«Zaila izango da Berri Txarrak bezalako beste talde bat sortzea»
Agurraren bezperan, Ines Arrue fan sutsuak, Eider Iturriaga argazkilariak eta Inaxio Esnaola kazetariak euren sentsazioak partekatu dituzte
Berri Txarrak taldeak 25 urteko ibilbide arrakastatsua bukatutzat joko du asteburuan. Lekunberrikoek bi kontzertu jendetsu eskainiko dituzte gaur eta bihar Iruñeko Navarra Arenan. Sarrerak agortu dira, baina hantxe egongo da Ines Arrue donostiarra bere talde kuttunena aurten zortzigarren aldiz ikusteko.
Publicidad
Eider Iturriaga Bermeoko argazkilariak 40 aldiz baino gehiago ikusi ditu otsailetik hona, haiekin ibili baita munduan, zehar azken birako argazkiak egiten. Inaxio Esnaola kazetari donostiarra, berriz, etxean geldituko da, edo beste talde baten emanaldira joango da, harentzat nafarrak «erreferenteak» diren arren. Agurraren bezperan, hirurak elkartu ditugu, haien iritziak eta sentsazioak ezagutzeko asmoz.
Navarra Arena
-
Gaur 21:00etan, Nizuri Tazuneri eta 22.30ean Berri Txarrak.
-
Bihar 21:00etan, Leihotikan eta 22:30ean Berri Txarrak.
Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek 80 bat saio egin dituzte aurten. Despediraren testigantza grafikoa uzteko, Ibai Arrieta usurbildarra eta Eider Iturriaga kontratatu dituzte. Bien artean banatu dute lana eta hara-hona ibili dira kamerekin, taula gaineko irudiak ez ezik atzealdekoak ere hartuz: kamerinoa, bidaiak, otorduak...
Durangoko Azokan kaleratuko den 'Berba eta irudia' liburuan egongo da ikusgai emaitza. Argazkiz jositako 300 orrialde eta Harkaitz Canoren testuak izango ditu.
Liburuari azken ukituak ematen ari dira egunotan, eta Navarra Arenako argazkiak azken kapituluan sartuko dituzte. Asteburuari begira, «urduritasuna» da nagusi, taldekide zein argazkilariei dagokienez. «Urduritasun puntu hori beharrezkoa dela uste dut. Niri, behintzat, lan egiten laguntzen dit», azaldu du Eiderrek. Rock hirukoarekin batera bizitako uneak ikaragarriak izan dira -«ikusi ditut oso pozik, nekatuta, haserre, gaixorik...»- eta oraindik ez da «kontziente» egun gutxi barru bidaia bukatuko dela.
Inesentzat ere oso berezia izango da larunbateko emanaldia. «Nire diruarekin erosi nuen lehenbiziko CDa 'Eskuak eta ukabilak' izan zen. Harrezkero, disko guztiak eskuratu ditut, aurrekoak zein ondorengoak. Musika-kontzientzia dudanetik, Berri Txarrak konstante bat izan da nire bizitzan, beti nire ondoan egon den soinu banda. Asko eman didate: konpainia, oroitzapenak, kuadrillarekin une ahaztezinak...Beste mila talde kuttun ditut -Su Ta Gar, Kuraia, Deabruak Teilatuetan...- baina Berri lehenbizikoa izan zen», nabarmendu du.
Publicidad
Agurraren zurrunbiloa
Etenaldi mugagabea iragarri zutenean, bere bikotekideak esan zion Beri Txarrak ikusteko hiru sarrera oparitu behar zizkiola: bat Euskal Herrian, beste bat Espainian eta beste bat Europan. Azkenean, baina, gehiago izan ziren eta, besteak beste, Hernanin, Donostian, Madrilen eta Bordelen egon dira: «Oso kanta gutxi errepikatu dituzte ni egon naizen zazpi kontzertuetan, eta bakoitza esperientzia desberdina izan da».
Inaxio Esnaolak, berriz, aurten behin bakarrik ikusi du Lekunberriko taldea zuzenean, Galiziako Resurrection Fest jaialdian, baina ez zen joan espresuki haiek ikustera. Gorka Urbizuren urratsak «aspalditik» jarraitu ditu -«Nahi Ta Nahiez taldean zegoenetik»- eta Berri Txarrak-en jatorrizko disko guztiak ditu, baita oso gustuko ez dituenak ere, esaterako, 'Infrasoinuak' (2017) azken lana. «Nire erreferenteetako bat da, zalantzarik gabe. Formazio guztiekin ikusi ditut zuzenean eta Gorkari pare bat aldiz luze elkarrizketatu dut. Asko estimatzen dudan pertsona da: umila, borrokalaria, koherentea», aipatu du metala eta soinu gogorrak laket dituen musika kazetariak.
Publicidad
Edonola ere, Inaxio kritiko agertu da, ez taldearekin -«musikari bikainak dira»-, baizik eta bere agurrak hainbat jenderengan sortu duen zurrunbiloarekin: agortutako sarrerak, leporaino betetako aretoak... «Kontzertuetan 'ultrafanak' egon dira, bai, baina, asko eta asko 'atrezzo' gisa joan dira. Berri Txarrak inoiz ikusi ez arren, han zeuden egon behar zirelako», deitoratu du. Ines eta betiko jarraitzaileak «Errespetatzen» baditu ere, aukeran, hark nahiago du ezagutzen ez dituen izenak aurkitu eta ez talde berbera behin eta berriro errepikatu: «Ez dakit, agian zahartu naiz ikusle gisa, nekatu egin naiz».
Saioek euskal 'erromesaldiak' eragin dituztela onartu arren, Ines Arruek uste du astebururako plan politak egiteko aukera eman duela birak. Eiderrek bertso-finalen eromenarekin konparatu du fenomenoa, baina emanaldietan 'postureo' gutxi ikusi duela azpimarratu du: «Salbuespenen bat kenduta, oso gustura sumatu dut publikoa, benetan gozatu du». Hori bera hamaika kontzertutan igarri du argazkilariak. Euskal Herrian ez ezik, Europako toki askotan -«beti agertzen da euskal diasporako norbait»- eta Japonian ere bai: «Ikusle bikainak dira japoniarrak. Gauza berriak gustuko dituzte eta aretoak betetzen dituzte hizkuntza eta taldea ezagutzen ez badituzte ere».
Publicidad
Etxeko lanak eginda
Iritziak iritzi, hirurak ados daude Berri Txarrak taldearen garrantzia azpimarratzeko garaian. «Niri ez dit pena ematen uzteak. Haien ibilbidea nabarmentzekoa da. Estilo aldetik oso bilakaera zabala izan dute -metala, hardcore, rocka, popa...-, garai berriko talde handienetako bat da publikoa eta salmentei dagokienez. Euskal Herriko musikagintzaren izen handi bat da Berri Txarrak eta, bereziki, Gorka Urbizu, Galder eta David musikari finak direlako, baina nik nahiago ditut Dut eta Kobra taldeetan, hurrenez hurren. Zaila izango da Berri Txarrak bezalako beste talde bat sortzea Euskal Herri mailan», iritzi dio kazetariak.
«Etxeko lanak eginda joango dira. Jakin dute bere erreferentzialtasuna defendatzen, langa batzuk gainditu eta oinarri sendoa sortu dute haien atzetik etorri direnentzat», gaineratu du Inesek. Taldeko gazteenak oso gogoan ditu Gorka Urbizuk Kobetamendiko saioan bota zituenak: «Jende gazte asko dago gaur hemen. Beharbada, dudatan zaudete talde bat egin edo ez, gitarra hartu edo ez, nobela bat idatzi ala ez, dantza talde bat sortu ala ez... Entzule aktiboak behar ditu gure hizkuntzak. Beraz, bihar ensaio! Bihar ensaio!» Ines Arrueren aburuz, azken urteotan talde pila bat «entseatzera» bidali ditu Berri Txarrak-ek: «Euskal kulturan hutsune bat utziko dute, baina aldi berean, leiho eta ate asko ireki dituzte». Baita haien balizko itzulera batenak ere...
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión