«Herri literaturan bagaude pertsona multzo bat pretentsiorik gabe idazten dugunak»
Bertsopaperak, ipuin eta mikroipuinak, gutunak, poesia... Modalitate guztiak batuta, ehundik gora sari irabazi ditu Iñigo Legorburuk
nerea azurmendi
Larunbata, 5 ekaina 2021, 13:06
Iñigo Legorburu (Errenteria, 1976), ez da bere motako bakarra. Euskal Herrian zehar hainbat udal eta elkartek antolatzen dituzten bertsopaper, ipuin, gutun eta beste zenbait modalitateri eskainitako lehiaketen palmaresetan badaude maiz azaltzen diren izenak.
Gutxi dira, ordea, Legorburuk lortu duen maiztasunarekin agertzen direnak, literatur lehiaketak irabaztea baita bere afizioa, baita ezagun egin duen jarduera ere. Pozik dabil, beretzat garrantzitsua zen langa bat gainditu duelako, ehungarren sariarena, eta jaso gabe baldin badauzka ere badakielako zain daudela, bere izenarekin, 101.a, 102.a eta 103.a.
Martxa polita darama, gainera, 2001 urteaz geroztik Hernanin bizi den errenteriarrak, lehiaketaren batzuk bertan behera gelditu badira ere sariei dagokienez ez baitu igarri pandemiaren eragina. «Iaz hamar sari irabazi nituen, eta aurten, urte erdian, badaramatzat sei», dio, bere lorpenen kontulari zehatz bilakatuta. Bigarren erdia bide beretik badoa, baliteke ez geratzea «goia jo nuen urteetako errekorretik» urrun, 15 sari irabaztera heldu baita garairik emankorrenetan.
Norbaitek kontrakoa pentsa balezake ere, Iñigo Legorburuk ez ditu pisura balioztatzen bere idazlanak, ezta etxea betetzen dioten txapel, garaikur, domina, diploma eta gainerakoak ere. Idaztea garrantzitsua da beretzat, eta gauzak txukun egin dituela egiaztatzen duten oroigarri guzti horiek ere bai.
«Ez dut nire burua idazle bezala kontsideratzen, baina niretzat idaztea bada munduan egoteko modu bat»
«Batzuetan badago diru-saria, eta oso ondo etortzen da, baina askotan diplomatxo bat baino ez duzu jasotzen, eta berdin pozten zara»
«Ez dut nire burua idazle bezala definitzen –dio–, ez dut uste idazlea naizenik, baina niretzat idaztea bada munduan egoteko modu bat, eta naiz bakarra. Herri literaturan bagaude pertsona multzo bat pretentsiorik gabe idazten dugunak, lehiakide baino gehiago lagunak garenak».
Legorburuk herri literaturatzat jotzen duen horretan ibili den edo dabilen «multzoan badago saltoa eman duen jendea, beka bat lortu edo sari handiago bat lortu eta idazle 'konsagratu' bilakatu dena, baina gehiengoa bere horretan gelditzen da, frustrazio handirik gabe».
Motzean nahiago
Inoiz pasatu zaio burutik munta handiagoko proiekturen batean murgiltzea, baina ez du oraindik egin urratsa: «Beti dago hori hor atzean, behingoz hartzea urte osoko ahalegin bat, baina beti konklusioa izaten da bizitzaren etapa hau ez dela horretarako momentua». Unearen egokieraz haratago, ez da luzera handiko testuen zalea, laburretan hobeto moldatzen den «esprinterra» baizik. «Hamar orritik gorakoak kostatu egiten zaizkit, formatu motzean ibiltzen naiz gustura», dio.
Agian izango da bertsoa izan zuelako idazketarako sarbidea, eta gaur egun ere horixe duelako zaletasun nagusietako bat. «Bertso eskolan hasi nintzen, bat-batekoan, baina ez nintzen oso gai eta bertsopaperetara pasa nintzen, talde oso zorrotz batean. Zu agertzen zinen pozik etxean egindakoarekin, eta besteek ateratzen zizkizuten akats guztiak. Han ikasi nuen lan bat bukatuta dagoela uste duzunean hasten dela benetako lana», dakar gogora.
Bertsopaper lehiaketa bat izan zen halaber irabazi zuen aurrenekoa. «2000. urtean, Egiako Porrontxotan antolatu zutena. Bi urtez segidan irabazi nuen, eta engantxatu egin nintzen». Hala jarraitzen du, hainbat arrazoi tarteko: «Batzuetan badago diru-saria, eta oso ondo etortzen da, baina askotan diplomatxo bat baino ez duzu jasotzen, eta berdin pozten zara, dirua ez delako ezten bakarra».
«Aktibista» sarea
Lehiaketetan parte hartzen jarraitzeko arrazoietako batek bere zaletasun pertsonalak gainditzen ditu. «Jende asko dago honelako lehiaketei eusteko sekulako lana egiten duena», dio, eta uste du ikusgarritasun handirik ez duen «aktibista» sare horrek «guztion ahalegina merezi duela».
Erritmoa moteltzeko asmorik gabe, sariketen egutegiaren araberako agendari eusteko prest dago, ohiko diziplinarekin: «Egunero idazten dut. Gauero ordu erdi bat, oso intentsoa. Hori bai, egun osoan zehar ibiltzen dut buruan bueltaka ordu erdi horretan idatziko dudana».
Erlojuaren kontra baino, egutegiaren kontra egiten du lan, diziplina horri eusteko behar duelako «epemugaren presioa, entregaren ezten hori. Ni beti izan naiz gauzak bezperan entregatzekoa».
Hurrengo entrega-epeak markatuta dauzka, eta lana ere nahikoa organizatuta, honezkero ondo dakielako zenbat denbora behar duen idazlan bakoitzerako: «Bertsopaperekin hasten banaiz, sorta osatzen dut bizpahiru egunetan. Ipuin bat denean, astebete edo gehiago, bertsoak egiteko forma barneratuagoa daukadalako. Gutun bat, akaso gau batean».