Borrar
Bi emakume, cosplayer edo manga pertsonaia ezagunez mozorrotuta.

Ver 64 fotos

Bi emakume, cosplayer edo manga pertsonaia ezagunez mozorrotuta. Félix Morquecho
58. Durangoko Azoka

Manga eta rola nagusi Ikasle Goizan

Bigarren eguneko protagonistan belaunaldi berriak izan dira eta ostiralean Gazte Eztandak hartuko du Durangoko Azokaren egitaraua

Jon Agirre

Durango

Osteguna, 7 abendua 2023, 12:02

Comenta

Ikasle Goizaren baitan Euskal Herri osotik gerturatu ziren atzo Durangora ikastetxeetako gazteak. Beste urtebetez askorentzat Azokarekin izango duten lehen kontaktua edo harremana izan zen eta, horren jakitun, antolakuntzak espresuki haientzako hainbat keinu gehitu zituen egitarauan goizetik hasita eguerdiraino, bai Kabi@ gunean zein Landako guneko pasiloetan zehar.

Lehenean izan zen 'Nire lehen bideojokoa', gazteek «bideojoko bat zer den eta atzean zer dagoen» uler dezaten antolatutako lantegia. «Ideia eta garatzaile bat ezagutzea nahi genuen, aplikazioa probatzea eta oso solte ikusi ditugu», nabarmendu zuten Kabi@ gunean. Era honetara, gainera, «ate bat» ireki zitzaien. Han izan ziren Baionako Estitxu Robles Kolegioko 25 ikasle, batzuk bideojokoan zaleak eta besteak gutxiago jolastu ohi direnak. «Euskararekin harremantzeko horrelako aukerarik ez dute ohikoan eta oso pozik gaude», azpimarratu zuten irakasleek. Iban Aizpurua irundarrak eskaini zuen tailerra, 2021ean Durangoko Azokak antolatutako Sormen Beka erdietsi zuena eta haren laguntzarekin 'Barraka', plastilinazko pertsonaiak dituen bideojokoa, sortu zuena.

Mintegian zehar funtsezko euskarria izan zen 'Barraka'. Lehenik atal teorikoagoa eskaini zien bideojoko batek zer izan behar duen xehatuz eta kasuan kasuko adibideak jarriz. Esaterako, pertsonaien animazioa azaltzeko Aizpuruak pausuz pausu berak egindako lana erakutsi zien eta joko orok izan beharreko elementuetan programazioa nabarmendu zuen, «hori gabe ez baitago jokorik». Joko diseinua ere oso kontuan hartzeko aholkatu zien, «helburua jokagarritasuna baita». Beste elementu modura aipatu zituen grafikoak, «ia joko guztiak dituztenak»; soinuak edo musika; eta gidoia. Azken honekin umorez jokatu zuen irundarrak. «Tetris edo Candu Crushek ez dute gidoirik eta begira arrakasta».

Aholku eta gidaritza hori buruan bideojoko baten pantaila edo maila bat editatzea tokatu zitzaien 25 gazteei Construct aplikazioaren bitartez, «ordu betean ezinezkoa baita bideojoko bat sortzea» Aizpuruak nabarmendu zuen bezala. Ikasleei jarritako erronkaren maila ulertzeko, sortzaileak 'Barraka' egiteko urtebete behar izan zuela azaldu zuen eta bideojoko potenteenek 200-300 pertsonako lantaldeak izan ohi dituztela 4-5 urteko epearekin. Horretaz gain, bere jokoa «oraindik ere hobetzen jarraitzen» duela kontatu zien.

Gamer gela Kabi@an

Kabi@ gunean hartu zien erreleboa Game Erauntsia eta Rolariak elkarteek antolatutako Gamer Gelak. Bi saiotan euskarara ekarri diren edo zuzenean euskaraz sortu diren 147 joko instalatu zituzten ordenagailuetan, «oraingoz kontsolek halakorik ez dutelako ahalbidetzen», azaldu zuen Lander Unsueta Game Erauntsia elkarteko kideak.

Afizioz itzuli dituzte hainbat joko eta, ildo horretan, erakundeen laguntza gehiago aldarrikatu zuen gurean «industria handia» dagoela iritzita. «Sortzaileak hemen geratzea lortu behar dugu euskaraz egin ditzaten bideojokoak». Izan ere, joko batzuek liburu batek adina testu dute eta horrelako lanei erantzuteko dirulaguntza sistema batek lagunduko lukeela uste du. Azken urteetan «txip aldaketa» eman dela baliatuta une egokia dela azaldu zuen.

Ildo beretik mintzatu zen Pello Gutierrez Rolariak elkarteko kidea. «Azken 4-5 urteetan aldatu da egoera, orain jende asko gerturatzen da galdetuz ea zer dugun euskaraz». Eta asko gazteak baziren ere, helduagoak ere gerturatu ziren atzo 1545 Argitaletxearekin batera Goienkalen duten 36 postura.

'Manga Euskaraz'

Bideojokoena ez zen tailer bakarra izan eta mintegiekin batera 'Manga Euskaraz' kanpaina proposatu zuen antolakuntzak Ikasle Goizaren baitan. Goiz osoan zehar –eta gaur ere izango dira– 10 urtetik gorako gazteek Landako guneko pasiloetan barrena cosplay edo manga pertsonaia mozorrotutakoak bilatzea zuten erronka eta haiei euskaraz egindako bineta edo marrazkia ematea. Trukean zenbakitutako opari bonua jaso zuten Harriet argitaletxearen salmahaira eraman eta 'Kabe' zigiluaren euskarazko manga bat eskuratu ahal izateko. Guztira 500 opari bonu banatuko dira, kanpainaren egun bakoitzean 250. Era honetara, gazteen artean irakurtzeko ohitura sustatu eta irakurzaletasuna bultzatzea da asmoa.

Aukera galdu ez zutenen artean koka daitezke Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako DBH 3 eta 4. mailako ikasleak. Batzuk jada manga zaleak ziren, baina gehienek etxetik marrazkia egina eraman zuten eta autobusean 'Cube Arts', 'Heroines game', 'Dinosaurs sanctuary' edo 'Girls' last tour' sailetako ale banarekin.

Ikasle Goiza izanagatik ere, bertaratu diren bakarrak ez dira ikastetxetako gazteak izan. Hala, antolakuntzak garraio publikoa erabiltzeko deiari erantzunda bertaratu ziren Oñatitik autobusean Amets, Amaiur, June, Naroa, Hegoa eta Añes. Helburu zehatzik gabe, Landakon erakusmahaietan ikusgai zegoena begiratzea zuten asmo, bereziki musika arloko berritasunak. Erosteko, aldiz, kontuak argiago zituzten: poltsa.

Lehen egunaren ajea

Lehen eguna zoroa izan ohi da eta bisitarietako askok goiza buelta bat eman eta zer zegoen ikusteko baliatu zuela nabarmentzen dute argitaletxe nagusietako erakusmahaietan. Orokorrean balorazio ona egin dute, jada lan nagusia, kalitatezko produktua egin eta berau publizitatu, eginda dagoela. «Jende asko, baina ez gehiegi» izan da gehien errepikatutako esaldi bat, erakusmahaien artean mugitzeko eta bertaratu ziren kulturzaleek gerturatzeko moduan, hitz egin ahal izateko, kontsultak bota, sinadurak eskatu eta, noski, liburuak erosteko ere.

Lehen 'bira' horren ostean, bazkalaurretik edo 18:00ak aldera, gehiago saldu zera ere azaldu dute batzuek. «Olatuka funtzionatu zuen».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Manga eta rola nagusi Ikasle Goizan