Saioa Alkaizak eskuratu du XXVIII. Igartza Beka
40 urtera bidean doan Nahia da protagonista, «familia pobretik» datorrena eta »pobreziak bereziki markatutako haurtzaroa» izan duena. Hori bai, zirriborroa izanik planteamendua, «%80a bota eta aldatuko» balu pozik egongo da nafarra
Dela oholtza gainetik bertsotan edo hedabideetan emandako elkarrizketa eta kolaborazioetan, ukaezina da Saioa Alkaizak asko duela esateko. Orain, idatzi betidanik egin badu ere, literaturan papereratuko ditu 'Katu ilean txandaletan' eleberriarekin. Harekin eskuratu du Elkar argitaletxeak CAF eta Beasaingo Udalarekin elkarlanean antolatzen duten Igartza Sariaren XXVIII. deialdiko beka. Hala ere, proposamena izanik, Alkaizak aurreratu du aldaketak izan ditzakeela. Are gehiago, izatea nahi duela. «Sormen beka bat da eta poztekoa litzateke %80a bota eta berriro sortuko banu. Zer egingo nukeen pentsatu dut eta badakit aldatuko dudala. Estiloa abiapuntua da, gaiak bai ditut presente, baina aurkeztean zerbait diferentea izan daiteke».
Lehen zirriborroaren arabera protagonista Nahia da, 40 urtera bidean doan emakumea. Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak esan bezala «euskal literaturan oso gutxi ikusia» den ezaugarria du «familia pobretik datorrela eta pobreziak bereziki markatutako haurtzaroa» izan zuela. Ez da ausazko hautua izan, irakurle bezala ustea izan baitu Alkaizak «fikzioan karikaturizazioa» egitea oso ohikoa dela, hau da, pertsonaiek oinarrizko bete beharrak aseta dituzten eta «problematika» base ekonomiko batetik abiatzen den. «Ez da bera zure bikoteak adarrak jartzea frigorifiko hutsa bete ezinez gero eta horrek dakarran intersekzioa edo fragmentazioa, edo bestela», jarri du adibide modura.
Bestelako gaiak ere badira: harreman sexu-afektiboak, hauek eragin ditzaketen leherketak, erloju biologikoa edo «mandatu patriarkala» haren hitzetan, zaintza eta honek sortutako generoak, lan mundua, sare sozial eta «mundu paralelo» dirudien digital horretan ditugun jarrerak… Nahiz eta ez duen erabat bideratua nola landuko dituen. Azkenak, adibidez, «zaharkitua» geratzeko beldurra aipatu du. Era berean, «artistikoki gauza kategorikoak» garrantzia gutxiago dutela iritzita eta «bizitzan gauzak hain sinpleak» ez direnez, zenbait pertsonaia euren «ideologiaren kontra» jartzen saiatu da. Nahia protagonista, esaterako, aitarekin duen harremanean.
Hori, gainera, kapa ezberdinen bidez egin nahi izan du «pobreziaren fetitxizazio edo folklorizazioa» saihesteko. Adibide bezala jarri du Sara Mesa idazleak 'Silencio administrativo' eleberrian islatutakoa, protagonistak zein zailtasun dituen dirulaguntzak lortzeko. «Une batean esaten du 'ematen du gain idatzitako pertsonaia dela protagonista'. Ez da gainidatzaa, biolentzia edo bazterketa geruza batean zaudenean gainerakoak metatzen zaizkizu. Hori irudikatzen saiatu naiz, zein harreman daukaten haien artean-edo».
Testu-proposamena eleberria da, nahiz eta aurrez ipuin solte batzuk ere zirriborratu zituen. Aldiz, haien arteko «haririk, liburu bezala osa zezaketenik» ez zuenez ikusten 'Katu ilean txandaletan' izendatu duen eleberri proposamenaren aldeko hautua egin du. Idazkera horretan, nahiz eta zirriborroa izan, estiloa nabarmendu du Mendigurenek, istorioa «drama bat» bada ere, ez darabilelako «biktimismorik, ez du errukia bilatzen». Hala, umore eta ironia puntuaz galdetu dio Alkaizari. Honek adierazi du «zaila» egiten zaiola «erabaki kontziente ala inkontzientea» den esatea. Bai kontatu du ez zuela megadrama bat nahi. Era berean, oraingo planteamenduan narratzailea izango den ahots bat, «orojakilea eta posizionatua», ikusten du, baita eguneroko modura funtziona dezakeen atala. Honetan, aldiz, ez du oso argi enfokea, agian «protagonistaru ariketa modura» bidalia, ziurrenik «modu neutroan» eta «berraztertzeko.
Alkaizak bere buruaz esan bezala «sorkuntzaren militantea» da, «horretan ari nahiko lukeen norbait» eta orain arte bertsolaritzan izan bada ere, «idaztea beti izan dut gustuko». «Oro har literaturan langile izatea gustatzen zait, horren zabaltasunean eta termino horrek barnebiltzen duen guztian». Hain zuzen, agerraldia baliatu du sorkuntzan eta sormenean maiz aipatzen diren «inspirazio» edo musak» bezalakoen aurrean benetako gakoak «baliabide materialak eta horri ekiteko denbora» direla aldarrikatzeko. «Sistema kapitalista zisheteropatriarkalean non zure lan indarra saltzen duzun, lan asalariatua duzunean, oso zaila da horri ekitea». Egoera horretan bekak edo bestelako sariketak «aitzakia» direla esanda asko eskertu du Igartza Bekak eskainitako aukera.