Bertsotan egiteko menu perfektua

Mahai bueltako bertso jardunaz aritzeko, Agin Laburu bertsolaria elkarrizketatuko du Eider Perezek 'Hitzetik Hortzera'n

Elkartzeko baliagarriak izan ohi dira otorduak eta horien osteko mahai inguruak, eta bertsolaritzak berak ere askotan baliatu izan du egokiera hori. Gastronomia izango du bertsoak lagun igandeko 'Hitzetik Hortzera' programan, eta, horretarako, bien arteko tandema inork baino hobeto ezagutzen duen Agin Laburu bertsolaria elkarrizketatuko dute Ipintza sagardotegian.

Askotan egin izan da mahaian bertsotan, eta aste honetan alor hori gehiago ezagutuko dute. Astigarragako Ipintza sagardotegira joango dira. Han urtero antolatzen da bertso bazkaria, eta Agin Laburuk parrilako lanen nondik norakoak kontatuko ditu. Igandeko programan, bertsotan egiteko menu perfektua diseinatzen ahaleginduko dira.

Bestalde, Bergarako kartzela zaharreraino joango dira, aratusteetako bertso saiora. Kopla Barik bertso eskolakoek, beste askok bezala, ohitura dute bertso saioaren aurretik afaria antolatzeko, bertsolari, gai jartzaile eta gainerakoentzat. Ibon Leibar Txinbo gai jartzailearekin hitz egingo dute, ea erritu honek geroko saioa hobetzen ote duen jakiteko. Inoiz joan ote zaie bertsolariren bat kontu eske afariak kalte egin diolako?

Bertso jaialdiak, Donostian eta Bergaran

Donostiako Basque Culinary Centerren antolatzen duten jaialdiko bertsoaldi onenak eskainiko dituzte. Kantuan aritu ziren Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Unai Agirre. Gai jartzaile lanak Unai Elizasuk egin zituen. Bergarako gaztetxeko saiotik ere ekarriko dituzte bertsoaldiak; han entzungo ditugu kantuan Igor Elortza, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga.

Hori guztia igandean, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera EiTB Nahieran gunean.

Temas

Euskera