Errotari, Goxua'n salsa taldearen disko berriko singlea
2024an diskoa aurkeztuko dutela aurreratu du Kolonbia eta Nafarroako orkestrak
J. A.
Ostirala, 19 urtarrila 2024, 18:29
Sekulako sorpresa izan zen Goxua'n Salsa taldea agerraldia euskal musikaren agertokian eta hiru urte hauetan oholtza gainean erakutsitako indar berarekin aurkeztu dute bigarren diskoa izango denaren lehen singlea, 'Errotari'. Egunerokotasunari buruz doan kantua, saltsa azkar eta gogor estilokoa da, 70etako saltsa ekoizpen askoren antzera, bai eta saltsa kaleño kolonbiarraren pare eta honek duen ziklikotasun astun eta pisutsua azaltzen du.
Jada plataforma digital nagusietan entzungai da eta bideoklipa ere aurkeztu dute. Horretaz gain, 2024an diskoa kaleratuko dutela aurreratu dute. Gainera, oraingoan, konposizio propioek saltsa bertsioen lekua hartu dute taldearen errepertorio berrian.
Hiru ahotsetako korua, pianoa, baxu elektrikoa, kongak, tinbalak, bonga eta kanpaia, güiroa, bi tronpeta eta hiru tronboik osatzen dute Goxua'n Salsa taldea. Kolonbia eta Nafarroako orkestra 2020an egin zen ezagun, 'Emaidan Freskura' eta, ondoren, 'Bueltatzen', Berri Txarrak talde mitikoari egindako omenaldiarekin.
Saltsa klasikoa jotzen du, New York, Kolonbia eta Puerto Ricoko 60, 70 eta 80ko hamarkadetan inspiratuta, baina bere letretan ukitu paregabea du, euskara, genero honen barruan inoiz ikusi ez den zerbait.
Estudioko lehen disko homonimoan hamaika kantu aurkeztu zituzten, besteak beste, saltsa klasikoan beste genero batzuen bertsio handiak eta gai propioak euskaraz eta gaztelaniaz.