri egin nahi diozun erresistentzia, zeren aurka joan nahi duzun, mandoago joango zaren» Aranak esan bezala. Hala, adibide modura jarri du Arrasateko saio batean Alkaizak zortziko txikian egindakoa. «Gaia bikoteari jarritako isuna zen eta kontu korrontea konpartitzen ez zenutela esan zenuen». Biek oroitu dute nolabait aurpegiratu ziotela nafarrari egoera zapuztu zuela. Azaldu duenez ez zen estrategia izan, soilik barnetik atera zitzaiona, haren diskurtso edo ikuspegiarekin bat zetorrena. Eta, nolabait, hainbatetan mintzagai izan diren kode konpartituena berresten duena. Ildo horretan ekarri du gogora Alkaizak esaterako gaztetxeko saioetan etxe okupatua aipatuta publikoak segituan hartzen duela testuinguru osoa.

Egoera aldatu, irauli edo «abolitzeko» aukera posible den ere atera zen mahai-gainera. Horretarako «legitimatuko duen publikoa eta sistema» ezinbestekotzat jo zituen Arregik eta adibide modura jarri zuen Señora Sariketa, non epai berriek sorrerak «bestelako ahaleginak eskatzea eta legitimatzea» ekarri duen, edo, besteak beste, bertsolariak euren artean nola harremantzen diren oso kontuan hartzen den. Hala ere, lauek onartu dute 'bestelako' eredu horren, funtsean, lehia duela oinarri eta erakarpen-indar. «Bestela ez zen inor etorriko», onartu du Arregik. Hala, Aranak hausnartu du «kultura oso bat» eraiki dela lehiaren gainean, baina bestelakoan txapelketa nagusiko finalera ere ez zela halako jendetza joango. «Ez lirateke 14.000 pertsona egun batez batuko amaieran txapeldunik z balego. Erabaki behar da onerako ala kalterako den. Jende askok ez du bertsolaritza maite, lehia baizik». Horri gehitu du Alkaizak alor ekonomikoa, Bertsozale Elkarteak txapelketa behar duelako ere egunerokoari begira.

Bestelako bide horiek lagundu diete laurei, uneren batean edo bestean eta moduren batera edo bestera, «irauten». Alkaizak mihian herdoilik izan gabe esan du «bertsolaritza» eta, bereziki «txapelketa oso krudela dela. Oso zaila da irautea». Bat azaldu da Enbeita, txapelketaren «demostratu» behar dela dioen mantrarekin oso kritiko. «Ikusiko nituzke gustura txapelketan ondo aritzen diren asko Señora Sariketa, bollosfera bezalako esparruan edo Izan Inurri elkartearekin emozionalki erabat biluzirik kantatzen. Norentzat dago diseinatua sagardotegietako zirkuitua?», galdetu du.

Bertso-espazioak erabat «hierarkizatuak daudela» ere adierazi dute eta hauek bigarren mailan geratzen direla. Are gehiago, bigarren mailako horien artean ere badira azpi-hierarkiak. «Poteo feminista edo txosna batzordeak deitutakoa ez daude maila berean», bota du Arregik adibide modura, gehituz maiz 'feminista' etiketa duten ekitaldiak «sektariotzat» hartzen direla.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Txapelketa eta plaza nagusiez harago datorrenak aldatuko du bertsoa?

Txapelketa eta plaza nagusiez harago datorrenak aldatuko du bertsoa?