Itxaro Bordak «orain eta hemen» sentitzen duena bildu ditu liburu batetan
'Itzalen tektonika' bilduman hainbat gai jorratu ditu, besteak beste, maitasuna, gerrak edo hizkuntza
«Orain eta hemen» poeta bezala sentitzen duenari buruz idatzi du Itxaro Bordak bere azken lanean, «etorkizunerako beldur puntu guztiak» ezabatuz. 'Itzalen tektonika' poema bilduman hainbat gai jorratu ditu idazle baionarrak. hala nola, idazkera eta hizkuntza, gerrak, maitasuna, natura, orainean txertatutako iragana, harremanak, politika, familia, ihesa, sumendiak eta «horien guztien itzalak», Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak azaldu bezala.
Sarrerako poema bat eta zazpi ataletan egituratu du liburua idazleak. Lehenengo hiru atalek eta azkeneko hirurek 'Erreplikak' izenburua daramete, eta laugarrenak 'Epizentro'. Hain zuzen, atal hau da luzeena, 'Itzalen tektonika' azpiazalean bildutako 34 poemekin, laburrak denak eta gai askotakoak. «Erdian du epizentroa liburuak, eta lurrikara baten dardararekin liburu hasierara eta bukaerara hedatzen dira epizentro horren muinak», editorearen esanetan. Hamalau urterekin idaztea hil ala biziko jarduntzat deskubritzen duen norbaiten ahotsak abiatzen du atal nagusi hau, neskaren aldera nola gerturatu ez dakien norbaiten ahotsak.
Idazle baionarraren esanetan, «pertsonen poemak» bildu ditu, «bizipen eta gorputzenak». Gorputz horiek batzutan sufritzen ikusten dira, «lurrikara horietan pairatzen», baina beste batzuetan «gozatzen». Hainbat omenaldi ere egin ditu, besteak beste Bitoriano Gandiaga, Jeanne Dielman, Mariupol edo Olot herriari.
Azken zazpi urteetan idatzitako poemak bildu ditu Itxaro Bordak liburu honetan, «munduko hainbat tokitan» sortu dituenak, horietako asko «hoteletan», non «beste ikuspuntu bat» lortzen duen, ohizko idazlekuetatik kanpo, bere kasuan, Pirinioetan asko ibiltzen dela onartu zuen.