Borrar
Alaia Martin bertsotan Errenterian iazko Euskararen Egunean. arizmendi

Pandemia aurreko mailatik urrun jarraitzen du plazak

694 bertso saio egin ziren 2021ean, aurreko urtean baino ia 200 emanaldi gehiago

Asteartea, 15 otsaila 2022, 15:07

Comenta

2020an pandemiak bete-betean jo zuen bertsolaritza, aurreneko hilabeteetan kanpoaldeko jarduna isilduz eta hurrengo hilabeteetan asko motelduz. Iaz hasi zen plaza suspertzen, nahiz eta ez zen heldu pandemiaren aurreko mailara. Bertsozale Elkarteak zabaldu duen informazioaren arabera, «urtarriletik abendura bitarteko plazaren bilakaerak izan du gorabeherarik 2021ean ere, gora egiteko joera handiagoa izan badu ere. Uztailera bitarte saio kopurua handitzen joan da, eta hurrengo hiru hilabete gorabeheratsuren ondotik, urrian berriro hasi da igotzen bertso saio kopurua».

Guztira 694 saio egin ziren iaz, «pandemia lehertu zen urtean baino ia 200 saio gehiago», nahiz eta «pandemia aurretik egiten ziren 1.000 inguruko saio kopurutik urrun» egon oraindik. «Mantso, baina badator plaza» esaldiarekin laburbildu dute egoera.

Errekuperazioa motelagoa ari da izaten «mahai bueltan egiten diren lagunarteko saioen» edota kalean «bertsolariak zalearekin erraz nahasten diren plaza librean». Aitzitik, «jaialdiak nabarmen igo dira pandemia aurreko urteetako bilakaerarekin alderatuz gero». Alde horretatik, «2020an sumatutako joerarekin bat egiten du, 2021ekoak: osasun neurriengatik antolatzeko zailagoak diren lagunarteko saioak eta plaza libreak ordezkatu dituela jaialdiak, alegia».

Bat-bateko emanaldi bereziek, «bertsolaritza beste kultur adierazpide batzuekin uztartzen den» saio horiek, lehendik ere goranzko joera zutenek, gora egiten jarraitu dute 2021ean, «bereziki, generoari eta feminismoari lotutako ekitaldiak» nabarmendu direla. Bi musikarirekin lankidetzan Onintza Enbeitak, Uxue Alberdik, Miren Amurizak eta Aroa Arrizubietak herriz herri eraman duten 'Ez da kasualitatea' ikuskizunaren arrakastak badu zerikusirik arrakasta horretan.

Deigarria badirudi ere, saioen kopurua murrizteak ez die proportzio berean eragin bertsolariek egin ahal dituzten saioei. Izan ere, «lagunarteko eta libreko saioen aldean jaialdi gehiago egin dira, eta azken hauetan bertsolari gehiago aritzen dira kantuan: lagunarteko eta librekoetan bi bertsolari aritu ohi dira, eta 4-6 jaialdietan». Horrek «saioen galeraren ondoriozko bertsolarien parte-hartzearen txikitzea orekatu du nolabait». Era berean, «gizonezkoek gehiago kantatu ohi duten saio mota gutxiago antolatu dira, eta parekidetasun ikuspegia nabarmenagoa den saio mota gehiago; jaialdi eta bat-bateko bereziak, kasu». 2019an, emakumeen parte-hartzea %36koa zen, eta 2021ekoan, aldiz, %48ra igo da proportzio hori.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Pandemia aurreko mailatik urrun jarraitzen du plazak

Pandemia aurreko mailatik urrun jarraitzen du plazak