Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Ezkerretik eskuinera, CAFeko Joxe Begiristain, Elkarreko Xabier Mendiguren, Miren Amuriza eta Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatea.
Sabina, bere eremua defendatzen duen andre basa

Sabina, bere eremua defendatzen duen andre basa

Miren Amurizak Igartza sariaren laguntzarekin idatzi duen 'Basa' nobela «trinko, hautemangarri eta direktoak» protagonista kementsua du: 80 urteko baserritar egoskorra

Nerea Azurmendi

Donostia

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Miércoles, 3 de abril 2019, 18:48

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Mantal bat bestearen gainean; horien gainetik, puntuzko txaketa iluna; lurrean ondo tinkatutako oinetan, etxeko zapatillak; tentsio puntua eskuetan (batean, soka), eta lepotik beherakoak iradokitzen duen adineko emakumeari dagokion aurpegiaren ordez, basurde baten burua.

Bete-betean islatzen du 'Basa' eleberriaren azalak (Juanma Aramendik egina da) nolakoa den Sabina, Miren Amurizaren (Berriz, 1990) aurreneko nobelaren protagonista, bere eremua –baserria, bizitzeko modua, burujabetza pertsonala...– hortzez eta haginez defendatzen duen 80 urteko andrea, 'baserriko amonaren' ohiko estereotipo gozo eta idealizatutik ezin urrunago dagoena.

Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkarrek antolatzen duten Igartza sariaren 2017ko edizioaren emaitza da Miren Amurizak Donostian –Xabier Mendiguren editorea, Beasaingo alkate Aitor Aldasoro eta CAFeko Joxe Begiristain ondoan zituela–, aurkeztu duen eleberria.

Sormen prozesua nekeza izan dela onartu du Amurizak, eta «apaltasun lezioa ere bai», eleberri bat idaztea «uste baino zailagoa» gertatu zaiolako. «Hasieran marko oso zabala prestatu nuen, dena esan nahi nuen aurreneko nobelan, baina gero joan naiz markoa txikitzen, benetan esan nahi nuena kontatzen», azaldu du. Pertsonaien kopurua murriztu, istorioa trinkotu eta idazkera soildu ondoren, hitz bat soberan ez dagoen eleberri labur eta trinkoa osatu du; gogoeta, digresio eta deskribapen luzerik gabeko kontakizun zehatza. Idazlearen hitzetan, «trinkoa, hautemangarria eta direktoa». «Jesarraldi batean edo bitan irakurtzeko» eleberria da, non gaina hartzen dieten gainerako guztiari, eta guztiei, Sabina zailduaren izaera egoskorrak eta erabateko determinazioak.

Ardatz nagusietakoa, zaintza

Proiektua aurkeztu zuenean 'Paperezko txoriak' izenburua zuen eta, bidean seko aldatu ostean, 'Basa' bilakatu den eleberriaren bidez, Miren Amurizak argitu nahi izan du, besteak beste, «nola heldu daitekeen adin horretako emakume bat horren basa izatera».

Amuriza ez da baserrian jaioa. Bai ordea baserri eremuan. Ezagutzen ditu hortaz, familian ere baditu, baserriari huntza hormari bezala atxikitako andreak. «Zauri bat egiten dutenean, tirita jarri beharrean txakurrari miazkatzera ematen diotenak», lokatzaren (basaren, alegia), odolaren, animalien, iluntasunaren edo bakardadearen beldur ez direnak, tokatu zaizkien bizitzak bezain gogorrak.

Horietakoa da Sabina. Hitz gutxikoa, agintzen obeditzen baino hobea. Hiru seme-alabaren ama, alarguna, Ameriketatik bueltan baserrian hartutako koinatuarekin bizi da Altzerrekan. Baserriaz arduratzeaz gain, osasun arazo serioak dituen Henry zaintzen du. Zaindu baino, «gobernatu egiten du, ardiak eta baserriko gainerako animaliak gobernatzen dituen bezala. Jaten ematen dio, garbitzen du... Bere eguneko beharren artean dago Henry zaintzea, eta betetzen du egin beharrekoa, baina ez dago akzio solte horietan inolako osagai emozionalik».

Zaintza da hain zuzen, Miren Amurizak azaldu bezala, eleberriaren gai nagusietako bat. Sabinak ere izango du ahulaldia. Eritxean ezagutuko du irakurleak, ebakuntza txiki bat egin ostean etxera itzultzeko prest. Iritsi zaio, familakoen ustez, zaindua izateko unea. Eleberrian ikusiko da zein modu desberdinetan egiten dioten aurre seme-alabek egoera horri, eta nola egingo dion uko Sabinak inoren menpeko bilakatzeari.

Hasieratik amaierara, bereari eutsiko dio, «zaharrak zahartzen eta gazteak alde egiten» ari diren munduari, begien aurreran desagertzen ari zaion inguruari -propio egin ez badu ere, ederki islatu du Amurizak gainbehera- eta, batez ere, bere buruaren eta erabakien jabe izaten jarraitzeari.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios