Oholtzatik kanpo gertatzen dena jasotzeko bi liburu
Susa argitaletxeak Ganbila bildumaren 20 eta 21 zenbakiak aurkeztu ditu, Gotzon Barandiaranen 'Hildako haurra' antzerki-liburua eta Maddi Goikoetxearen 'Ura jaten' saiakera, hurrenez hurren
Antzerkia «ahalegin kolektiboa» izanik oholtza gainean jazotzen dena kontatzeaz gain oholtzatik kanpo gertatzen dena jasotzea ere garrantzitsua dela iritzita, Susa argitaletxeak EHAZE elkartearekin elkarlanean Ganbila bildumaren 20 eta 21 zenbakiak aurkeztu ditu, Gotzon Barandiaranen 'Hildako haurra' antzerki-liburua eta Maddi Goikoetxearen 'Ura jaten' saiakera, hurrenez hurren.
Barandiaranen lanaren baitan bi antzezlanen testuak topatuko ditu irakurleak. Lehenik oraindik taulara eraman ez den eta liburuari izena ematen dion obra. Esaldi batean laburtzekotan, honela azaldu du egileak antzezlana: «Durduzatzen gaituzten gertakarien aurrean sortzaile gisa egin dezakegunak asebetetzen ez gaituenean bizi dugun barne gatazka». Antzezlanaren « muinean eta minean» irudi bat, poema bat eta bizipen jakin bat daudela adierazi du: Aylan Kurdi haur migrantea, jantzita eta hauspez, ur ertzean itota; Bernardo Atxagaren 'Markak: Gernika 1937' poema-liburuan jasotakoa eta idazleak berak 2019an Zaporeak elkarteari esker Lesboseko kanpamentuan bizitakoa, sukaldean prestatutako janaria banatzerakoan. «Anoak banatzerakoan 'thank you' entzuteak apurtu ninduen. Ez dut horrenbesteko lotsa eta tristurarik inoiz sentitu», xehatu du.
'Hildako haurra'
-
Egilea: Gotzon Barandiaran.
-
Estiloa: Antzerkia.
-
Orrialde-kopurua: 102.
-
Prezioa: 12 euro.
Jarraian, 'Besaulkiak', Ander Lipusen zuzendaritzapean Abarka taldeak taularatu duena. Egilearen esanetan oso prozesu ezberdinak izan dituzte eta bigarrenekoa, kolektiboagoa izan dena, oso aberasgarria suertatu zaio. Izan ere, aurkeztu zuen eta abiapuntu izan zen lehen testu hartatik beste 13 bertsio atera ziren taularatu aurretik.
Honen bitartez, Barandiaranen hitzetan, idazlea ohartu egiten da bere lana «ez dela aldaezina, moldagaitza, perfektua, eternoa. Ez diola heriotzari itzuri egin beharrik» eta berridazte prozesua «apaltasun ariketa itzela» dela. Gainera, obrak berak lantzen dituen erosotasuna eta erosokeria lehen eskutik bizi ditu. «Idazketa prozesu hark biak sentiarazi zizkidan. Nik horren bikain idatzitako lehen testu hura behin eta berriz moldatu beharrak sortu zidan erosokeriatik, amaieran modu kolektiboan idazteak plazerrarazi zidan erosotasunera iritsi nintzen», azaldu du.
Hala, bi prozesuak alderatuta, egunerokoan bestelako genero literarioak jorratzen dituzten idazleentzat esperientzia «guztiz gomendagarria» dela ondorioztatu du.» Antzerki talde batekin batera idaztea hasiera-hasieratik da ariketa kolektiboa».
Prekaritatea mahai gainera
Bestelako abiapuntu bat izan zuen astearte honetan aurkeztutako bigarren lanak, Maddi Goikoetxearen 'Ura jaten' saiakerak. Proposamena egileak berak aurkeztu zuen, baina testuaren oinarria bestelako ikerketa batek ekarri zuen. «Euskal Herriko euskal antzerki eskolen direktorio bat egitea zen asmoa, 10 galdera planteatu nituen eta azkena zen 'zeintzuk dira dituzun zailtasunak eta desafioak'. Prekaritatea, lan baldintza kaskarrak, ziurgabetasuna eta babes falta izan ziren emaitza komunak». Hartatik artikulu bat jaio zen, ikerketak forma hartu eta susmo bat sortu zitzaion, « gizartean zerutik etorriko balitzaigu bezala eta zalantzan gehiegi jarri gabe jaten dugula kulturatik ezin dela bizi». Hau da, egoera ez dela «ausazkoa» eta sektoreko prekaritatea «gizartearen gaixotasunaren sintoma» dela. Izan ere, Goikoetxearentzat «gizartea gaixo dago pentsatzen duelako kultura eta arteak ez duela garrantzirik».
Uste horretatik etorri zitzaion «prestigio sozial» kontzeptua, saiakerako hipotesiaren oinarri dena eta egindako elkarrizketetan «zalantzagarria izan dena». Honi buruz eta euskal antzerkiaren egoeraz mintzatu da Ximun eta Manex Fuchs, Eneritz Artetxe, Ander Lipus, Amancay Gaztañaga, Goizane Barroso, Ainara Gurrutxaga, Marise Urruti, Ixabel Etxeberria, Monika Torre, Garazi Lopez de Armentia, Idoia Zabaleta, Amaia Gabilondo, Rita Naveira, Koldo Zelestino eta May Gorostiagarekin. Gehiago ere izan dira itaunduak, baina kanpo geratu dira.
'Ura jaten'
-
Egilea: Maddi Goikoetxea.
-
Estiloa: Antzerkia.
-
Orrialde-kopurua: 246.
-
Prezioa: 15 euro.
Guztiekin kontrastatu du «antzerkiak prestigio soziala ez duen bitartean prekaritatera kondenatua dago» hipotesia.
Ganbila 2019 urtean jarri zen martxan «euskal teatroaren argazki garaikide» bat egiteko, «oholtzan, oholtzara iritsi nahian eta oholtzaren inguruan gertatzen denaren argazki eguneratuaren falta genuelako» bai sektorearen zein literaturaren ikuspegitik. Ordutik 21 lanetan eduki mota asko plazaratu ditu Susak eta EHAZEk bultzatutako ekimenak, eta «antzerki obra gehiago» Oier Guillanek zehaztu bezala eta astearte honetako 'Hildako haurrak' erakusten duen bezala.
Etorkizunari begira argazkia eguneratzeko asmoa azaldu du Guillanek, asko egiteko dagoelako. Ildo horretan, azkenaldi honetan bilduma.eus webgunea berritzeko lana azpimarratu du bildumako editoreak, hainbat atal gehituz eta paperera heltzen ez den material mordoa pilatuz, kritikak, edo elkarrizketak, besteak beste.