Liburuek, luze zein laburrek, eleberri, saiakera, komiki edo poesia izan, Landako gunea bere egingo dute beste urtebetez. Erakusmahaietan atzo mugimendu asko izan zen eta gaur azken ukituetara unea izango da. Félix Morquecho

Eleberri laburragoak moda iragankor ala geratzeko etorri diren

Kontatzeko moduek, trama baino pertsonaia edo giroak lantzeak, eta kritikak errealismo garaikidea «prestigiatzeak» eragina izan dezake, baina joera dela esateko goiz dela uste dute editoreek. Egun 'Martutene' bat posible da?

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 4 de diciembre 2025, 06:50

Hizkuntza aldagai oso berezia bada ere, eta analisiak egiterakoan ahaztu ezin den faktorea izanik, euskal literatura ez da isla bat. Inguruko kultur sistemetan emandako aldaketek, joerek edo korronteek eragina dute, batzuetan urte batzuk beranduago. Hala izan zen poesia soziala deitu zenarekin edo berriki nobela historikoen edo beltzen kasuan. Azken boladan, eleberriak laburragoak ote diren-edo, Xabier Mendiguren eta Uxue Razquin Elkar eta Ereingo editoreen iritziak bildu ditugu.

Publicidad

«Angeluhandiko perspektibarekin» edo «zoom horietako batekin» urruti samarrera begiratuz gero, 70eko edo 80ko hamarkadara esaterako, egun liburuak orduan baino luzeagoak direla dio lehenak, garai hartan «100 orrialderen bueltakoak» zirelako nagusiki eta «liburu potolo bat notizia, harrigarria». Gerora, 2000 urterako, neurri estandarragoetara gerturatu ziren eleberriak, nahiz eta hala ere «inguruko kulturetakoak baino laburragoak» izan, 200 ingurukoak. Ordutik joerak luzatze aldera jo dute eta lan oso mardulak izan dira, besteak beste Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene' (Erein) 784 orrialderekin.

Euskal literatura modernoaren hastapenetan labur izateko arrazoien artean aipatzen ditu Mendigurenek irakurleen ohitura falta, idazleek lan sakonagoak egiteko denbora nahikoa ez izatea, industria kulturala nahiko eskasa zela... Eta, 50 edo 60 urte beranduago denbora izan daiteke faktoreetako bat Razquinentzat, irakurleen helburuak, zer bilatzen duen, eragina baitu. «Denbora eta arreta falta dira nire ustez arrazoi nagusienak. Ez dugu denbora askorik gure egunerokotasunean irakurtzeko eta irakurtzen dugunean sarritan beste gauza batzuk egiten ditugu aldi berean: musika entzun, mugikorra hartu Instagram begiratzeko tarteka… Gaur egun pausatze hori egitea zailagoa da. Eta uste dut ulermena ere faktore erabakigarria izan dela azken urteotan liburuak motzagoak egiteko». Hori dela-eta, 'Martutene' bat zailagoa dela uste du. Hori bai, biek argi diote ez dagoela kontrako irizpiderik argitaletxeen aldetik. Hor da esaterako formatu handian argitaratu den Mikel Sotoren 'Mirande: herriminez, ezin-minez' saiakera, 600 orrikoa. Ereinen kasuan itzulpenak dira luzeenak, 'Lorik egiten ez dutenak. NASH' (600) eta Evelyn Hugoren zazpi senarrak (448). Laburrena azken urteotan Pello Lizaralderen 'Lanbroa' (88).

Ildo horretan, hipotesi modura mahai-gaineratzen du Mendigurenek «kontatzeko moduek» eragina izan dezaketela, nahiz eta «ez den guztiz tangiblea». «Liburu luze batean trama oso garrantzitsua da, tramarik gabe 100 orritan-edo kontakizunari eutsi diezaiokezu, baina 400 orri tramarik gabe... Nora doa istorioa? Girotzea egin duzu, pertsonaiak aurkeztu... Baina istorioa kontatu behar du idazleak, bestela ez du zentzurik luzatzeak». Hala, azken boladan kaleratu diren hiru eleberri aipatzen ditu, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria' (Susa), Miren Amurizaren 'Pleibak' edo Benidormen girotua zen Lizar Begoñaren 'Mundu zitalaren kontra' (Elkar), «aski interesgarriak», eta «bizkarrezur narratiboa osatuko lukeen hainbat gertakari edo trama sendoa» baino, «girotzea eta pertsonaiak oso garrantzitsuak» dituena. Ez dio gabezia bezala, are goraipatu egiten du. «Nabari da ondo pentsatua dagoela, nahita egina dela».

Antzeko hausnarketa egiten du Razquinek, egun «kritikak gehien prestigiatzen» duen generoa «errealismo garaikidean kokatzen den literatura, eguneroko bizitzari lupa batekin begiratzeko joera daukana, batzuetan anekdotikoa ere badena» dela eta, beraz, idazle gehienek hori jorratu nahi dutela. «Molde horrekin ez da erraza liburu luzeak egitea. Ezinezkoa ez da, baina arraroagoa litzateke hortik nobela luzeak ateratzea narrazio laburrak edo nobela laburrak baino».

Publicidad

Ipuin / eleberri muga

Era berean aipa litezke ipuin-bilduma eta eleberri artean kokatu diren hainbat -Unai Elorriagaren 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' (Susa), Uxue Alberdiren 'Hetero' (Susa), Aintzane Usandizagaren 'Zomorrotu', Ainhoa Urienen 'Ehun zaldi trostan'- edota eleberri eta saiakera arteko mugan dagoen Beñat Sarasolaren 'Coca Cola bat zurekin' (Susa) zein kronikatik gertu koka daitekeen Jule Goikoetxearen 'Politeismo bastarta' (Susa). Danele Sarriugartek esan zuen bezala «joera batzuekin elkarrizketan» daudenak. «Ez dakidana da bolada bat den, justu idazle batzuk ari diren inbestigatzen eta bolada bat den, geratuko den... Ez naiz ausartzen esaten bai ala ez, baina badaukat sentsazioa jendea bestelako gauzak egiten eta argitaratzen ari dela».

Bestelako literaturetan eleberri beltzak edo mardulak eman dituztenetan ere, ohikoagoa da laburrak izatea euskaraz. Gaztelaniaz esaterako Ibon Martínen liburuek 500 eta Dolores Redondorenak 600 orri izan ditzakete, Touré bildumak edo 'Calvalho Euskadi'-n bezalakoak urruti geratuz. «Neurri estandarretara hurbiltzen dena Alberto Ladron Arana da», dio Mendigurenek. Arrazoi posible bezala aipatzen du salmenten kopurua. «Eskasagoak dira eta agian pentsatuko dute 'egongo naiz ni 4 urte nobela potolo bat idazteko gero irakurleak 1.000 badira?'. Ez dakit kontzienteki edo inkontzienteki, baina agian trama sinplifikatu eta hainbesteko dedikazioa eskatzen ez duena egiteko. Gure merkatuaren neurri txikiak eragina izan behar du ezinbestean obren tamainan».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad