Lehen aldia euskal kulturaren La Mekan
Gogoan dut aurreneko liburua kaleratu baino lehen izan nuela estreinaldia Durangon
Durangoko Azoka, euskal kulturaren La Meka izan daiteke, euskaltzale guztion kokaleku eta helburu, bizitzan behin, gutxienez. Baina horretan badira euskaltzale sutsu eta zaletuak, bizitzan behin baino gehiagotan egin dutenak Durangora txangoa.
Ni ere maiz izan nauzue han, egile gisa batzuetan. Gogoan dut aurreneko liburua kaleratu baino lehen izan nuela estreinaldia Durangon. Bob Dylanen doinu ezagun hura, 'Romance in Durango' buruan eta mihi-puntan, aldiro kantatuz, aldiro txistua joz. 'Denbora, nostalgia' zen liburua, 1984an kaleratua, beraz, urteak igaro dira ordutik hona, mordoxka. Lehenago, ordea, 'Porrot' aldizkaria eskuan genuela, ilusioz beteak, animoa jasoa, Durangora joan ginen. Lehen zenbakiak suizidioarena zuen gai bakarra. Ez ginen optimistak, ez, ezta gutxiago ere. Aldizkaria geure poltsikotik ordaindu genuen, garai hartan ohikoa zena; gaur ez dakit.
Denok izan dugu lehen aldia noizbait, amodioarenak dira gehien gogoratzen direnak: maitemindu ginenekoa eta maitemintze aldi hura galdu zenekoa, lehen aldiz, maitatzearen beste aurpegia erakutsiz. Ez dira bakarrak. Eskolara joan ginenekoa ere ez da garrantzi txikikoa, ahazten badira orduko zirrara eta egonezina, orduko negarra eta makakorroa, amaren orduko etsipena, maisuen pazientzia infinitua, eskolakideen lotsa gaiztoa, norberaren lotsa handia. Ahaztekoa ere ez da lehen aldiz jendaurrean poema bat irakurri genuenekoa, ahotsa dar-dar eta hankak baldar, eta bihotza punpa eta punpa, hitzak trebeska bezala irteten.
Nostalgiarik ez dut aspaldiko garai hartaz, baina aitortu behar diferentea zirela giroa eta girondoa, gaurko aldi honekin konparatuz. Durangoko azoka zaharrean egiten zen, hortik Azoka izena, eta aire zaharkitua zen nagusi, tokia ere halakoxea baitzen. Aire zaharkitua zuen tokiak, baina paper berriaren usaina zekarten liburuek. Horregatik, Landako aukeratzea azoka gune gisa garrantzitsua iruditu zait, eta erabatekoa, etorkizunari begira. Baina etorkizuna bizi dugu, gaurko kontua balitz bezala. Irudipen hori dut, izan ere, urtetik urtera azoka bizi dugu bere buruarekin lehian, zein baino zein ari balitz bezala. Datuak, datuak eta datuak.
Lehen liburua kaleratu nuenean ezin esan harrera txarra izan zenik. Ez, orduan denok ginen elkarrekin lagun, denok irakurtzen genuen denona, diskriminazio handirik gabe, baina esan behar da askoz liburu gutxiago argitaratzen zela; euskal kultura gehienbat hasiberrien eskuetan zegoen, amateurren edo zaletuen eskuetan zegoela ez esategatik. Hori dela-eta, liburu kaleratu bakoitza lore-sorta berri bat bezala hartzen zen, arantzarik gabe, alde bigunetik oratuz; eta idazle berriok, berriak izateagatik bakarrik, estimatuak ginen oso. Aire lagunkoia zebilen, seguru asko ez ginelako bizi etorkizunari begira, baizik eta orainari gorputza emanda.
Liburu asko aurkeztu ditut Durangon, batzuk nireak eta beste batzuk lagunenak, eta beti entzun izan ditut esker hitzak alde guztietatik, egindako lana egin izanagatik, beste arrazoirik gabe. Gaur, euskal kultura gehienbat, profesionalen esku dago, eta hori mesedegarria da, bai kulturgileentzat, bai hartzaileentzat ere. Ez dut oraindik «kontsumitzaile» hitza erabili. Baina irudipena dut profesionalizazioak kontsumitzaileak ekarri dituela berarekin, hartzaileen kaltetan. Lehen liburua aurkeztu nahi duenak Durangon lan zaila du bere burua nabarmentzen eta publikoaren arreta eta medioen konplizitatea bereganatzen. Masifikazioak hori dauka txarra.
Sara Uribe-Etxeberriak, esaterako, lehen liburua kaleratu du aurten. Hogei urte ditu, mende honetakoa da, eta 'Kuntzak eta kerak' (Balea Zuria) da lanaren izenburua. Izango dira beste batzuk Durangora hurbilduko direnak, lehen liburua eskuan. Profesionalizazioak bere aldetik errentagarritasunaren kontzeptua ekarri du, batzuentzat ona izan daitekeena, beste batzuentzat, ez hain ona, kultura ez baita errenta, hori diote. Salmenta, salmenta eta salmenta. Ez du axolarik, nire iritzia da, liburuen salmenta oharkabe igarotzen bada ere, ongi egina dagoena ez baita neurtzen metodoaren eta lanarekiko zintzotasunaren arabera baizik. Dena dela, errentagarritasuna eta euskal kultura askotan antonimoak izan dira, teorian bederen; praktikan ez hainbeste. Nagusi dira, hala sinetsi nahi dut, bestelako arrazoiak lehen liburua argitaratzerakoan, errentagarritasuna aparte: sentimentalak eta ideologikoak. Lehen liburua kaleratzen duenak ezin pentsa lezake liburu horrekin, euskaraz idatzita egonagatik, barne gogoarenaz gain, bestelako aberastasunik lortuko duenik. Galdua genuke, bestela, berriarekiko lilura.