«Poesiak balio izan dit perspektiba hartzeko»

Ione Gorostarzu irakaslea da lanbidez. Leitzan bizi da, eta Donostian egiten du lan. Bertan egina da argazkia. /USOZ
Ione Gorostarzu irakaslea da lanbidez. Leitzan bizi da, eta Donostian egiten du lan. Bertan egina da argazkia. / USOZ

Azken urteetako poemekin, eta berriren batzuekin, osatu du bigarren liburua, 'Ez da erditzea', amatasunak presentzia handia duen poema-sorta

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDIDonostia

2012an argitaratu zuen aurreneko poema-bilduma Ione Gorostarzuk (Berastegi, 1984), bera ikasle izandako Idazle Eskolari loturiko Karmele Igartua Sorkuntza bekaren lehen edizioaren bultzadarekin. Aurreneko urrats bat izan zen hura, eta heldu da bigarrena, isilpeko poeta izan den urteetan ondu duen proposamen poetikoa dakarrena.

– Izenburutik hasita, amatasunak bildumaren zati handi bat bereganatu du, baina ez da gai bakarra.

– Ez, gauza gehiago daude, ez baita kontzeptu baten inguruan osatutako proiektua. Aurreneko liburua argitaratu ondoren ez neukan bigarren baterako asmorik, baina idazteari ez diot inoiz utzi, eta joan naiz urteetan zehar, momentu desberdinetan, unean uneko bizipen eta kezken inguruan poemak idazten. Urte horietan gertatu zaidan gauzarik garrantzitsuena izan da bi aldiz ama izatea, eta horrek eraman nau poema asko izatera haurdunaldiaren, amatasunaren, erditzearen ingurukoak, baina liburua bestela sortu zen, poema solteetatik. Haurtzaroari buruzko poema dezente daude, esate baterako.

– Noiz ikusi zenuen poema solte horietan bazegoela liburu bat?

– Joan den udaran ikusi nuen banuela lantxo bat egina. Hasi nintzen poemak biltzen, eta konturatu nintzen bazutela batasun bat. Gerora irakurketa eginda, amatasuna ardatz hartzeak kronologikoki ordenatzeko ere balio izan dit. Izan ere, konszienteki eta liburuan pentsatuta egin dudana izan da bilduma ordenatu, poema batzuk kendu eta beste batzuk jarri –hamar bat– propio sortu ditudanak, liburuak eskatuta, haren hezurdura janzteko.

– Horien aurrekoak, ordea, liburu asmorik gabe idatziak dira.

– Buruan banuen zerbait esaten zidana ea noizko bigarrena, baina ez naiz sekula serio jarri lanean. Hala ere, idazteari ez diot utzi. Momentu batean ideia dator, apuntatzen dut, mobilean ere idatzi dezaket... Hori du ona poesiak eleberriaren-eta aldean, oso aproposa dela urgentziazko idatzi beharra bideratzeko.

– Zure lehen liburua, 'Des egiten' (Elkar) , 2012an argitaratu zen. Harrezkeroztik idatzitako poemak bildu dituzu bigarren honetan?

– Azken sei urteetan-edo idatziak dira. Lehenengo liburua argitaratu eta bolada batean idatzi gabe egon nintzen. Nik esango nuke aurreneko haurdunaldiarekin iritsi zirela lehenengo poemak.

– Zure bizitzaren etapa horretan, bidelagun izan zenuen poesia?

– Bai, garrantzitsua izan zen niretzat. Haurdunaldiak, amatasunak, dena irauli zidan, gorputzetik hasita. Dena da berria, beste batentzako bizi zaren sentsazioa duzu... Badakizu horrela izango dela, baina zerorrek egin behar diozu aurre horri guztiari. Niri poesiak asko balio izan dit ideiak pixka bat ordenatzeko eta perspektiba hartzeko.

– Gauza batzuk errazago partekatzen dira paperarekin lagunekin baino?

– Lagunekin gauza asko partekatu nituen, batez ere nirekin bateratsu ama berri izan zirenekin, baina azkenean zure buruarekin ere moldatu behar duzu ulertzeko nekea, aldaketa fisikoa, gelditu ezin duzun zurrunbiloa... Horretan ere laguntza handia izan zen idaztea.

– Azken boladan bat egin duzue hainbat emakume idazlek zuen lanetan amatasuna lehen planora ekartzeko orduan, ikuspegi desberdinak eskainiz. Ama izateko modu asko daude, alegia.

– Amatasuna ezin da hitz bakarrean jaso, nik behintzat ezin dut hitz gutxirekin definitu, ezta laburbildu ere, sentsazio oso desberdinak pilatzen zaizkidalako. Hasieran ez dakizu ama izatea zer den, gero ez dakizu haurrak nola hazi... Batzuetan superbibentzia kontu bat da, askatasunaren galera bat ere badago, eta mendez mende ezarri diguten 'ama ona' izatearen inguruko ideia hori; beldurra ere bai, eta errudun sentitzea.

– Errudun, zein zentzutan?

– Batetik, alaba bezala. Liburuan landu dut amatasuna, baina alabatasuna lantzen ere saiatu naiz, ama zarenean ispiluan bezala ikusten duzulako zuk ama egin duzun emakume hori. Dena zaintzari, besteei eta etxeari eman dion belaunaldiko da nire ama, eta hori dela eta aurkitu dut nire barruan erru sentsazio moduko bat. Nik, nolabait esateko, amatasun 'askeago' baten aldeko hautua egin dut, saiatu naiz nire espazioa hartzen, baina askatasun hori lortzeko askotan umeak amonari utzi behar badizkiot, zenbaiteraino ari naiz ni elikatzen nire amaren rol hori?

«Ez da erditzea, bikoiztea da, ni pertsona oso bat naizelako, eta nire semea ere bai»

«Amatasuna ezin da hitz bakarrean jaso, nik behintzat ezin dut hitz gutxirekin definitu»

– Ama bezala, sentitu zara errudun?

– Ama izateko modua aldatzen ari da, eredu gehiago daude, baina oraindik ere presioa handia da, badirudi 'ama onak' izatera behartuta gaudela, hori zer den jakin gabe. Titia emateari utzi nionean, esate baterako, errudun sentitu nintzen. Erabaki nuen poema bat idaztea horri buruz, baina erru sentimendua hor dago. Ama izatea berez zaila da, eta gainera asko eskatzen zaigu. Figura berreskuratzea, segituan argaltzea. Emaiozu titia. Emaiozu biberoia. Lana uzten baduzu, gaizki; etxekoandre bilakatuko zara. Lanera azkar bueltzatzen zarenean ere, gaizki; umeak ama behar du. Hartzen duzun erabakia hartuta ere, hanka sartzeko beldurra eta erru sentimendua hor dago beti. Niri idazteak lagundu dit horiek guztiak bere tokian jartzen.

– Modu nahiko soil eta naturalean idatzi duzu amatasunaz, bizipenak partekatuz baina leziorik eman gabe, eta idealizaziorik gabe.

– Bakoitzak bilatu behar du bere ama izateko modua. Etengabeko lanketa eta bilaketa da, ez dute balio lezioek. Idazteko erari dagokionez, eragina izan dezake ez izatea, hasiera batean, argitaratzeko egindako poemak. Asko inpultso batetik sortutakoak dira, eta hori igartzen da. Baina, beste alde batetik, liburuaren aurkezpenean esan nuen bezala uste dut amatasuna letra txikietara ekartzen hasi behar dugula.

–Idazle, ama, profesional, emakume, alaba, adiskide, bikotekide... Une honetan nola dituzu sailkatuta zure 'zu' horiek guztiak?

– Ama izandakoan, aurrenekoa ama da. Umeak norbait behar du 24 orduetan, eta sentsazioa duzu, nik behintzat banuen, niretzat hartzen nuen denbora umeari kentzen niola. Lanerako, etxea garbitzeko, janaria prestatzeko... Horretarako denbora hartzea ondo ikusita dago, baina idazteko astia hartzea gehiago kosta zait. Orain, behin bilduma osatuta, behin nolabait berradiskidetuta amatasunarekin, nire buruari 'baimena' eman ondoren, modu konszientean erabaki dut idazteak izan behar duela lehentasunetako bat nire bizitzan, tarte handiagoa eskaini behar diodala. Erabaki dut idatzi nahi dudala, sortu egin nahi dudala, iruditzen zaidalako gaur egungo mundu honetan oso beharrezkoa dugula sormena.

– Espazio propioaren beharra aldarrikatze horretan, oso adierazgarria da izenburua, 'Ez da erditzea'.

– Esan nahi izan dut haur bat izatea ez dela erditzea, bikoiztea baizik, nabarmendu nahian ni pertsona oso bat naizela, eta semea ere pertsona osoa dela. Irudikatu nahi izan dut amen eta seme-alaben askatasun hori. Ez gara gure gurasoek nahi dituzten seme-alabak, eta ez gara gure seme- alabek nahi dituzten gurasoak; hortik doa, gutxi gorabahera.

Temas

Euskera